Pandemiaren bukaerak bizkortu egin du auzitegietako jarduna

EAEko eta Nafarroako Fiskaltzen txostenen arabera, delitu kopurua igo egin zen 2021ean. Hala ere, pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta, ez dago aldaketa handirik. Kezka dago gazteen inguruan

Bakartxo Tejeria eta Carmen Adan, atzo, Eusko Legebiltzarrean. LEGEBILTZARRA.
Gotzon Hermosilla - Irati Urdalleta Lete
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko epaitegietan lanpeturik ibili ziren 2021ean. Hori ondorioztatzen da EAEko eta Nafarroako Fiskaltza Nagusien 2021eko txostenei erreparatuta. Jarduerak bizkortu egin ziren: aurretiazko izapideak, presazkoak, delitu arinengatik egindako epaiketak eta sumarioak ugaritu egin ziren aurreko urtearekin alderatuta. EAEko Fiskaltza Nagusiak atzo aurkeztu zion urteko memoria Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteari. Eusko Legebiltzarrak azaldu duenez, «gaurkotasun judizialeko eta politikoko hainbat gairi buruz» ere hitz egin dute, baina ez dute beste xehetasunik eman.

Jarduna areagotu izanak, ordea, ez du esan nahi 2021ean lehen baino askoz delitu gehiago egin zirela. Fiskaltzek txostenetan diotenez, auzibide eta jardueren ugaritze horren arrazoietako bat pandemiak ekarritako egoera da. Bi modutan, gainera: batetik, 2020an delituen apaltzea eta epaitegietako jardunbideen murriztea ekarri zuen itxialdiak, eta, itxialdia amaituta, pandemiaren aurreko egoerara itzuli dira datu horiek; bestetik, 2021ean justizia administrazioan ahalegin bat egin zuten itxialdian galdutako denbora berreskuratzeko, eta, horren ondorioz, epaiketak eta auzibideak ugaritu egin ziren.

DELITU KOPURUA

Aurretiazko izapideak %6,68 handitu ziren Hego Euskal Herrian aurreko urtearekin alderatuta; presazko izapideak %27,71 gehiago izan ziren, delitu arinengatik abiarazitako auzibide kopurua %12,03 igo zen, eta sumarioak, berriz, %16,99 handitu ziren.

Datu horiek ikusita, eman lezake delitu kopurua emendatu dela, baina ñabardurak egin behar zaizkio baieztapen horri. Delitu larriei dagokienez, giza hilketen kasuek behera egin dute ia herrialde guztietan. Eta delitu arinetan, igoera dago 2020tik, baina ez pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta. Nafarroako Fiskaltzak, esaterako, azaldu du sanferminak eta herrietako festak 2020an bertan behera utzi izanak zerikusia izan duela, «orduan egiten baitira delitu arin gehien».

INDARKERIA MATXISTA

Indarkeria matxistari ere erreparatzen diote EAEko Fiskaltzaren eta Nafarroakoaren urteko memoriek. Etxeko indarkeria eta genero indarkeria. Lesioak eta familiako tratu txarrak atalean jaso dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak, eta gorabehera gutxi ikusten dira: 2020an, 3.161 delitu erregistratu zituzten, eta 2021ean, 3.177. Sexu askatasunaren aurkako delituei dagokienez —abusuak, sexu erasoak, jazarpenak...—, aldiz, igoera bistakoa da: mota horretako delituak %36 igo dira —2021ean, 929 izan ziren; 2020an, berriz, 682—.

Aparteko kezka sortzen dute adin txikikoei egindako erasoek. Bizkaian, esaterako, 16 urtetik beherakoei egindako sexu abusuen 44 kasu erregistratu dituzte, 2020an baino 32 gehiago. Nafarroan, berriz, mantendu egin da sexu askatasunaren eta ukigabetasunaren aurkako delitu kopurua: 466 prozedura zabaldu zituzten iaz, eta 464 2020an. Nafarroako Fiskaltzak ere nabarmendu ditu 16 urte baino gutxiago dituztenei egindako erasoak: hamalau bortxaketa erregistratu zituzten iaz, baita bestelako 40 sexu abusu ere.

KEZKA GAZTEEN INGURUAN

Txostenetan jasotzen da 2020tik ugaldu egin direla gaztetxoek eta adin txikikoek egindako delituak, nahiz eta, pandemiaren aurreko egoerara joz gero, aldaketa hain handia ez izan. Edonola ere, nabari da kezka dagoela gazteen zenbait jokamolderen inguruan, batez ere EAEko Fiskaltzaren txostenean: han azaltzen denez, gazteek egindako delituek gora egin dute, batez ere jabetzaren kontrako delituek, sexu erasoek eta giza hilketek —lau kasu egon ziren 2021ean—, hots, «delitu larriak eta gizartean eragina dutenak», fiskaltzaren arabera. Esaterako, sexu askatasunaren aurkako delituei dagokienez, 2021eko datuetan 2020koetan baino %49 delitu gehiago zenbatu dituzte. Beste modu batera esanda: 2020an, 34 sexu abusu eta hamazazpi sexu eraso zenbatu zituzten; 2021ean, berriz, 48 abusu eta 28 sexu eraso.

Delitu horietako batzuk, lapurretak adibidez, taldean egiten badituzte ere, EAEko Fiskaltzak nabarmendu du ez direla «gaizkile talde antolatuak», eta horren inguruan zenbait hedabidetan plazaratutako informazioak gezurtatu nahi izan ditu.

Nafarroako Fiskaltzaren txostenak ez du horrenbeste indarrik egiten alor horretan, baina nabarmentzen du adin txikikoek egindako delituek gora egin dutela herrialdean: 1.055 izan ziren 2021ean, eta 888, berriz, 2020an. Batez ere, lesio delituen inguruko salaketak ugaldu dira, «taldean egin eta beste gazte batzuek sustatu, grabatu eta hedatzen dituztenak».

ESPETXEAK

Lau kartzela daude Hego Euskal Herrian: Zaballakoa (Araba), Basaurikoa (Bizkaia), Martutenekoa (Gipuzkoa) eta Iruñekoa. 2021eko abenduaren 31n, 1.733 preso zeuden orotara: 768 Zaballan, 346 Iruñean, 342 Basaurin eta 277 Martutenen. Urtebete lehenago,kopurua oso antzekoa zen: 1.742. Gainera, EAEko Fiskaltzak horiek zein gradutan dauden ere adierazi du: bat bera ere ez dago lehen graduan, 738 daude bigarren graduan, eta 344 hirugarrenean. Gainerakoak oraindik sailkatu gabe daude, edo beste erregimen mota batzuk dituzte. Behin-behinean preso dauden edo zigorra ezarri dieten ere zehazten da: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 148 preso daude behin-behinean espetxeratuta, espetxeratuen %10,6.

EAEko Fiskaltzak, bere txostenean, gogoeta egin du gaixotasun larriak dituzten presoen inguruan. Dioenez, preso bati baldintzapeko askatasuna emateko ez da itxaron behar preso hori hiltzear egon arte: «Nahikoa da frogatzea gaixotasuna larria eta sendaezina dela, eta espetxeak eragin negatiboa duela gaixotasunaren bilakaeran». Eta Nafarroako Fiskaltzak jakinarazi du hiru preso hil zirela Iruñeko espetxean; horietako bi baldintzapeko askatasunean zeuden, «larriki gaixo» zeudelako, eta bestea bere ziegan hil zen. Azaldu dute gertatutakoa ikertzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.