Arta «duin eta integrala» xede

Irungo udaletxe aurrean batu dira hirian migratzaileen artarako ehundu den sareko kideak; salatu dute ez dela eragotzi egoera «prekario» oro. Eguneko zentro bat behar dela diote

Irungo agerraldia, atzo goizean; udaletxe aurrean batu ziren. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Irun
2018ko irailaren 2a
00:00
Entzun
«Oraindik ohe hutsak daude, eta, bitartean, migratzaileak kalean lotan». Erretratu gordina deskribatu zuen atzo goizean Irunen (Gipuzkoa) migratzaileen artarako azken asteotan —uztailetik hona, artarik gabeko migratzaileen ugaritzeari erreparatuta— eratu den harrera sareko ordezkari Aizpea Babazek. San Juan plazan hartu zuen hitza, Irungo udaletxe aurrean, sare horretako hainbat andre eta gizon atzean zituela. Erretratuaren xehetasunak eman zituen: «Lakaxita gaztetxean, esaterako, hamabost bat pertsonak egiten dute lo, modu prekarioan: toldo baten azpian». Sarearen izenean, txalotu egin zuen atzotik migratzaileentzako zentro berri bat jarri dutela martxan Irunen —Martindozenea—: «Bitarteko egokiena dela iruditzen zaigu». Baina boluntarioek lanean jarraitu behar dutela esan zuen, ikusten baitute premiak badirela oraindik. Izan ere, adabakirik gabeko arta eskatzen dute migratzaileentzat. Horixe oroitarazten duen pankarta zabaldu zuten: «Harrera duina eta integrala».

Batetik, kexu dira muga zorrotza ezarrita dagoelako migratzaileentzat zentro mota horietan: «Bost eguneko egonaldia da». Sarriegitan laburregia, boluntarioen ustez. «Pertsona hauek ezin dute bidean aurrera egin, itzultze sistematikoak direla eta». Hain justu, salatzen ari dira Frantziako Poliziak asko zorroztu dituela Lapurdira igarotzeko kontrolak, eta kanporatu egiten dituztela maiz Frantziara bidean diren migratzaileak; sarri, legea urratuta, gainera. Beste eskari zehatz bat ere egin zuten: «Migratzaileak egoteko eguneko zentro baten beharra dago, batez ere adingabeentzat eta emakumeentzat. Bitartekoen erabilera soilik bazkaltzeko eta lo egiteko denez, eguneko zatirik handiena kalean ematen dute». Noraezean usu. Adierazi zuten migratzaile gehienak Frantziara bidean daudela Irunen, bolada labur baterako, baina Euskal Herrian «gelditu» nahi dutenen eskeak ere aintzakotzat hartu behar direla.

Behar berezietarako

Premia bereziak dituzten migratzaileen artean, gaixo daudenak nabarmendu zituzten. Boluntarioen laguntzarik gabe aski egoera zailean geratuko liratekeela adierazi zuen harrera sareko ordezkariak. «Gaixoak artatuak izaten dira, baina ez diete segimendu integralik egiten; ondorioz, harrera sareko pertsonek egin behar dute». Boluntario sare bat ehundu dute, hain justu, egoera horretan daudenen artarako.

Onartu zuten arreta emateko era hori ez dela egokiena. «Sareak ez du asistentziakoa izan nahi», azaldu zuen Babazek. «Lana egiten du erakundeek ez dituztelako betetzen beren eginbeharrak, eta, noski, jendea egoera kalteberan ez uzteko». Irunen harrera sarearen inguruan mugimendu txit interesgarria eratu dela onartu dute, baina instituzioen tokia betetzen ari direla beren jardunarekin. «Gure hurrengo komunikatua desegin garela esateko izatea gustatuko litzaiguke, horrek esan nahiko bailuke gure lana ez dela beharrezkoa». Irungoaren antzeko eskea egin dute Donostian migratzaileei arta ematen ari den sareko kideek: ostiralean Markel Olano ahaldun nagusiari zuzendu zitzaizkion, adieraziz hark asteon esan duela «arreta osoa» eman behar zaiela migratzaileei, eta beraz, instituzioen esku geratu behar dutela egun sareak artatzen dituen hamalau pertsonak.

Pintaketak

Irungo harrera sareko kideek, atzoko agerraldian, kezka azaldu zuten ostiralean Martindozenea zentroan agertu ziren pintaketa arrazisten harira. «Gogor salatu nahi ditugu», adierazi zuten. «Egilea nor den iker dezala eskatzen diogu udalari, eta eraso arrazista honen aurrean neurriak ezar ditzala». Sarearen inguruan ehundu den mugimendua eredutzat dute: «Agerian uzten du asko garela arrazismorik gabeko gizarte baten alde gaudenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.