Albistea entzun

Koronabirusa

Txertoaren albo kalteak, ibuprofenoarenen pare

AstraZenecaren txertoaren gaineko dudak ugaritu egin dira azkenaldian, Europan azaleraturiko odolbildu kasuen eraginez. Hala ere, antzeko albo ondorioak ikus daitezke sendagai oso ohikoen prospektuetan.
AstraZenecaren txertoaren zenbait dosi, artxiboko irudi batean.
AstraZenecaren txertoaren zenbait dosi, artxiboko irudi batean. PIROSCHKA VAN DE WOUW / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2021eko martxoak 24

Ez dira fio. Herritar askok zeharka begiratzen diete COVID-19aren aurka orain arte baimendu diren txertoei. Mesfidantza eragin dute sendagai berriek, eta, denen artean, Oxfordeko Unibertsitateak eta AstraZeneca enpresak ekoiztutakoak sortu du ezinegon handiena. Lehengo astean, Europako herrialde ugarik bertan behera utzi zituzten txerto horiekin egindako txertaketak, zenbait herrialdetan azaleratutako odolbildu kasu gutxi batzuen ostean. Euskal Herrian ere etenda egon zen prozesua; Ipar Euskal Herrian, asteburuan hasi ziren berriro jartzen, eta Hegoaldean, berriz, gaur dira martxan jartzekoak.

Atzo, Emer Crookek, EMA Sendagaien Europako Agentziako zuzendariak, berretsi zuen txertoa «segurua eta eraginkorra» dela eta osasun arazo horiek agertzeko arriskua, berriz, «oso apala». Hala ere, gaineratu zuen «ikerketa gehigarri bat» egin beharko dutela albo kalte posible guztiak argitzeko, eta, hortaz, ezin dela guztiz baztertu txertoaren eta odolbilduen arteko lotura.

Adierazpen horiek zalantzak hauspotu dituzte atzera ere, baina zer gertatuko litzateke lotura hori baieztatuko balitz? Konfirmatuko balitz AstraZenecaren txertoak tronbo arraro batzuk sor ditzakeela kasuen ehuneko oso txiki batean —orain arte azaleratutako odolbildu kasuak aintzat hartuta, %0,0006 inguru—, bertan behera geldituko litzateke txertoa merkaturatzeko baimena? Erretiratu beharko lukete? Bada, ziurrenik, ez.

Nahikoa izanen litzateke prospektuan ohar txiki bat gehitzea, arrisku hori zehaztuz. Izan ere, horiek baino albo ondorio larriagoak dituzte mundu osoan egunero erabiltzen diren sendagai askok: antiinflamatorioak, antihistaminikoak, loa eragiteko pilulak, antisorgailuak... Nahikoa da horien guztien oharrak irakurtzea AstraZenecaren txertoaren «arriskuaren» benetako tamaina ulertzeko. Hauek dira gizarteak kalapita handirik gabe onartu dituen eraginetako batzuk.

MAIZTASUN HANDIKOAK
Nekea, buruko mina eta goragalea: eraginik arruntenak

Oxford-AstraZeneca txertoaren prospektuan jartzen duenez, sendagai horrek «maiztasun handiz edo oso handiz» eragin ditzake «nekea, buruko mina, goragalea, hotzikarak, sukarra eta giharretako mina». Txerto gehienek eragiten dituzten albo ondorioak dira, baina baita beste sendagai askok ere; besteak beste, haurdun ez geratzeko pilulek. Horiek, gainera, «buruko mina, hilekoan aldaketak eta depresioa» ere eragiten ahal dute maiztasun berarekin —kasuen %10etan—, prospektuaren arabera.

Errezetaren beharrik ez duten sendagaietan ere ikus daitezke halakoak. 400 miligramoko ibuprofeno pilulen kasuan, esaterako, albo ondorio hauek aipatzen dira «ohiko» gisa: urdail-hesteetako odoljarioak, odola oka edo kaka egitean, zorabioak, nekea eta beherakoa.

MAIZTASUN TXIKIAGOKOAK
Logalea, izerdia eta azkura, ehun kasutik behin

COVID-19aren aurkako txertoaren kasuan, maiztasun txikiagoko albo kalteak dira ganglio linfatikoen hantura, izerdia, logalea, azkura eta pruritoa. Ehun kasutik behin atzeman dira halakoak.

Maiztasun berarekin, antzeko albo ondorioak eragiten dituzte, esate baterako, loa errazteko botikek. Edozein farmaziatan eros daitezke, errezetarik gabe. 25 gramoko doxilamina pilulek, adibidez, hantura eragin dezakete beso-hanketan eta, horrez gainera, baita «hipotentsioa, doble ikustea eta arnasa hartzeko arazoak» ere.

EZOHIKOAK
Antisorgailuek eragin ahal dituztenak baino arinagoak

Sendagaiak arautzeaz arduratzen diren organismoek ondorio «ezohiko» edo «arrarotzat» dituzte mila kasutik behin atzematen direnak. Asmaren aurkako inalagailu batzuen oharretan, adibidez, «zehaztu gabeko maiztasunarekin azaleratu diren ondorioak» aipatzen dituzte: bronkoespasmoa —arnasbideetako giharren uzkurtzea— eta bihotz taupaden erritmo irregularra dira horietako bi. Antisorgailuen kasuan, berriz, albo kalte «ezohiko» hauek aipatzen dira: «Odolbilduak hanketan, biriketan, urdail-hesteetan, giltzurrunean, gibelean edo begietan; bihotzekoa eta iktusa». AstraZenecaren txertoaren prospektuan ez da halako efekturik zehazten, eta, baieztatuko balitz ere buruko odolbilduen kasuak txertoarekin lotura dutela, maiztasun askoz txikiagoko ondorioak lirateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Haize errotak, Elgeako parke eolikoan. ©ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA

Berriztagarrien argi-itzalak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Eusko Jaurlaritzak lau parke eoliko eraiki nahi ditu Araban, baina desadostasunak eragin ditu energia berriztagarrien eredu horrek. Nafarroan, «eztabaida irekia» eskatu dute halako proiektuen inguruan

Suhiltzaileek zabalduriko irudia. ©Nafarroako Suhiltzaileak

Irati ibaian hilda agertu da Agoizko herritar bat

Berria

Foruzaingoa ikertzen ari da afera. Hildakoak Parkinsonen gaitza pairatzen zuela zabaldu dute.

Ertzaintzaren kontrol bat, Gasteizko irteeran. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Intzidentzia 400dik gorakoa da Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan

Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz Arantxa Iraola

Bilbo eta Gipuzkoa itxiko dituzte, eremu gorrian sartu ostean. Positibo tasa %8,9 da Hegoaldean. Ostalariek helegitea jarriko dute, baina, Urkulluren esanetan, oraindik ezin dira neurriak arindu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna