Altsasuko auzia «ez da kasualitatea»

Baliteke irail amaieran jakitea epaiketa noiz izango den. Hainbat eragilerekin elkarlanean hasi dira, «kasu bakana» ez dela argudiaturik

Altsasuko gazteen alde Bilboko udaletxe aurrean atzo eginiko elkarretaratzea. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Iosu Alberdi.
2017ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Azken asteetan mobilizazio ugari egin dira Altsasuko (Nafarroa) hamar gazte auzipetuen alde. Azkenak, Donostia eta Bilboko Aste Nagusietan; larunbatean eta atzo, hurrenez hurren. Bilboko udaletxearen aurrean eginiko elkarretaratzean dozenaka lagun bildu ziren gazteen askatasuna eskatzeko. Mobilizazio horien balorazioa egin dio kazeta honi Bel Pozuetak, gazteetako baten amak: «Hiri bakoitzean ezberdina izan da, baina elkartasun handia jaso dugu, eta jendeari aurrez aurre eman diogu gure auziaren berri», azpimarratu du. Herrialde Katalanetatik ere iritsi zaie babesa, haiekin egon berri baitira Xarxa Antirepressio de Familiars de Detingudes taldekoak —atxilotuen senideen eta errepresioaren aurkako sarea—.

Bederatzi hilabete igaro dira 2016ko urrian Altsasuko taberna batean bi guardia zibilekin izaniko liskarragatik hamar gazte atxilotu zituztenetik. Horietako hiru espetxean daude ordutik, euren herrietatik 500 kilometro ingurura, epaiketaren zain.«Noiz izango den ziur ez dakigu, baina uste dugu irailaren bukaeran esango digutela», azaldu du Pozuetak. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 375 urteko espetxe zigor eskaera egin du gazteetako zortziren aurka. Beste biak adingabeak dira, eta haien aurkako eskaeren zain daude.

Kataluniako babes taldeko Nuri Formatgerrentzat, «ikaragarrizko desproportzioa» da zigor eskaera hori: «Tabernako borroka bat ekintza terroristatzat hartzea gertatutakoa aldatzea da». Taldea arrazoi politikoengatik Katalunian atxilotutako senideei «euskarri emozionala» emateko sortu zuten 2014an, eta martxoan egin zuten lehen gerturatzea Altsasuko auzira. Sareko kidearen ustez, horrelako kasuetan elementu komunak dira: «Inpunitate poliziala, manipulazioa eta hedabideen trataera». Baina Altsasukoa «konparaezintzat» du.

Pozuetarentzat, Altsasutik eta Euskal Herritik harago doan zerbait da euren seme alabekin gertatzen ari dena, eta garrantzitsu ikusten du jendeari jakinaraztea: «Gai hau ez da gurea bakarrik: 573. artikulua modu estentsiboan erabiltzen bada, Espainiako Estatuan ere arrisku berean egongo dira».

Espainiako Zigor Kodeko 573. artikuluaren aldaketa eta beste lege aldaketa batzuk PP eta PSOEren arteko estatu itun baten ondorio dira. 2015eko azaroan Frantzian gertatutako atentatuen ondorenean sinatutakoa, «terrorismo jihadistari» aurre egiteko. Baina Altsasuko gazteak tartean harrapatu ditu, aldaketaren ondorioz, «ordena publikoaren nahasmendua» ere terrorismo delitutzat har baitaiteke.

Akordio hark, besteak beste, EAJ, EH Bildu eta Podemosen aurkako botoak izan zituen. Atzo bildu zen estatu ituna sinatu zuten alderdiak, Bartzelonako eraso jihadista dela-eta. EAJk begirale gisa parte hartu zuen, akordioarekin ados ez dagoen arren, eta EH Bilduk ez zuen parte hartu.

Altsasuko auziarekin gertatu den arriskutsua dela uste du Pozuetak. Jihadismoari aurre egiteaz haratago, lege aldaketa horien atzean «norabide eta nahi bat» ezkutatzen direla dio: «Estatuak planteatzen dituen arauak betetzen badituzu ez zaizu ezer gertatuko, baina hortik kanpo zerbait egin edo aldarrikatzen baduzu arrisku bat dago; disidentzia zapaltzeko baliabide bat da». Horregatik eskatzen dute Zigor Kodea aldatzea. Formatgerrek ere hala uste du. Ez du sinesten kasuaren inguruko bertsio ofiziala eta terrorismo delitutzat hartu izana salatzen du: «Ez dugu haien diskurtsoa erosiko».

Pozuetarentzat, Altsasukoa «ez da kasualitatea», disidentziaren aurkako erasoa baizik. Formatgerrek ere ikuspegi bera du: «ETAren armagabetzearekin ikusi zen, gehituz doa. Egoera berriak norbaiti enbarazu egiten dio».

Evo Moralesekin argazkia

Katalanekin ez ezik, beste hainbat talde eta eragilerekin ere hitz egiten ari dira Altsasukoak, aurrera begira ere Euskal Herritik kanpo loturak indartzeko. «Konturatu gara horrelakoak ez direla kasu bakanak, denok bat eginda indar gehiago dugula», dio Pozuetak.

Elkartasun dinamika horrekin bat egin dute Askapena talde internazionalistako kideek ere. Boliviara joandako brigadak, esaterako, argazkia atera du Evo Morales presidentearekin eta Altsasuko gazteen aldeko banderola batekin, osasun azoka batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.