Kalteberatasunera kateatuta

Salerositako eta prostituziora behartutako andreak artatzean erakundeek dituzten zailtasunak jaso dituzte ikerketa batean. Ikuspegia zabaltzeko eskatu dute.

Itziar Gandarias (hizketan) eta Nerea Layna ikerlariek aurkeztu zuten atzo salerositako andreen artari buruzko txostena. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Konplexutasuna etengabe dute ahotan sexu esplotaziorako salerosketaz mintzatzen diren adituek: ez da erraza jaioterritik engainuz ekarritako eta prostituziora behartutako emakumeak atzematea, identifikatzea, artatzea eta laguntzea. Prozesu horiek aztertu dituzte Deustuko Unibertsitateko ikertzaile Itziar Gandariasek eta Nerea Laynak, eta zailtasunei eta beharrizanei buruzko txosten bat aurkeztu zuten atzo, Bizkaiko Foru Aldundiak gaiaz antolatutako jardunaldi batzuetan. Erakundeen esku hartzeak diseinatzean, ikuspegia zabaltzeko premia nabarmendu zuten: «Indarkeria molde ugari gurutzatzen dira. Emakume hauek ez dira entitate sozialetara iristen salerosketaren biktima direla esanez, baizik eta beste arazo eta eskaera batzuekin, batez ere haien egoera irregularrarekin lotuta. Garrantzitsua da salerosketaz dugun ideiaren denbora lerroa zabaltzea: oso andre kalteberak dira, salerosketa egoeretatik atera ondoren ere».

2017an eta 2018an eginiko txostenaren jarraipena da atzo aurkeztutakoa, «osoagoa eta sakonagoa». Gandariasen hitzetan, salerositako andreen soslaia «aldakorra» da hainbat adierazletan: «Duela bost urte, Nigeriakoak ziren gehienak, eta oso gazteak, baina orain nigeriarrek beste bide batzuk hartu dituzte, eta Saharaz hegoaldeko beste herrialde batzuetatik etortzen dira, eta Latinoamerikatik; azken horiek zaharxeagoak dira (30-40 urte), sarri unibertsitate ikasketak dauzkate, eta seme-alabak dituzte zaintzapean».

Salerosketaren abagunea, ordea, ez da hainbeste aldatu. Indarkeria matxista modu bat dela oroitu du Gandariasek: «Egiturazko kausak genero desberdintasunean oinarritzen dira, baina badira salerosketaren alde jokatzen duten beste hainbat faktore: pobreziaren feminizazioa, genero indarkeria bera, lan eta hezkuntza aukerarik eza, gatazka armatuak, krisi humanitarioak...». Bide horretan, nabarmendu du fenomenoak «lotura handia» duela migratzeko bide segururik ez edukitzearekin: «Sarri, migrazioari salerosketa sareen bidez ekitea beste aukerarik ez dute emakumeek eta neskek».

Pandemiaren ondorioz, andre gutxiago iritsi dira, baina jada hemen zeudenak okerrago daude: «Zirkuitu ezkutuagoetan ibili behar izan dute: gutxiago klubetan eta gehiago etxeetan edo alokatutako logeletan, atera ezinda, bakartuta, drogak kontsumitzera behartuta... horrek osasunean duen eraginarekin». Erakundeen eta gizarte entitateen esku hartzea ere aldatu egin da itxialdien harira: «Eredu asistentzialista lehenetsi behar izan dute, oinarrizko beharrizanak bete ahal izateko: jatea eta alokairua pagatzea».

Zailtasunak esku hartzean

Harago doaz emakume horiekiko esku hartze prozesuetan topatu dituzten zailtasunak. Laynak azaldu du «inbutu» bat gertatzen dela andreen kontakizunetan salerosketa zantzuak antzematen dituztenetik aurrera: «Detektatzen dituzten guztiak ez dituzte gero identifikatzen. Batetik, entitateek detektatutako guztiek ez dutelako salerosiak izatearen kontzientziarik, edo salaketa jartzeko beldur direlako. Eta, bestetik, poliziek ez dutelako froga nahikorik andreak identifikatzeko, edo emakumeen kontakizunak ez datozelako beti bat polizien betekizunekin». Eta bada beste inbutu bat epaitegietan: «Oso zigor gutxi ezartzen dute. Katalunian egiten ari diren ikerlan baten arabera, epaien %40 inguruk emakumeak zigortzen dituzte: oso zaila da salerosketaren hariak mugitzen dituztenak identifikatzea, eta, aldiz, oso erraza etxe bat kudeatzen duen mami-a seinalatzea».

Horrez gain, entitateen kezkak jaso dituzte txostenean. Dokumentazio falta izaten da buruhausteetako bat: «Denak daude egoera administratibo irregularrean: oinarri horren gainean pilatzen dira gainerako kalteberatasunak». Laynak gogora ekarri du paperak beharrezkoak dituztela errolda eskuratzeko, eta, horrekin batera, beste oinarrizko eskubide batzuk. «Baina zaila da pasaporte bat lortzea identifikatzeko modurik ez dagoenean edo jaiotze agiririk eskatu ezin denean». Gizarte laguntzak eskuratzea ere oso zail dute: «Ez dituzte eskakizunak betetzen: errolda epe bat eskatzen dute gehienek».

Bide horretan, gizarte entitateek erakunde publikoei proposatu diete salerosketaren biktimei genero indarkeria jasan duten andreen tratu bera ematea, izapideak errazteko, eta prozesu judizialetan dauden antzekotasunak kontuan hartzeko. Emakume horien premien arabera malgu jokatzeko beharra ere nabarmendu dute entitateek, eta horregatik eskatu dute etxebizitza baliabideak zuzenean kudeatu ahal izatea. Baina, ororen gainetik, begirada aldatzea galdegin dute: «Detektatutakoengan fokua jarri, salatzea ez dadin beharrezkoa izan. Eta ikuspegia zabaldu: konplexutasunera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.