Koronabirusa

Dudak ez du itzali borondatea

Osasunbidea eta Osakidetza berriz hasi dira AstraZenecaren txertoa jartzen. Hautsak harrotu dira haren ustezko albo kalteen harira, baina jendea joan da berriz jartzera.

Erizain bat, emakume bati AstraZenecaren txertoa jartzen, Iruñeko Refena aretoan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun

Txertaketa eguna den aldiro, kronometroaren hotsak zehazten du erritmoa Iruñeko Refena aretoan. Ordu laurdenero jotzen du erlojuak. Txertoa hartu, hamabost minutuz eserita itxaron, piii aditu, eta orduan ematen diete alde egiteko baimena dosia jaso berri duten pertsonei. Hala, ia etengabean izaten dira joan-etorriak txertaketa gunean; azken astean salbu. AstraZenecaren txertoaren albo kalteeen harira sortutako zalantzen ondorioz, haren txertaketa prozesua geldirik izan da zenbait egunez Euskal Herrian. Iparraldean, lehengo ostiralean jarri zuten berriz ere martxan; Hegoaldean, atzo.

Etenaldiaren ondoko lehen egunean, giroa isilik da Refenan. Jende gutxi dabil aretoan barna; are gehiago, militarrenak dira zapata hots bakarretakoak. Mantso dabiltza alderik alde, ingurua ikuskatzen. Halako batean, ordea, ziztuan igaro da korridoretik Maria Adot Esarte, txertoaren laginen lantaldeko koordinatzailea.

Adot Esartek azaldu duenez, iragan egunetan arretaz aditu ditu txertoari buruz esan diren guztiak. Horregatik, badaki horiek zer nahasmen eragin duten, baina sinetsia dago ez dutela askorik nabarituko txertatzeko orduan. «Normala denez, sortu dira zalantzak, baina lehendik txertatu nahi zuenak hala nahi du oraindik ere», adierazi du.

Aretora joan direnek baieztatu egin dute koordinatzailearen ustea. «Pozaren pozaz etorri naiz txertoa hartzera; konfiantza osoa dut ebidentzia zientifikoan». Dosia jaso berritan esan ditu hitzok Maria Eugenia Orozek. Gainerakoek egin bezala, kronometroaren hotsa aditu arte itxaron du aretoko aulkietan eserita. «Ni oso lasai nago. Irrikan nintzen».

Ondoko aulkian eseri zaio Beasaingo (Gipuzkoa) Amaia Orbegozo. Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Altsasuko (Nafarroa) Iñigo Aritza ikastolan, eta, asteetako itxaronaldiaren ondotik, gaur ailegatu zaio txanda. Kontatu duenez, txertoaren albo kalteen inguruan sortutako iskanbilak ez du baldintzatu dosia hartzeko borondatea: «Hasieratik izan dut argi jaso nahi nuela; ez dit batere eragin». Ez du beldurrik, ezta aparteko estuasunik ere. «Esan didate zerbait igartzen badut hartzeko parazetamola. Horrekin aski».

Lasai egonik ere, irakasleak onartu du gizartearen kezka «bistakoa» izan dela AstraZenecaren txertaketa kanpaina etenik izan den egunetan. «Nire lankideetako batzuek dagoeneko hartua zuten lehen dosia, eta galdera mordoa sortu zitzaizkien bat-batean: jarriko zieten bigarren dosirik? Hala bazen, noiz?», kontatu du Orbegozok. Haren iritziz, jendea ziurgabetasunak hartua izan da, «beldurrak baino gehiago».

Prozesua trabatu ez dadin

Arrapaladan iritsi da Rosa Mari Cerdan. Haren esanetan, Osasunbidekoek egun bereko goizeko bederatzietan deitu diote hitzordua emateko, eta, beraz, azkar batean egin behar izan du bidaia txertoa jartzeko tokira.

Pozik, baina kritiko da Cerdan: «Ezagutzen dut atzera egin duenik. Zilegi da, baina arazoa da zenbait prest daudela beste txertoak jartzeko, AstraZeneca ez den bitartean: ez da zentzuzkoa. Itxaron zerrendan azkenak egon beharko lukete horiek».

AstraZenecaren txertaketa berriz ere martxan, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek esan du kanpaina «erritmo onean» dela, eta beste iragarpen bat egin du: Aste Santuaren ondotik hasiko dira 70-79 urte artekoak txertatzen. Moderna eta Pfizer konpainiek egindakoak izango dira haientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.