Albistea entzun

Guardasolak atontzeko beharra

EAEko Euskararen Legearen inguruko mintegia egin dute, 40. urteurrenaren harira. Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak legez babestearen alde mintzatu da Gaminde
Eba Gaminde euskaltzain urgazlea, atzo, Bilbon.
Eba Gaminde euskaltzain urgazlea, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko abenduak 16 - Bilbo

Zuzenbideko doktore eta euskaltzain urgazle Eba Gamindek egin du metafora: «Euskaldunok, munduan euskaldun gisa agertzeko, guardasol handi bat behar dugu, legeak ematen digun babesa; baina, horrekin batera, guardasol txikiago bat ere behar dugu: ingurune euskalduna, hurbilekoek osatzen duten sarea». Aterki handiak eta txikiak eskuratzeko guardasolgintzan aritzeko beharra nabarmendu du Gamindek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Euskararen Legea onartu zenetik berrogei urte bete diren honetan, jardunaldi bat antolatu dute Euskaltzaindiak eta Sabino Arana fundazioak, legearen abaroan «erdietsitako aurrerapenak eta etorkizuneko erronkak» aztertzeko asmoz. Zenbait adituk legearen inguruabarrak eta nondik norakoak jorratu dituzte, eta Gaminderi kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen ikuspegitik auzia lantzea egokitu zaio.

Alor horretan dagoen arautegia aztertu du Gamindek. Esan duenez, Euskararen Legea «giltzarri» izan zen, «hizkuntza politikak garatzeari bidea ireki ziolako eta hizkuntza eskubideei babes instituzionala eman zielako». Ondoren ondutako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua eta jalgitako dekretuak ere aletu ditu.

Gaminderen arabera, legedi horrek guztiak zenbait aurrerapen ekarri ditu: herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea agertzen da han; betebehar batzuk ezarri zaizkie erakunde, enpresa eta saltoki handiei; euskarazko errotulazioan urratsak egin dira eta abar.

Baina gabeziak ere aipatu ditu Gamindek: garrantzitsuena, 2012an legean egindako aldaketaren arabera, hizkuntza eskubideen inguruko kontuak «xehapen ahalmenetik kanpo» geratzen direla, hau da, enpresa edo saltokiren batek arauan agertzen denari muzin eginez gero horrek ez dakarrela zigorrik edo bestelako ondoriorik. «Kontsumoaren arloan hizkuntza eskubideei lotutako urraketak xehapen ahalmenetik kanpo utzita, oso mezu arriskutsua hedatzen da: alegia, eskubide horiek ez direla legean babestu nahi diren beste eskubideen pareko», esan du Gamindek.

Orain badago lege proiektu berria, onartu aurretik Eusko Legebiltzarrean bidea egin beharko duena, eta, beraz, gabezia horiek konpontzeko aukera ireki egin da. Baina, Gamindek azaldu duenez, lege egitasmoari erreparatuz gero, ez du ematen joera hori izango denik. Aurkeztutako zirriborroan ere zigorretatik salbuetsi egiten diren hizkuntza eskubideen urraketak, orain arteko testuan bezala.

Are gehiago: Gamindek ohartarazi du atzerapauso batzuk ere badaudela testu berrian. Orain arte, diru laguntza publikoak jasotzen zituzten enpresa eta saltokiek bazituzten betebehar batzuk euskararen inguruan; zirriborro berrian, berriz, zehazten da «euskara sustatzeko diru laguntzak jasotzen dituztenek» baino ez dituztela betebehar horiek.

Lege berrian xehapen ahalmena ezartzearen aldekoa da Gaminde: «Deserosoa izango da, beharbada eragile batzuk kontra azalduko dira, baina hori da hizkuntza eskubideak bermatzeko modu bakarra». Eta etorkizunari begira, legearen babesak eskaintzen duen aterki handi horrez gain, «aktibazioa» izango da, Gaminderen aburuz, gakoetako bat, «enpresari eta zerbitzu eskaintzaileena zein kontsumitzaileena».

Helburua bainoago, tresna

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak nabarmendu du Euskararen Legea «tresna» dela «helburua» baino gehiago: «Beharbada, legeaz hitz egin beharrean, gehiago hitz egin beharko genuke berrogei urte hauetan legearen barruan gertatu denaz». Eta legearen barruan gertatu dena izan da, Zupiriaren iritziz, euskararen estatusa «modu nabarmenean» indartu dela.

Euskara estandarraren finkatzean egindako urratsak ere nabarmendu ditu Zupiriak, eta, alor horretan, berebiziko garrantzia eman dio erakundeek Euskaltzaindiarekin egindako elkarlanari.

Zupiriak ohartarazi du azken bolada honetan «etsipenaz» eta «euskararen beherakadaz» mintzo direla euskalgintzako zenbait eragile. Haren iritziz, bide bat dago hori gainditzeko: euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa partekatzea, helburuak finkatzea, «zenbat eta zehatzago, hobeto», eta helburu horien betetze maila neurtzeko tresnak ezartzea.

Andres Urrutia euskaltzainburuak duela berrogei urteko egoera ekarri du akordura, euskarak izan duen «egundoko bilakaera» azaltzeko: «Duela berrogei urte, euskaraz gauzak izendatzen ere ez genekien; hori ikasi dugu, egin ahala ikasi ere. Eta aldaketa hori ere lege honi esker izan da, neurri handi batean».

Urrutiaren ustez, azken berrogei urtean izandako aldaketa hori «historikoa» izan da, mende askoan euskara «isilean gertatu den errealitate bat» izan delako. Horregatik, euskararentzat esparru berriak zabaltzea «justizia kontua» ere badela uste du Euskaltzaindiko buruak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Bildarratzek berretsi du hizkuntza ereduei eutsiko dietela

Irati Urdalleta Lete

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Hezkuntza Lege proiektuari buruz. Ñabardurak eginda, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk balekotzat jo dute proiektua; EP-IUk eta PPk, ez
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideen agerraldia, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Euskal eskola publikoaren alde mobilizatuko dira ekainaren 9an

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sistema publikoa «lehenesten»
Lehengo astean ere jo zuten Etxegarairengana Mauriziakoek. ©GUILLAUME FAUVEAU

Elkartasunak Eraiki sareak Maurizia proiektuaren eredua goraipatu du

Ekhi Erremundegi Beloki

Etxegarairekin bilkura egin dute Mauriziako kideek. Uztailaren 6an aztertuko dute kanporatze prozedura gelditzeko helegitea
Artatutako pertsonen %28ak alkoholismo arazoak zituzten. ©BERRIA

Berretsi dute adikzioak eta buru osasuna lotuta daudela «ziklo kaltegarri batean»

Olatz Silva Rodrigo

Erdu programak zaurgarriak diren pertsonak artatzen ditu. 270 pertsonei arreta eskaini zien iaz; horietatik 197 etxerik gabe zeuden

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.