Koronabirusa munduan

Egonkortzen, baina lasaitzeko tarterik gabe

Europako hainbat herrialdek kutsatzeen kurba leundu dute, eta hobekuntza zantzuak antzeman dituzte. Zenbakiak ez dira horren positiboak ospitaleetako presioari eta hilei dagokienez

Auto ilara bat, Napoliko (Italia) ospitale baten atarian, koronabirusagatik artatuak izateko zain. CIRO FUSCO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Bigarren olatuaren eragina apaltzen ari da Europan, azken egunetako datuek islatzen dutenez.COVID-19 gaitzak hedatzen jarraitzen du, baina badirudi kontinenteko hainbat herrialdetan kutsatzeen abiadura egonkortzen ari dela. Hala ere, agintariek ohartarazi dute eutsi egin behar zaiela babes neurriei, oraindik ez baita lortu egunean eguneko kasuen kurba apaltzea, lautzea baizik.

Gainera, kutsatze abiaduraren moteltzeari aste batzuetan eutsi beharko zaio horren ondorioak ospitaleetan eta hildakoen kopuruetan nabaritu daitezen. Ospitaleetan presio handia dute oraindik. Zenbait herrialdetan osasun sistemaren gehienezko ahalmenetik oso hurbil dago. Hildakoen kopuruak, berriz, lehenengo olatukoaren parekoak edo are larriagoak dira estatu jakin batzuetan. Hori dela-eta, agintariek tentuz jokatzen jarraitzeko eta babes neurriak betetzen segitzeko eskatu diete herritarrei. Hona Europako hainbat estaturen egoerariburuzko laburpen bat.

ALEMANIA

Eguneko kutsatutakoen kopurua «egonkortzen» ari dela adierazi zuen astelehenean Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, baina apaltzearen erritmoa «motelegia» zela nabarmendu zuen, eta aurrez aurreko harremanak mugatzeko neurri gehiago hartzearen alde mintzatu zen. Gobernuburuak, ordea, ez du lortu landerretako agintariekin akordio batera iristea. Datorren astean bilduko dira berriz, eta orduan neurri zorrotzagoak ezarri beharko direla aurreratu zuen Merkelek. Oraingoz, herritarrei eskatu diete festa pribaturik ez egiteko, garraio publikoa ez hartzeko eta hotzeri sintomak dituztenek beren burua etxean bakartzeko.

Alemanian, kutsatzeen kopurua %50 hazi da azaroko lehenengo bi asteetan. Urriaren amaieran, 520.000 ziren pandemiaren hasieratik atzemandako kutsatuak; 260.000 gehiago ziren azaroaren erdian. Epe berean, %70 hazi da ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako gaixoen kopurua. Estatuak eskura du presio horri aurre egiteko behar duen osasun materiala, baina zailtasun handiagoak ditu nahikoa osasun langile lortzeko.

Alemanian «konfinamendu arina» ezarri zuten azaroaren 2an. Tabernak, jatetxeak eta kulturguneak itxita daude ordutik. Neurri horiekin, kutsatzeen kurba leuntzea lortu dute, nahiz eta oraindik ez duen beheranzko joera hartu. Azken bi asteetako intzidentzia tasa hau da: 980 kutsatu 100.000 biztanleko. Hildakoen kopurua, berriz, apirilaren amaierakoaren parekoa da. Joan den astean 1.196 pertsona zendu ziren koronabirusagatik.

FRANTZIA

Frantziak «pasatu du» bigarren olatuaren «gailur epidemikoa», Olivier Veran Osasun ministroareniritziz. Astelehenean azaldu zuen etxeko konfinamenduari esker birusa geldoago hedatzen ari dela. Dena den, «garaipena ospatzeko goizegi» da, haren ustez.

Frantziako Estatuan, kutsatzeek nabarmen egin dute behera azaroaren lehenengo astetik bigarrenera: 383.000 kutsatutik 204.000ra. Hilen kopurua, ordea, %20 ugaritu da, 3.376tik 4.064ra. Gorako joeran jarraitzen dute ospitaleratzeek ere. Orain arteko daturik altuenaren berri eman zuen gobernuak astelehenean: 33.497 ospitaleratu; 16.800 joan den astekoak, eta horietatik 2.643 ZIUetan artatu dituzte. Intzidentzia tasa 3.134 kutsaturena da 100.000 biztanleko.

