Mendekotasunaren ajeak

Zenbait adituk ondorioztatu dute Espainiarekiko mendekotasunak hainbat kostu dakartzala: esaterako, hezkuntzan, ikerketan, hizkuntzan eta identitate ikurretan.

Ezkerretik eskuinera, Jesus Mari Ugalde, Iñaki Goirizelaia, Angeles Iztueta eta Joan Mateo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Oñatiko [Gipuzkoa] eta Iratxeko [Nafarroa] unibertsitateen hastapenetatik, esan dezakegu 120 urte egon ginela euskal unibertsitate publikorik gabe. Urte askotan, zientzia, giza kapitala eta kapital teknologikoa sortzeko ez da egon unibertsitate publikorik Euskal Herrian. Horrek kostu handia dakar». Iñaki Goirizelaiaren hitzak dira; EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia da, eta egunotan Miramar jauregian egin duten udako ikastaroaren antolatzaileetako bat. Izenburua bera argigarria da: Badu kosturik Euskadirenzat Espainiarekiko duen dependentziak?. Estatuarekiko menpekotasuna hainbat ikuspegitatik aztertzea izan du helburu ikastaroak. Ostegunean, Euskal Herriko egungo gobernantza ereduez eta Madrilekiko zein Bruselarekiko dependentziaz hitz egin zuten. Atzoko saioan, berriz, gai sozialen ikuspegitik aztertu zuten auzia: besteak beste, hezkuntza, ikerketa, hizkuntza eta identitate ikurrak izan zituzten hizpide.

Hezkuntzaren eta ikerketarenarloko mendekotasunaren inguruko kezka agerian geratu zen atzoko lehenengo mahai inguruan. Espainiako Estatuak hezkuntzari buruz duen «ikuspegi zentralizatzaileak» eta ideologikoak dakarren kostu ekonomikoaz eta kulturalaz aritu ziren Bartzelonako Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko irakasle Joan Mateo, Iñaki Goirizelaia eta Jakiundeko lehendakari Jesus Mari Ugalde; moderatzaile lanetan, Angeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako hezkuntza sailburu ohia aritu zen. Bigarren hizketaldian, berriz, kultura eta hizkuntza politikaren esparrura eraman zuten eztabaida; han parte hartu zuten Ramon Zallo EHUko katedradunak, Xabier Paya bertsolariak eta Ignacio Palacios-Huerta London School of Economics eta Ikerbasqueko kideak; Maria Oianguren Gernika Gogoratuz taldeko kideak jardun zuen moderatzaile.

«Nola eragiten du gurea eta zuena bezalako erkidego batean estatuarekin dugun dependentzia handiak? Hezkuntza bezalako gauza hain inportanteez erabakitzeko gaitasunarekin izango genukeen egoera gaur egun dugunarekin kontrajarri behar dugu». Ideia horretan kokatu zuen eztabaida Joan Mateok. PPren ministro Jose Ignacio Wert ministroak ezarritako LOMCE legeaz mintzatu zen; haren ustez, gobernuak aukera izan zuen XXI. mendera egokitutako hezkuntza sistema bat diseinatzeko, baina, horren ordez, «lege ideologiko eta zentralista» bat egin zuen.

Erreformari kritika eginez, azaldu zuen hezkuntza asko aldatu dela: «XX. mendeko jakintza egonkorra zen, eta erraz transmititzen zen; gaur egun, ordea, jakintza modu esponentzialean hazten da, eta hazten den heinean zahar geratzen da; errealitate horretara egokitu beharko litzateke legea». Erkidegoek curriculumean aldaketak egiteko aukerarik ia ez izatea ere gaitzetsi zuen: «Helburua da curriculuma den bezala betearaztea estatu osoan, eta ez aldatu ahal izatea».

Dirutan kontatu ezin dena

Iñaki Goirizelaiak hartu zion hitza Mateori, unibertsitate ikasketen esparrua aztertzeko. Hain zuzen, euskal unibertsitate publiko bat edukitzearen garrantzia nabarmendu zuen. Euskal Herrian izandako gabeziaren kostu zehatza kalkulatzea zaila dela onartu zuen: «Baina EHUk izandako bilakaerari begira, non egongo ginateke kapitala sortzeko urte gehiago eduki izan bagenitu? Ez daukagu modurik hori jakiteko». Errektore ohiak gaineratu zuen etorkizunari buruz pentsatu behar dela, eta bere nahi bat adierazi zuen: «Gure herrian ezagutzaren euskal komunitate kultua sortu behar dugu. Ezagutza delako daukagun lehengai bakarra».

Azkenik, Jesus Mari Ugaldek ikerketaz hitz egin zuen. Esparru horren pisu estrategikoa izan zuen hizpide, eta, ondorio ekonomikoei ez ezik, urrunago begira ere jarri zen: «Ikerketaren eta garapenaren kontrolaren eskumen osoa behar dugu; hori ez badugu, bakarrik dirutan konta ezin daitekeen zerbait galtzen ari gara: etorkizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.