Koronabirusa

Positiboek gora egin dute Hego Euskal Herrian: 595 kasu izan dira

Jaurlaritzak iragarritako neurriak indarrean sartu dira: hamar lagunen muga «gomendatzen» du; ez debekatu. Abuztuaren 10etik 16ra, positibo eman zuten hamabi pertsona hil ziren

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian igo egin dira kasuak azken orduetan: 595 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 223 gehiago. Gorakada orokortua izan da herrialde guztietan, baina Bizkaian atzeman daiteke bereziki: 316 kasuren berri eman dute, atzoko kasuak ia halako bi (185). Araban, Nafarroan,eta Gipuzkoan, kasuen kopurua ia berbera izan da: 86, 85 eta 81, hurrenez hurren. Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak adierazi du aurreko egunetan baino kasu gehiago izan direla azken orduetan, baina aste osoko datuak «baikorrak» direla, eta ez dutela osasun larrialdia ezartzeko asmorik. Eusko Jaurlaritzak astelehenean ezarri zuen osasun larrialdia, eta atzo arratsaldean sartu ziren indarrean iragarritako lehen neurriak. Bada ñabardura bat: hamar lagun baino gehiagoko bilkurak «gomendatu» egiten ditu, eta ez debekatu. Terrazetan, aire zabaleko kirol jardueretan eta bisita gidatuetan bakarrik debekatzen dute hamar lagun baino gehiago biltzea.

Horrez gain, atzo emandako datua da abuztuaren 10etik 16ra bitarteko astean birusa zuten hamabi pertsona hil zirela Hegoaldean, horietatik hiru COVID-19aren ondorio zuzenengatik. Ospitaleetan 230 gaixo daude oraintxe; horietatik 26 ZIUetan. Izan ere, 36 ospitaleratze izan dira azken orduetan.

Ezkerraldeko lau udalerritankasuen igoera nabarmena igarri da. Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin eta Sestaon (Bizkaia) 90 kasu detektatu dituzte, bezperan atzemandakoak halako hiru. Portugaleten 28 positibo izan dira; Barakaldon eta Santurtzin, 24; eta Sestaon, 14. Esanguratsua da, era berean, Getxoko (Bizkaia) kutsatu kopurua: 46 azken orduetan, aurreko egunetan atzemandakoak halako bi. Azpeitian (Gipuzkoa), beste bederatzi kasu atzeman dituzte, eta dagoeneko 103 dira ostegunetik detektatutako kutsatzeak. «Fokua erabat kontrolatuta ez badago ere, lokalizatuta dagoela dirudi», azaldu du Nagore Alkorta alkateak. Bestalde, Donostiako Hegalak kiroldegiko ikastaro batean eta Andoaingo (Gipuzkoa) kiroldegian zenbait kasu izan dira. Andoaingo kiroldegia itxi egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.