Botika etxeari kontu eske

Gipuzkoako sendi batek auzibidea hasiko du Sanofi botika konpainiaren kontra; Depakine sendagaia hartu zuen amak haurdunaldian, eta alabak arazoak izan ditu garapenean

Depakine hartu zuten andre batzuk, botikak euren seme-alabei eragindako kalteen berri ematen duen agiriekin. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Beasain
2019ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Ordizian (Gipuzkoa) bizi da Marian. «Jarri izena bakarrik; ez dut izenik emango». Hasi berri dituen urratsak ondo badoaz, harena izango da Depakine botikaren harira Sanofi botika konpainiaren aurka auzibidea hasiko duen lehen familia Hego Euskal Herrian. «Paperak egiten ari gara». Epilepsia tratatzeko erabiltzen da sendagai hori —beste hainbat patologiatarako ere bai—, eta jakina da arazoak eragiten dizkiela umekiei; hala ere, hamarkada askoan naro-naro errezetatu izan zaie andre haurdunei.

Horixe izan zen Marianen kasua; Depakine hartzen ari zela geratu zen haurdun, eta medikuek ez zioten horren arriskuaren berri eman. Azken hiletan hasi dira botika hartutako andre asko sendagaiaren nahi gabeko ondorioen gaineko informazioa jasotzen, beren kabuz gehienetan —azalpen eske joan ostean hasi zaie osasun sistema erantzuten—, eta antolatzen. Asaldatuta jaso dituzte albiste asko; izan ere, ikerketa batzuen arabera, 1990eko hamarkadatik ziren ezagunak botikaren ondorio gaiztoak.

Horiek horrela, Espainiako Avisav elkarteak orain bi aste jakinarazi zuen lau familiak auzitarako bidea hasi dutela, eta beste hainbat horretarako urratsak egiten ari direla. Horietako bat da, hain justu, Marianena. Alabaren egoerak bultzatu du: 30 urte ditu egun, eta, txikia zenetik, arazoak izan ditu garapenean. «Atzerapena du. Baina ez digute inoiz zehaztu zer duen», esplikatu du amak. «Hitz egitean igartzen zaio, batez ere. Ibiltzean ere bai: motelago dabil». Urteak egin zituzten medikutan, alabaren arazoen motiboa zein zen argitu nahian, baina inork ez zien inoiz lotu azido balproikoarekin—horixe da sendagaiaren izena; Depakine, berriz, marka komertzialarena da—: «Beti esaten ziguten kasu arraro bat zela gurea».

Marianek orain esku artean du, ordea, alabaren arazoak eta Depakine lotzen dituen ziurtagiri bat: mediku batek egindakoa. Botikaren inguruko albisteek arduratuta Osakidetzara argibide eske jo duten gainerako familiak bezala, Murtziara (Espainia) bideratu dute bera ere: hango osagile bat ari da kasu guztiak aztertzen. Hark ez du dudarik izan. Atzerapena eragin dezaketen gainerako motiboak «baztertuta», lotu egin behar da Depakine botikarekin.

Hainbat familia

Ez da agiri hori lortu duen euskal sendi bakarra. Pankrean arazo bat du Piliren semeak —ez du abizenik eman nahi berak ere—. Gantzak xurgatzeko zailtasunak sortzen dizkio, eta, ondorioz, beherakoak-eta izaten ditu sarri. Gaitza botikarekin lotzen duen agiria lortu du berak ere. Urrutiraino joan behar izan dute dokumentua lortzeko, Osakidetzak bidaiaren gastuak ordaindu ere ez ditu egin, baina idatzia eskuratzea oso garrantzitsua izan dela onartu du: «Abiapuntu bat da. Izan ere, behin baino gehiagotan entzun behar izan dugu gure haurren arazoek ez zutela loturarik botikarekin, gure irudimenean zegoela guztia. Orain mediku baten ziurtagiriak esatea ez dagoela nire semearen osasun arazoa azaltzeko beste ziorik, eta, zientzia irizpideekin, onartzea Depakineren ondorio dela, hori niretzat oinarri-oinarrizkoa da. Orain ja badut erakusteko moduko zerbait. Familia medikuak ere hala onartu dit: ondo gordetzekoa da agiria».

Izan ere, bestelakoak ere jaso dituzte. Orain dela hilabete batzuk, Osakidetzara argibide eske jo zutenean, hainbat gutun jaso zituzten beren seme-alaben arazoen eta Depakineren arteko lotura auzitan jartzen zutenak. «Depakine ez litzateke arrazoi bakarra, ezta garrantzitsuena ere», zioen eskutitzetako batek. Kontsultetan ere sendagile asko sinesgogor antzeman zituztela salatu zuten orduan: «Medikuek sentiarazten digute esajeratuak garela: gezurtiak». Diotenez, halaxe nabari dituzte oraindik maiz.

Itziarrek ere izena besterik ez du eman nahi. Garapenean arazoak ditu haren semeak, eta horiek Depakinerekin lotzen dituen agiria dauka berak ere. Uzkur sumatu du bere neurologoa, ordea, orain berriro. «Honetaz hitz egiteari utzi beharko geniokeela esan zidan. Hedabideek min handia egin dutela». Kexu da: «Dena dira eragozpenak». Ezinbestekoa deritzote, ordea, argibide eske jarraitzeari. Pili: «Murtzian artatu gintuen mediku hark berak esan zigun: 'Errudunak bilatzea baino gehiago, erantzukizunak bilatzea da kontua'. Gertatu da, ados; baina horren ondorioak jasaten dituzten pertsonak hemen daude».

Zer egin aztertzen

Haien alde egin nahi dute. Auzitara joko duela argi du Marianek. Zer egin aztertzen ari dira beste bi andreak. Itziar: «Behin honaino iritsita, ez dut baztertzen auzitarako bidea». Pili: «Nik gaur ez dut asmorik urrats hori egiteko; baina ez dakit nire semeen osasunak zer bilakaera izango duen: ez dut baztertzen aurrerago egitea». Kaltea eginda dago, baina kalte-ordainen batek hobetu egin dezake beren seme-alaben geroa; ondo dakite hori. Eta, jakina, biktima ororen nahiak ere bultzatzen ditu: oker egindakoa aitortzeak. Itziar: «Onar dezatela zer egin duten, akats bat egon dela». Pili: «Eta kalteak izan dituztenak lagun ditzatela: era batean edo bestean, baina lagun ditzatela».

Familiek Sanofi salatuko dute, «informazio falta» leporatuta. Badakite tresna boteretsuak izango dituela defendatzeko, eta zaila izango dela. Auzi honen gaineko kudeaketaren ardura, hala ere, ez dago enpresaren gain bakarrik, sendion ustez. Horregatik, Osakidetzara gutunak idazten jarraitzen dute. Pili: «Eskatu diet, arren, balproatoak eragin ditzakeen enbriopatien inguruan Frantziako Estatuak duen gida irakurtzeko; zeren desinformatuta daudela baitirudi. Patologia pila bat eragin ditzake, prospektuan ageri direnez gain». Beste hainbat herrialdetako administrazioek ere —Frantzia eta Erresuma Batua aitzindari— hartu dituzte neurriak kaltetuei laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.