Albistea entzun

Medikuen jardun «esklusiboa» ez dute aztergai, Sagarduiren arabera

Gogoratu du osasun langileek arlo publikoan eta pribatuan batera jarduteko irizpideak Osakidetzan «araututa» daudela. Donostia ospitalean elkarretaratzea egin dute berriz ere
Pertsona bat Osakidetzako osasun zentro batean sartzen, artxiboko irudi batean.
Pertsona bat Osakidetzako osasun zentro batean sartzen, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2023ko urtarrilak 17

Nafarroako Medikuen Sindikatuak atera du, batetik, gaia plazara; greba egiteko asmoa adierazi, eta administrazioari helarazi dizkion eskeen artean, medikuak soilik arlo publikoan jardutera behartzen dituen «esklusibotasuna» bertan behera uzteko eskea dago. Santos Indurain Osasun kontseilariak medikuen aldarriak aintzat hartzen ari direla onartu du, eta ez du atzera bota puntu hori. Osakidetzan aurrez emana zaie bi sareetan batera jarduteko era medikuei, baina mahai gainean dago han ere aldatzeko eskea, justu kontrako norabidean: Elkarrekin Podemos-IUk berriz «esklusibotasuna» ezartzeko proposamen bat eraman du, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrera. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik atzo Onda Ceron egindako elkarrizketa batean nabarmendu zuen, ordea, jardun «esklusibo» hori berriz eskatzen hastea ez dutela aztergai gaur egun Osakidetzan: ez da aldaketarik espero.

Bi sareetan batera jarduteko irizpideak Osakidetzan «araututa» daudela gogoratu zuen Sagarduik, «urte asko daramatzatela» profesional horiek araubide horiek zedarritutako bideetan lanean, eta aldaketarik egiteko asmorik ez dutela orain. Asteburuan hizpide izan dute gaia talde politikoek, eta Elkarrekin Podemos-IUk egindako proposamenaren alde egiteko asmo argia soilik EH Bilduk erakutsi du. «Beti izan gara medikuen esklusibotasunaren aldekoak», esan du Iker Casanova legebiltzarkideak. PSE-EEko ordezkari Ekain Ricok lehen «esklusibotasun» hori indarrean zegoela oroitarazi du, eta kentzea erabaki zela. EAJko ordezkari Aitor Urrutiak, «aztertzeko» erako gaia dela azaldu du. Nafarroan ere desadostasunak agerikoak dira: EH Bilduk, Podemoseko eta Ezkerrak ez dute nahi esklusibotasuna kentzea. Navarra Suma, ordea, ados dago aldaketarekin, eta Geroa Baik aztertu egin behar dela esan du. PSNk aldaketa aurrera ateratzeko, Navarra Sumaren babesa beharko du.

Sagarduik atzo ez zituen gai horri buruzko galderak bakarrik erantzun behar izan. Ozentzen ari dira Osakidetzaren funtzionamendu okerrari buruzko albisteak, eta horiek ukatzeko egin zituen adierazpenik gehienak. Larrialdi zerbitzuetan dauden arazoen inguruan, esaterako, «kolapsorik» ez dagoela esan zuen. «Kontingentzia planak daude, hain zuzen ere, aurreikuspena dagoelako», adierazi zuen.

«Murrizketarik» gabe

Osasun sisteman dauden «murrizketei» buruzko albisteak, halaber, baztertu egin behar direla esan zuen: Euskal Autonomia Erkidegoa «pertsonako osasun gastu handiena» duen komunitatea dela azaldu zuen, eta profesional faltarekin lotutako arazoak ez direla inbertsio faltaren ondorio. «Ordezkapenak ez dira egiten ez dagoelako nor kontratatu». Nolanahi ere, egoera hori konpontzeko urratsak egiten ari dira, Sagarduiren arabera. Hain justu, lantaldea handitzea dute asmo: 31.000 lanpostu egiturazko izatea. Orain arte 27.000 zirela aintzat hartuta, aldaketa nabarmengarria iruditzen zaio.«Horiek ez dira murrizketak».

