Ingurumena. Glefaran biomasa planta

Glefaranen jarduera «berehala etetea» aholkatu du txosten batek

CSICeko ikertzaile batek dio plantaren jarduna ez datorrela bat osasuna lehenestearekin. Enpresak eta Jaurlaritzak ingurumen baimenarekin eginiko arau hausteak azaleratu ditu

Zalla eta Gueñes artean dago biomasa planta, herrietatik oso hurbil: irudian, urtarril amaieran Gueñes Biziak antolatutako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Zaldibarko zabortegiaren inguruko albisteak adi jarraitzen ari dira Zallako eta Gueñesko biztanleak (Bizkaia). Batetik, Zallakoa delako desagertutako langileetako bat, Joaquin Beltran, eta, bestetik, airearen kutsadurak eragindako eztabaida bizian direlako han ere, Glefaran biomasa plantaren emisio toxikoen ondorioz. Zurrunbiloaren erdian, aditu txosten batek gomendatu du «berehala etetea» Glefaranen jarduna, pertsonen osasunerako eta ingurumenerako kaltegarria delako; eta oso kritiko mintzatu da enpresarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin: «Ez dute ia kontrolik egin».

Gueñes Bizia plataformak eskatuta, Fernando Palacios ingeniariak egin du txostena; CSIC Espainiako ikerketa zentroan urteetan aritu da zientzialari titular gisa, eta beste bi ikerlarik ere babestu dute. Biomasa erretzean isurtzen diren gai toxikoak eta ingurumenean zein osasunean dituzten inpaktuak aztertu ditu, eta ohartarazi du Glefaranen emisioek eragin handiena duten gunean daudela Zalla eta Gueñes. Hortaz, ondorioztatu du planta gelditu egin beharko litzatekeela: «Osasuna defendatzeko lehentasunarekin bat datorren aukera koherenteena da biomasa errausteko jarduna etetea». Klima larrialdia ere aipatu du: «Plantaren jarduera ez dator bat berotegi gasak murriztearekin. Egurra errausteak gainerako erregaiek baino karbono gehiago isurtzen du atmosferara».

Gainera, txostenak enpresaren eta Jaurlaritzaren jokabidea txarretsi du: «Emisio arriskutsuak ingurumen kontrolik gabe» gertatu izana deitoratu du. «Egoera guztiz ezohikoa da, kutsadura kontrolatzeko araudia diseinatuta baitago industria jarduerak pertsonen osasunarekin eta ingurumenaren babesarekin uztar daitezen». Bereziki kritiko mintzatu da Glefaranen ingurumen baimen bateratua (IBB) aztertzean: «Egurra erretzeak hainbat gai isurtzen ditu, baina IBBak ez ditu aipatzen gehienak».

IBBaren gabezia horiek irregularrak direla nabarmendu du txostenak. Kutsadura kontrolatzeko eta prebenitzeko lege eta dekretu hainbat urratzea egotzi die enpresari eta Jaurlaritzari: «Gai arriskutsuen emisioak txertatu egin behar dira, baina IBBak ez ditu jasotzen egurra erretzean sortzen diren substantzia kaltegarriak». Ingurumen Sailari leporatu dio «bere obligazioak ez betetzea», IBBa baldintza horietan emateagatik, baimena berraztertzean gai arriskutsuei buruzko informazioa ez txertatzeagatik, enpresari hobekuntza teknikoak ez eskatzeagatik, herritarren parte hartzea ez bermatzeagatik eta zuhurtzia printzipioa ez aplikatzeagatik.

Ondorioetan ere irmo mintzatu da egilea: «Plantak biomasa energiari emandako laguntzak jaso ditu, baimenak lortzeko erraztasunak izan ditu, eta urteetan substantzia arriskutsuak isuri ditu airera kontrolik gabe. Horrek ezin du jarraitu, irregulartasunengatik ez ezik, osasun kalteak areagotzea saihesteagatik ere; emisioekiko esposizioak segitzen badu, ondorioak larriak eta ezin itzulizkoak izan daitezke».

Astebete gose greban

Tentsio handiko garai batean iritsi da txostena: hilaren 10etik gose greban da Gueñes Biziako kide bat, plantari buruzko «eztabaida publiko» bat eskatzeko. Gueñesko kultur etxeko gela batean, bi udaletako ordezkarien zain dago Gorka Llantada: «Elkarrizketa publiko bat nahi dugu haiekin, jendaurrean azal ditzaten haien argudioak. Guk konfiantza dugu gureetan: zientzialarienak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.