Koronabirusa

Zigor erantsia etxegabeentzat

Izurriagatik ezarri den etxeratze aginduak «are egoera zaurgarriagoan» utzi ditu etxegabeak. Gizarte zerbitzuak indartzeko eskatu dute haiekin lan egiten dutenek.

Etxegabe bat Iruñeko parke batean lotan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Izurriaren kontra hartu diren neurri murriztaileak betetzea zaila eta deserosoa da herritar askorentzat. Etxerik ez dutenentzat, berriz, zigor erantsi bat da. Etxeratze aginduak, adibidez, egoera are ahulagoan utzi ditu aterperik ez dutenak, eta modu gordinean azaleratu ditu gizartean dauden desorekak. Euskal Herri osoan dago indarrean etxeratze agindua: Ipar Euskal Herrian, konfinaturik egon behar dute eguneko 24 orduetan; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 22:00etatik aurrera dago ezarrita etxeratzea, eta Nafarroan, 23:00etatik aitzin. «Kalean gau bat pasatzea ez da inoren gustukoa, baina are gutxiago kalean inor ez badabil».Inor Ez Etxerik Gabe plataformako kide Javi Saenzek badaki izurriaren kontrako neurri berriak nola eragiten dien kale gorrian bizi direnei. Izua aipatu du: «Gauerdian polizia baino ez dabil kalean, eta, noski, kalean bizi direnak beldurtuta daude».

Bizitegi elkarteak Bilbon dauden etxegabeekin egiten du lan, eta Pablo Ruiz hango arduraduna da. Azken neurriek aterperik ez dutenei nola eragin dien azaldu du: «Konfinamenduak eta etxeratze aginduak apur bat gehiago estigmatizatu ditu diru iturririk eta etxerik ez dutenak».

Euskal Herrian 3.000tik gora etxegabe daudela kalkulatzen da, baina ez da erraza kopuru zehatzajakitea. Izan ere, kale gorrian bizi eta gizarte zerbitzuek eta erakundeek euren eskura ipintzen dituzten baliabideak erabiltzen dituztenak bakarrik zenbatzen dira, eta erdi ezkutuan dago haien egoera. «Datu ofizialek erakusten dutena baino gehiago dira»: hala ziurtatu diote BERRIAri etxegabeekin lan egiten duten elkarteek. «Koronabirusaren izurriak areagotu egin ditu gizarte desorekak, eta are egoera zaurgarriagoan utzi ditu hainbat sektore; ondorioz, jende gehiago dago kalean, nabarmen», azaldu du Saenzek.

Ohe nahikorik ez

Pandemia hasi zenetik, administrazio publikoek etxegabeak aterpetzeko azpiegitura gehiago zabaldu dituzte, baina ez eskaria betetzeko adina. Etxeratze agindua dagoenetik, gainera, aterpe bat izateko premiak koska bat egin du gora, eta eskaerei erantzun ezinik dabiltza instituzioak.

Etxegabeekin lan egiten duten elkarteek hainbat ikasbide atera zituzten martxoko konfinamendutik. Bizitegiko arduradunak azaldu du: «Herritar guztiak etxean geratu zirenean ohartu ginen uste genuena baino jende gehiago bizi dela kalean, eta baliabide gehiago behar direla». Orduko hartan instituzioen erantzuna «azkarra eta egokia» izan zela eta etxegabeak «babestuta» sentitu zirela uste du Ruizek, baina ohartarazi du ordutik etengabe handitu dela kalean geratu diren pertsonen kopurua eta «ohe nahikorik ez» dagoela guztientzat. Bilbon asko bizi dira orain kale gorrian: «Etxeratze aginduarekin, kalean ibiltzea arazo bat izan daitekeenez, edozein toki bilatzen dute lo egiteko: kutxazainak, pabiloiak, pilotalekuak...».

Antzeko egoera dago Gasteizen. Udaberriko itxialdiarekin, baliabide batzuk moldatu zituen udalak, eta aterpe berriak ireki: besteak beste, Lakua auzoko pilotalekuan 51 pertsonarentzako zentroa zabaldu zuen. Alarma egoera bertan behera utzi zenetik, baina, hura itxita dago. «Gaur egun jendeari esaten zaio aterpetxeetara joateko, baina horietan ez dute guztientzako tokirik. Beraz, ez dakigu pertsona horiek non egiten duten lo; pentsatzekoa da pabiloietan eta lonjetan daudela». Saenzek iritzi dio ezinbestekoa dela pandemiak agerian utzi dituen gabeziak errotik konpontzea: «Konfinamendua amaitu zenean ohartarazi genuen etxegabeen egoera oso zaurgarria zela oraindik eta baliabide gehiago behar zirela. Orain azaleratzen ari da hainbat politika sozialek porrot egin dutela». Azaldu du baliabide eskasekin eta egungo egoerarekin «ahituta» daudela kale gorrian bizi direnak, bizitza hobetzeko zeukaten «itxaropen apurra» galduta.

Gogoeta bera egin du Ruben Unanua Nafarroako Xilema fundazioko arduradunak: «Aterpetxe bat une jakin baterako adabaki bat baino ez da, baina arazoaren muinera jo behar da, eta etxe duin baterako eskubidea bermatu». Iruñean urte osoan zabalik den Trinitariosko aterpetxea kudeatzen du Xilema fundazioak, eta baita etxeratze aginduagatik zabaldu duten Jesus eta Mariaren erromesgunea ere. Etxeratze agindua bertan behera uzten dutenean, baina, itxi egingo dute azken zentro hori. «Aukera berriak bilatu beharko ditugu, jendea ezin delako kalean geratu».

Zigorrak

Baionako eta Miarritzeko (Lapurdi) herriko etxeek, berriz, aterperik ez dutenentzako lekuak ireki dituzte: Miarritzen, Notary gunea, eta Baionan, Lauga kiroldegia. Baionan, baina, polemika bizi-bizia dago, Jean Rene Etxegarai auzapezak etxegabeei debekatu egin dielako kalean jarririk egotea eta biltzea. Iragarri du etxegabeei ez zaiela isunik jarriko etxeratze agindua indarrean den bitartean, baina batzuek salatu dute zigorrak jaso dituztela.

Etxegabeekin lan egiten dutenek uste dute ez dela bide egokia aterperik ez dutenei isunak ezartzea. «Kalean bizi behar izateagatik isun bat jasotzea arduragabekeria hutsa litzateke», ohartarazi du Saenzek. Pandemiaren hasieran etxegabeen aurkako «jazarpen bat» egon zela gogoratu du Ruizek, gizartearen zati batek kutsatzeen erruduntzat jo zituelako, eta jarrera horiek ez errepikatzearen alde egin du: «Pertsona hauek babesa behar dute, ez seinalatuak izatea». Unanuak gehitu du etxeratze aginduaren xedea ezin dela izan kale gorrian daudenak jazartzea: «Neurri horren albo kalte bat dira etxegabeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.