Hizpide izan zuen atzo Sagarduik COVID-19aren kraken aldaera ere. «Lau edo sei» kasu atzeman dituztela esan zuen, eta ez dagoela oraingoz kezkarako motiborik. «Gaur egun, adi egotea da gakoa, eta prest egotea».

Protesta

Irudia berritu zuten atzo goizean. Elkarretaratze labur bat egin zuten Osakidetzako buruzagitzarekin dituzten desadostasunak direla-eta Donostia ospitalean protestan ari diren erietxeko langileek. Ohi dutenez, txalo zaparrada batekin amaitu zuten kontzentrazioa. Ez zuten adierazpenik egin nahi izan ondoren hedabideentzat. Jakina da bihar bilera dutela osasun sistemako buruekin, eta bertan ikusiko da ea auziak konponbiderako zantzurik duen. Abenduaren hasieran lehertu zen krisia, Osakidetzak Donostialdea ESI erakunde sanitario integratuko bi arduradun kargugabetu zituenean, eta orduan hasi ziren elkarretaratzeekin. Negoziazio batzuk tarteko, eten egin zituzten gero bolada batean, baina abenduaren 23an berriz protesta keinuarekin hasteko asmoa azaldu zuten, eta «berreskuratu» egin zuten. Abenduaren 28an, agerraldi batean, bost eskari «zehatz» egin zituzten; horien inguruan ari dira orain langileak.

Langileek maiz adierazi dute «langileen batzar» baten izenean ari direla. Batzar horretan, gehienak medikuak dira, baina beste langile taldeetako ordezkariak ere badira. Aparteko oihartzuna hartu zuten krisiaren hasieran Donostia ospitaleko zerbitzuburuek Osakidetzari egindako hainbat kritikak, baina «batzarra» zabalagoa dela esan dute.

Nafarroako Medikuen Elkargoak, berriz, inkesta baten edukiak plazaratzeko agerraldia egin zuen atzo. Horren arabera, herrialdeko sendagileek 5.6ko nota ematen diote Nafarroako osasun sistemari. Antolaketan, apalagoa: 4.7. Medikuen Sindikatuak grebaren harira egindako aldarriekin, oro har, bat egin dutela azaldu zuten elkargoko arduradunek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Erabilera da orain benetan indartu behar dugun esparrua»

Arantxa Iraola

UEMA handitzen ikusi du Lazkanok han kargua hartu zuenetik, harro: gainditzear dute ehun herriren langa. Kontrara, datuek erakusten dute, eta kaleetan ere sentitzen da, hiztun komunitateen trinkotasun galera.
Aralarren elkartu ziren hainbat lagun, gasbidearen aurka. ©ARALAR ZAINDU DEZAGUN

Makinak martxan ez jartzeko

Edurne Elizondo

Aralar Zaindu Dezagun plataformak manifestaziora deitu du Lekunberrin (Nafarroa), Nedgya enpresak Aralarko Babes Bereziko Eremuan egin nahi duen gasbide proiektua salatzeko.

Kalera jo zuten herritar ugarik Bilbon, arrazakeria, xenofobia eta ijitoen aurkako diskriminazioa salatzeko. ©M. DEL VALLE / FOKU

Erakundeen arrazakeria «egiturazkoa» dela salatu dute

Joxerra Senar - Javi West Larrañaga

Kalera atera dira ehunka lagun «politika publiko arrazisten» aurka egiteko, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Elkarretaratzea egin dute Hendaian atxiloketak salatzeko. ©GILLAUME FAUVEAU

Migratzaileak laguntzeagatik, hiru kide atxilotu ditu Poliziak Urruñan

Garazi Aduriz Zuñeda

Arratsalderako utzi dituzte aske. Dozenaka pertsona bildu dira Hendaian, Etorkinekin Diakite eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek deiturik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...