Koronabirusa

34.000 lanpostu desagertuko dira aurten Bizkaian, Cebeken ustez

Lurraldeko BPGa «%7 eta %9» artean jaitsiko dela iragarri du enpresari elkarteak. Krisi betean sartuta, ez du egoki ikusten presio fiskala handitzea eta lan erreformari ekitea

Francisco Javier Azpiazu Cebeko idazkaria eta Iñaki Garcinuño presidentea, atzoko agerpenean. CEBEK.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiarengatik Bizkaiko ekonomiak aurten «%7 eta %9» arteko atzerapausoa emango duela iragarri du Cebek enpresarien elkarteak, eta, ondorioz, 34.000 lanpostu galduko direla uste du. Kopuru handia da, kontuan hartuta 474.095 langile daudela Bizkaian Gizarte Segurantzan izena emanda. «Kolpean» iritsi da beherakada, aurreikusi ezin zitekeen egoera baten ondorioz, eta horregatik espero dute 2021ean BPGak gorakada handia izatea: %5-6koa. Era berean, Bizkaiko enpresen hiru laurdenek —%78k, hain zuzen— uste dute urtebeteko epean aurreko egoerara itzuliko direla.

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak eta Francisco Javier Azpiazu elkarteko idazkariak atzo eman zuten iragarpenen berri. Kalkulu horiek elkarteko kideen artean eginiko inkesta batean oinarritzen dira. Nabarmendu zuten azken hilabeteetan ekoizpen tasa asko apaldu dela, Euskal Herriko eta Espainiako merkatuak «hondoratu» egin direlako eta Europako besteek, hobeto dabiltzan arren, ahulezia zantzuak dituztelako. Dena den, ekainean jarria dute itxaropena, «kontsumoaren gorakadaren» bidez ekonomiak hobera egingo duelakoan.

Cebekek, dena den, garbi utzi nahi izan zuen langabezia kalkuluak tentu handiz hartu behar direla, ez baitituzte zenbatu aldi baterako espedienteetan dauden langileak. Enpresek haien inguruan hartzen dituzten erabakiak ikusi arte zaila da kontuak egitea. Dena den, enpresen %76k esan dute egungo langile kopurua mantentzeko asmoa dutela. Aldiz, %19k uste dute gehiegi dituztela.

Alde horretatik, enpresarien elkartearen ustez komenigarria litzateke ezinbestean harturiko erregulazio espedienteen abantailak —Gizarte Segurantza estatuak ordaintzen du, besteak beste— abendura arte luzatzea: «Edo gutxienez irailera arte, baina behintzat aurretik jakin dadila noiz arte iraungo duten», zehaztu zuen elkarteko presidenteak.

Bizkaian egun 87.617 pertsona daude aldi baterako erregulazio espedienteren batean, eta horietatik %84 ezinbestean harturikoak dira. EAEn antzekoa da batezbestekoa (%83), eta 185,127 dira espedienteren batean dauden langileak.

Garcianuñoren iritziz, ez da lan erreforma aldatzeko garaia, eta berriz nabarmendu zuen kontratazio legedia «zurrunegia» dela, eta enpresek «zailtasun» asko dituztela jendea kontratatzeko. «Joaten direnean oroitzen gara enpresek duten garrantziarekin».

Cebekek ez zion atea itxi Jaurlaritzaren elkarrizketa sozialeko mahaian eztabaidaturiko azken proposamenari. Haren arabera, enpresek soldataren %10eko diru sari bat ordainduko liekete 18.000 euroko kotizazio oinarrira iristen ez diren eta aldi baterako erregulazioan dauden langileei. Erakundeek eginiko ahaleginak txalotu zituen, baina ez du uste enpresei zerga batzuk igotzeko garai ona denik: «Egoera honetan ez, ez behintzat presio fiskala handitzeko bada. Erakunde publikoek, gainera, oraindik ez dakite krisi honek zehazki zer eragin izango duen sarrera eta gastuetan, eta zenbateraino zorpetu beharko duten».

Enpresen salmenta bolumenari dagokienez, ia guztien epe motzeko aurreikuspena txarra da. %6k bakarrik uste dute aktibitatea hurrengo sei hilabeteetan suspertuko dela, eta, %48ren arabera, euren merkatuak atzeraka egiten ari dira. %66ren eskaeren egoera «ahula edo oso ahula» da, eta %61ek arazoak dituzte zorrak kobratzeko.

Cebekeko ordezkariek autogintzaren sektorean jarri zuten arreta, zeina «funtsezkoa» den Bizkaian, eta laguntza publikoek auto elektrikoak ekoizten dituzten enpresetatik harago iritsi beharko luketela nabarmendu zuten: «Gaur egun, auto berria erostea elektriko bat erostea bezain jasangarria da. Gainera, auto elektrikoari asko kostatzen zaio errotzea». Bizkaiko enpresa askok diesel erregaia darabilten autoentzako osagaiak egiten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.