Koronabirusa

Menpekotasunarekin guduan

Itxialdiak baditu eraginak substantzia eta ohitura kontsumoan. Egoerak estresa eta beldurra eragiten ditu, eta, menpekotasunari aurre egiteko, zaintza beharrezkoa da.

Mota askotakoak dira adikzioak. BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Konfinamenduaren ondorioak latzak izan daitezke ohitura edo substantzia baten menpe bizi direnentzat. «Berez, etxean gehiago kontsumitzen duzu kanpoan zarelarik baino. Konfinaturik zarelarik, are gehiago». Horrela mintzatu da Arkaitz Agirretxe Colina neuropsikologoa. Adikzioak dituztenekin lan egiten du Baionako Bizia zentroan. «Oraindik azkar da ondorioak zein diren ondo aztertzeko, baina jadanik hasiak gara zein diren ikusten: ohiko pazienteek ez ezik, beste batzuek ere jotzen dute guregana falta pairatzen dutelako», ohartarazi du. Bizia zentroko ateak irekiak dira, eta sindromeak agertuz gero, pazienteak joan daitezke. Harrera fisikoaz gain, eta aurrez haurreko harremana murrizteko, ohiko pazienteekin bideo eta telefono bidezko kontsultak egiten dituzte Biziako kideek.

Askotarikoak izan daitezke menpekotasuna sortzen duten ohitura eta substantziak. Horien artean daude tabakoa, alkohola, drogak, medikamentuak, diru jokoak eta pantailak. Munduko biztanleen herenak konfinaturik bizi diren honetan, Agirretxe Colinak bi arrisku nagusi ikusten ditu kontsumitzaileentzat. «Jakin behar da egoera normaletan okupaziorik ezak bultzatzen duela kontsumitzerat. Sozializazioaren edo kirolaren bitartez saihets daiteke hori eguneroko bizitzan; baina orain, etxean itxita gaudela, zailagoa da», azaldu du. Bestalde, «estresa eragiten duten egoerek» kontsumitzeko joera handitzen dute. «Eta konfinamenduak bi faktore horiek bateratzen ditu».

Etxetik ateratzeko eskubideak murriztu zituztenetik gainera, substantzia batzuen eskuratzea «zaila» bilakatu da. Drogaren kasuan, Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugaren itxierak ia ezinezko egin du hornitzea. Agirretxe Colina: «Muga itxia da, eta, beraz, droga gutxiago dago merkatuan, eta, gainera, ezin da joan erostera. Droga kontsumitzen dutenen artean orain ari dira agertzen falta sindromeak». Egoera horretan, paziente anitz larrialdietara joaten dira, eta Bizia zentrora bideratzen dituzte gero. «Horrek gutxienez ekartzen du paziente berri batzuk segitzen hasten garela».

Ohiko adikzioren bat dutenengan itxialdiak duen eraginaren gainetik, neuropsikologoak uste du zabal daitekeela kontsumorako joera oro har. «Garai latza denez, arrisku bat sortzen da, batez ere bakarrik bizi direnentzat. Adikzioa garatzea langabeziaren edo dolu baten ondorio izan daiteke, eta inoiz bizi gabeko egoera honen ondorio ere bai». Nerabeen artean pantailekiko adikzioa handitu daiteke, neurospikologoaren ustez.Pantailen erabilpena ez da, ordea, ager daitekeen «arazo bakarra». Adituak azaldu du alkoholaren eta tabakoaren kontsumoan gorakada bat gertatzen ahal dela «denen» artean, «bakarrik gauden neguko igande hotzetan gehiago jaten dugun bezala».

Hala ere, ohartarazi du urtebete behar dela adikzioa neurtzeko. «Bada menpekotasunerako joera handiagoa duen jendea, eta, kontsumitzen dutenen artean %20k dute epe luzean dependentzia izateko arriskua». Adibide bat eman du: «Baionako festetan kalkulatuko bagenu jendearen alkoholismoa, zenbaki faltsuak jasoko genituzke, jaietatik kanpo gehiengoak ez baitu hainbeste kontsumitzen».

Datorrenaren beldur

Droga merkatua murriztu denez, Agirretxe Colina gerta daitezkeen «erreakzio fisikoen» beldur da. Gorputzak substantziei dien tolerantziaren funtzionamendua azaldu du: «Gorputzak, pixkanaka, drogaren efektua deuseztatzen du, dosi handiago bat behar izateraino. Tolerantzia da. Baina azkar galtzen da, lau edo bost egunean kasu batzuetan». Ondorioz, gaindosi arriskua handitzen da, bai bailiteke kontsumitzaileek «ohiko dosia» hartzea, tolerantzia galdua duten arren. Jean Pierre Daulouede Biziako medikua konfinamenduaren ondoko egunek dute beldurtzen: «Gaindosi arriskuak emendatuko dira droga merkatua berriz irekiko delarik, eta jendeak ohiko dosietan kontsumituko duelarik».

Daulouedek eta Agirretxe Colinak azaldu dute zaintzak garrantzia duela menpekotasunak konfinamenduan eragiten dituen ondorioak mugatzeko. Daulouede: «Ahulagoak dira dependentzian bizi diren pertsonak, psikologikoki zein fisikoki. Askotan, bakarrik bizi dira, eta, antsietatea eta agresibitatea kontrolatzeko, zaintza bultzatu behar dugu». Agirretxe Colinak azaldu du paziente guztiak egunero deitzen dituela«ezarritako hitzorduaren tenorean». Eguneko deiari «garrantzi emozional askoz handiagoa ematen» diote pazienteek. «Ezinbestekoa da komunikazioa mantentzea eta sostengua erakustea». Baina eguneroko deiak ez dira nahikoa, kasu batzuetan, menpekotasunaren arriskuak saihesteko.

Hala, «arrisku murrizketa» egiten jarduten dute Biziako langileek. Cyril Olaizola erizaina horretan ari da, eta egun hauetan Miarritze (Lapurdi) eta Baionako behin-behineko aterpe zentroetan egiten du lan. «Arriskuak egon badaude, eta ezin dugu jokatu ez bageneki bezala. Gaindosiak saihesteko antidotoak banatzen ditugu, adibidez, edo eritasunak ez transmititzeko materiala: botatzeko xiringak eta zigarreta irazkiak, besteak beste». Esplikatu du etxegabeen aterpeetara doazenek «urrun» sentitzen dutela koronabirusa, «deskonektatuago» bizi direlako. Hala, gaitzari begirako prebentzioa egiten jarduten du erizainak, eta segurtasun neurrien garrantzia «ulertarazten» saiatzen da.

Bizia zentroko kideek nabarmendu dute menpekotasuna duen edonor hurbil daitekeela, edo telefonoz deitu dezakeela. Agirretxe Colina: «Garrantzitsua da ez bakarrik egotea, eta, profesionalengana joz gero, aterabideak aurkituko ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.