Euskarazko irakaskuntza babestera deitu dute zenbait eragilek

Giza kate bat eginen dute Baionan urriaren 10ean, Euskal Konfederazioak eta guraso elkarteek deituta. Frantziaren meneko beste lurraldeetan ere antolatuko dituzte protestak

Euskal Konfederazioko eta guraso elkarteetako kideak, atzo, Hiriburuko Baste Quieta eskola aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko irailaren 11
00:00
Entzun
Euskarazko irakaskuntzak Ipar Euskal Herrian bizi dituen erasoak salatzeko mobilizazio bat antolatu dute Euskal Konfederazioak eta guraso elkarteek. «Lanjerean» ikusten dute, eta beldur dira Frantziako Hezkuntza Ministerioa «ate bat irekitzen» ari ez ote den euskarazko irakaskuntzaren sail guzietan gibel egiteko. Mobilizatzera deitu dute, urriaren 10erako, Frantziaren meneko lurraldeetan hizkuntza gutxituen alde lanean ari diren beste 30 eragilerekin batera. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Baionan izanen da mobilizazioa: giza katea eginen dute 11:00etan, Rene Cassinen sorlekutik Baionako suprefeturaraino.

Bi kasu nagusi aipatu dituzte euskarazko irakaskuntza jasaten ari den erasoak aipatzeko. Batetik, Hiriburuko (Lapurdi) Baste Quieta eskolako publikoko «murgiltze» esperimentazio proiektua baztertu izana. Esperimentazioa ukatzen zuela jakinarazi zuen Bordeleko (Frantzia) errektoretzak, Frantziako Konstituzioaren argumentua erabilita. «Ez dugu onartzen, eta ez dugu onartuko», adierazi du Celine Etxebarne Ikas Bi guraso elkarteko koordinatzaileak.

Arrazoi «ideologikoak» ikusten dizkiote erabakiari, azken urteetan egin diren ebaluazio guziek erakusten baitute osoki euskaraz ari diren ikasleek emaitza hobeak lortzen dituztela, bai euskaran, baita beste ikasgaietan ere. «EEP Euskararen Erakunde Publikoan eraman den elkarlana ukatzen du, eta ostiko handi bat ematen dio hizkuntza politika publikoari. Murgiltze eredua ez bada hedatzen, gure hizkuntzarenak egin du», adierazi du.

Bestalde, salatu dute aurten prestakuntzatik atera diren euskarazko hamabost irakasleetatik 11 frantsesez irakasteko postuetan izendatuak izan direla, Ipar Euskal Herrian eta Biarnon. «Irakasle eskasean izanik, Hezkuntza Ministerioak frantsesez irakasteko beharrei aurre egiten die», deitoratu du Jessica Dordeins Narzabal Biga Baiko kideak; onartuko ez duten «marra gorri bat» gehiago. «Euskarazko irakasleak frantsesezko postuetan emanez, irakaskuntza elebidun osoa da lanjerean emana. Irakasle euskaldunak kanpora bidaliz beharrezkoak ditugun irakasle euskaldunik gabe geldituko baikara». Oroitarazi du, era berean, behin baino gehiagotan gertatu izan dela irakasle euskaldunak eritzean frantsesezkoekin ordezkatu izana. «Luzaz, euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eskaintzaren hedapena irakasle eskasez trabatua izan da. Gaur egun, ulertezina da horretarako prestatu diren pertsonak ez daitezen erabiliak izan klase elebidun gehiago irekitzeko». 11 irakasle horiek lehenbailehen euskarazko postuetan ezartzeko eskatu dute.

Euskaltzaleei deia

Euskalgintzako eragileen hitzetan, bi erabaki horiek «argiki urratzen dute» ikasleek euskaraz ikasteko eta irakasleek euskaraz irakasteko duten eskubidea. Horregatik, euskal gizarteari eta euskaltzaleei dei egin diete Frantziako Gobernuak hizkuntza eskubideak «zangopilatzen» dituela salatzeko.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak oroitarazi du iazko irailean sortu zela Pour que vivent nos langues kolektiboa, lizeoetako erreformak hizkuntza gutxituen irakaskuntzan eragin «desmasien» kontra. Frantziaren meneko lurraldeetako 30 eragile bildu ziren, eta Frantziako 150 parlamentariren babesa jaso zuten. Iazko azaroan mobilizazioa antolatu zuten Parisen, eta bilkura bat egin zuten Hezkuntza Ministerioarekin, baina «jarrera itxia» erakutsi zutela adierazi du. Geroztik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteari ere egin diote bilkura eskaera, baina hark Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren esku utzi zuen. Gaur-gaurkoz, hitzordu baten esperoan segitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.