Frantziako Estatuan, urriaren 30etik dago indarrean etxeko konfinamendua, eta hala jarraituko du, printzipioz, abenduaren 1era arte. Gobernuak aurreratu du babes neurriak pixkanaka malgutuko dituztela. Datorren astean aztertuko du dendak irekitzeko aukera. Iragarri du ostalaritza zabaltzea zailagoa izango dela.

ESPAINIA

Espainiako Estatuan ere nabarmen urritu dira astebetean atzemandako koronabirus kasuak. Azaroko lehenengo astetik bigarrenera %30 murriztu dira da—125.000 kasutik 87.400era—. Beherakada hori, ordea,ez da gertatu hildakoen kopuruan eta ospitaleratzeetan. Azaroko lehenengo astean, 1.342 izan ziren koronabirusarekin hildakoak, eta 38 gehiago bigarren astean. Ospitaleratzeei dagokienez, astelehenean 20.452 pertsona zeuden ospitalean COVID-19arekin, joan den ostiralean baino 183 gehiago. Horietatik 3.156 artatu zituzten ZIUetan. Kutsatzeen intzidentzia tasa handia dute oraindik: 3.203 kutsatu 100.000 biztanleko.

Espainiako Osasun Alerten Zentroko zuzendari Fernando Simonek astelehenean ohartarazi zuen balitekeela hilabete hotzetan «kutsatzeak azkartzea». Haren iritziz, abendu hasierako zubia izango da joerari neurria hartzeko garai egokia.

ITALIA

Ospitaleetan kolapsoaren zorian daude Italiako zenbait eskualdetan. Zenbait mediku elkartek salatu dute profesionalak eta oheak falta direla. Lombardiako Como hiriko ospitale batean, esaterako, larrialdi zerbitzua eten behar izan zuten hainbat orduz, langile faltagatik. Napolin, gaixoak beren autoan artatu behar izan dituzte oxigenoarekin, ospitalean tokirik ez zutelako.

Gobernuak alerta gorrian sailkatu dituen zazpi eremu: Lombardia, Piamonte, Bolzano eta Toscana, iparraldean, eta Campania eta Calabria, hegoaldean. Eskualde horietan, etxeko konfinamendua dago indarrean. Hala ere, agintariek ez dute baztertu estatu osoan konfinamendu arina ezartzea datozen egunetan.

Kutsatze berrien kopuruak gora jarraitu zuen joan den astean ere. 242.000 kasu atzeman zituzten, aurrekoan baino %8,5 gehiago. Hala ere, hazkundea aurreko asteetan baino txikiagoa da. Ez da hala gertatu hilekin. 2.445 heriotza zenbatu zituzten azaroko lehenengo astean, eta 3.620 bigarrenean; %48 gehiago. Kutsatzeen intzidentzia tasa 1.991 kasukoa da 100.000 biztanleko.

PORTUGAL

Koronabirusaren bigarren oldea lehenengo olatua baino ondorio latzagoak egiten ari da Portugalen. Azaroko lehen bi asteetako heriotza kopuruek gainditu egin dituzte joan den neguko eta udaberriko heriotzen zenbatekoak. Azaroaren 2tik 8ra bitartean 341 hildako izan dira pandemiarengatik, eta 457 hilaren 9tik 15era. Asteko kutsatuek ere ugaritzen jarraitzen dute, nahiz eta goraldia gero eta txikiagoa den. Intzidentzia tasari dagokionez, 2.207 kasu dituzte 100.000 biztanleko.

Portugalgo Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen azaroaren 9an, eta etxeratze agindua eskualde gehiagotara hedatzea erabaki zuen astelehenean. Neurri horrek dituzte, besteak beste, Lisboak eta Portok.

BELGIKA

Udazkeneko olatuak gogorren jo dituen herrialdeetako bat da Belgika, baina ari da hobekuntza nabaritzen. Europan kutsatze intzidentzia tasarik handiena duen estatua da Andorraren atzetik: 4.661 kasu 100.000 biztanleko. Aste batetik bestera %47 murriztu dituzte eguneko kutsatzeak, eta %22 ospitaleratzeak, nahiz eta ZIUetako gaixoak %1 ugaritu diren, eta hilak, %7. Datu batzuk hobetuta eta ospitaleetako presioa murriztuta ere, gobernuak oraingo babes neurri berberei eutsiko die, gutxienez, beste bi astez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.