Koronabirusa

COVID-19ak Hegoaldeko zahar etxeetako egoiliarren %4 hil ditu

Martxoaz geroztik, 1.030 egoiliar hil dira Hego Euskal Herriko egoitzetan. Bigarren olatua hasi denetik, Bizkaiko egoitzetan koronabirusak hil dituen egoiliarren kopurua %25 hazi da

COVID-19ak Hegoaldeko zahar etxeetako egoiliarren %4 hil ditu.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Martxoan COVID-19 gaitzak eragindako pandemia hedatzen hasi zenetik, fokua behin eta berriro egon da zahar etxeetara begira. Eta ez da gutxiagorako, gaur egunera arte Hego Euskal Herrian koronabirusak eragin dituen hamar heriotzatik lau adinekoen egoitzetan izan baitira. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, COVID-19aren ondorioz, 2.629 pertsona hil dira denbora tarte horretan, eta horietatik 1.030 zahar etxeetan zendu dira. Areago, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako egoitzetan 23.600 egoiliar inguru daude, eta koronabirusak hil ditu horien guztien %4,3. Adinekoen artean gaitzak eragin duen kolpea zenbatekoa den erakusten du.

Lau lurraldeen artean, ordea, koronabirusak eragin ezberdina izan du. Arabako zahar etxeetan izan du intzidentziarik handiena, egoiliarren %6 hil baitira gaitzak jota martxoaz geroztik. Arabako egoitzek 158 heriotza dituzte: kopuru absolutuetan, zenbateko txikiena. Baina proportzioan eragin handiagoa izan du, 2.600 egoiliar baitaude egoitzetan. Eragin handiena izan duen hurrengo lurraldea Nafarroa da, 6.000 egoiliarren %4,8ren heriotza eragin baitu —293 denera—. Zahar etxeetan dauden 5.000 adinekoen%4 hil dira Gipuzkoan —200 guztira—, eta Bizkaian dauden 10.000tik %3,6 —hau da, 365—.

Bizkaiko egoitzetan izan du intzidentzia txikiena gaitzak, heriotzei dagokienez. Baina pandemiaren bigarren olatuak gogorren jo duen herrialdea ere bada. Abuztu erdialdetik 73 egoiliar hil dira Bizkaiko egoitzetan, eta %25 egin dute gora heriotzek. Gipuzkoan %15 handitu da hildakoen kopurua, 31 kasu gehiagorekin, eta %11 Araban, 18 heriotzarekin. Hazkunde txikiena Nafarroan izan da: %8 hazi da, eta 24 egoiliar hil dira.

Lurraldekako zenbakiok Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Nafarroako Gobernuak emandako datuekin osatu ditu BERRIAk. Hegoaldeko zenbaketa orokorra egiteko, ordea, Eusko Jaurlaritzak emandakoak baliatu ditu: Legebiltzarrean egindako eskaera bati erantzunez, zahar etxeetako egoeraren datuak eman baitzituen gobernuak. Ekainaren 21 arteko datuak dira, eta hortik aurrerakoak argitaratu gabe daude. Bi zenbaketa horiek ez datoz bat; bere garaian diputazioek emandako datuak eta Jaurlaritzak emandakoak ez dira igual-igualak, eta litekeena da BERRIAk ez eskuratzea argitaratutako datu batzuk; horregatik, Jaurlaritzaren datuak erabilita, 1.030 heriotza agertzen dira urriaren 13 arte, diputazioen datuak batuta baino hamalau heriotza gehiago

Egoitzetan hildakoen %30

Hego Euskal Herriko zahar etxeetan koronabirusak izan duen eragina neurtzeko beste datu bat ere kontuan har liteke. Martxoaren 8tik ekainaren 21era, lau lurraldeetako zahar etxeetan denera 2.690 egoiliar hil ziren, eta horietatik 880 koronabirusaren eraginez. Hau da, pandemiaren lehen olatuak iraun zuen bitartean, egoitzetan hildakoen herenak COVID-19 gaitzaren ondorioz hil ziren.

Ekainera arte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egin zituzten zenbaketetan beste aldagai bat ere hartu zuten kontuan: COVID-19 gaitzaren antzekoak ziren sintomekin hil ziren egoiliarren kopurua. Pandemiaren hasierako hilabeteetan zahar etxeetan gaixotu ziren egoiliar guztiei ez zizkieten PCR probak egin, eta, horregatik, koronabirusaren antzeko sintomekin hil zirenak ere erregistratu zituzten. Ekainaren amaiera arte egin zituzten zenbaketa horiek, eta gisa horretako 91 kasu bildu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zahar etxeetan; 164, berriz, Nafarroakoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.