Koronabirusa
«Argazki bat» edukitzeko
Agerraldirik ez da egon, baina, azken bi asteetan kutsatuen tasa handitu denez, baheketa masiboak egiten ari dira Azkoitian eta Gasteizko Sansomendi auzoan.

COVID-19aren agerraldirik ez da egon Azkoitian (Gipuzkoa) azkeneko bi asteotan. Hori bai, denbora tarte horretan nabarmen handitu da kutsatu kopurua: 100.000 biztanleko positibo tasa 569 zen herenegun; 700 atzo, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuen arabera. Hori kontuan hartuta, agerraldirik ez egonda ere aurrenekoz herritarren artean baheketa masibo bat egitea erabaki duela jakinarazi zuen Jaurlaritzak herenegun. Ignacio Garitano Osakidetzako arakatze sistemaren koordinatzaileak azaldu zuenez, «prebentziozko» neurri hori gobernuak pandemia garaian osatutako Bizi Berri planean jasota dago.
Azkoitiko 17 eta 60 urte arteko 6.500 bat herritarrek dute PCR proba egiteko aukera. Garitanok nabarmendu zuen ez dela «derrigorrezkoa», baina bai, ordea, «oso gomendagarria». Herenegun hasi ziren testak egiten Gurea pilotalekuan, eta, ondo bidean, bihar 13:00etan bukatuko da Jaurlaritzak planteatutako ariketa. Alazne Ezkurra Azkoitiko dispositiboaren arduradunaren esanetan,egoeraren «argazki bat» edukitzea da saioaren helburua. «Argazkia nolakoa, horren arabera, beharbada, beste toki batzuetan ere egingo dira baheketak». Ezkurrarentzat, argazki hori edukita, izurriaren transmisio katea «puskatu» daiteke. «Birusari gauzak zaildu diezazkiokegu».
Azkoitian bezala, Gasteizko Sansomendi auzoan ere baheketa masibo bat egiten ari dira, Jaurlaritzak hala erabakita. 100.000 biztanleko positibo tasa 527 izan da azkeneko bi asteotan, eta atzo arratsaldean hasi ziren PCR testak egiten, Txagorritxuko ospitalean. Osasun Sailak ez du zenbaki zehatzik eman, baina auzo horretan bizi eta 17-60 urte artean dituzten 6.000 herritar inguruk dute proba egiteko aukera.
Osakidetzak estreinakoz egin ditu baheketa masiboak agerraldirik egon ez den tokietan. Nafarroako Gobernuak joan den irail hasieran proposatu zuen antzeko ariketa bat, Leitzan. Agerraldirik ez zuten detektatu, baina 100.000 biztanleko positibo tasa milatik gorakoa zen. 15 urtetik gorako 2.500 bat leitzar zeuden PCRa egitera deituta, eta 1.882 test egin zituzten; deitutakoen %75 joan ziren, beraz. Horietatik, 35 lagunek eman zuten positibo.
Azkoitian 700 bat lagunek egin zuten PCR testa herenegun arratsaldean, ariketaren lehendabiziko egunean. «Martxa onean hasi gara», adierazi zuen atzo Ezkurrak. Beste 1.200 test ziren atzo egitekoak, eta, eguerdian, 300 bat pertsona zeuden izena emanda proba gaur egiteko; 09:00etatik 20:00etara egiten dituzte. «Bihar [gaur] jakingo dugu, zehatz-mehatz, zenbat jende animatu den guztira». Osakidetzako hamabost-hogei lagun ari dira lanean Gurea pilotalekuan. PCRa egin nahi duenak telefonoz hartu behar du txanda, eta testaren emaitza sakelako telefonora bidalitako mezu baten bidez adierazten diote, beranduenez hiru egunen buruan.
«Ilara luzeak eratu dira aurreneko orduan», esan zuen, atzo, pilotalekurako sartu-irtenak zaintzen ari zen beharginak. 13:00 inguruan dozena erdi bat lagun ere ez zegoen testa egiteko zain, eta elkarren arteko distantziak hori eskatu gabe ere manten zitzaketen, erraz, frontoiaren lehen bi koadroen barruan. «Sei mahai prestatu ditugu, baina lau erabilita ondo ari gara moldatzen oraingoz», azaldu du dispositiboaren arduradunak. Pilotalekuaren ondoan daude Jorge Oteiza pilotalekuak, eskultoreak berak pentsatutakoak, eta, egunotan, PCR probak direla eta, horietako bat aparkaleku moduan erabil daiteke. 13:30 inguruan ia hutsik zegoen.
«Bide ofiziala» aukeratuz
Hasieran, Aitziber Irastorzak (33 urte) ez zuen PCR proba egiteko asmorik. Baina amak deitu zion, eta «presio» egin zion. «Amonarekin egoten da, eta, badakizu, denok lasaiago egon gaitezen, esan zidan proba egiteko». Hala eta guztiz ere, sintomarik ez edukita, zalantzan jarri du saioa baliagarria ote den. «Negatibo eman dezaket, baina hemendik lau egunera kutsa naiteke. Orduan, berdin-berdin gaude».
Testa egiteko «arrazoi berezirik» ez du Arantxa Kerejetak (57 urte), baina, Jaurlaritzaren asmoen berri eduki zuenean, egin egingo zuela pentsatu zuen. «Esaten dute asintomatikoak detektatzeko balioko duela». Azken hilabeteotan «batzuen zein besteen» iritziak entzuten ari da, «muturrekoak» direnak. «Baina nik ez dakit medikuntzaz, ez naiz aditua, eta, orduan, eremu horretan ezjakina naizenez, bide ofiziala aukeratzen dut, eta, kasu honetan, Osasun Sailak esaten duena betetzeko prest nago».
Maira Martelek (39 urte) kontatu du ahizpak koronabirusa eduki zuela duela hilabete batzuk. «Zumaiako zahar etxe batean lan egiten zuen, eta han harrapatu zuen. Asmatikoa da». Ez zuen, ordea, sintoma «larririk» eduki. «Baina badakigu jende batek oso gaizki pasatu duela». Proba eginda «lasaiago» dago. «Ez dut ezer galtzen, ez?».
Ainhoa Artolak (26 urte), ordea, «zalantzak» dauzka. Irakaslea da, eta haren «ikasle asko» konfinatuta daude oraintxe. «Agian, ikastetxean bertan exijituko didate proba egiteko, ez dakit...». Irakurri du, bestalde, PCRaren emaitza ez dela «%100 fidagarria». «Beraz, hemen herrian egiten ari diren proba hauei ez diet praktikotasun handirik ikusten».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.