Koronabirusa

Immunitate naturalari ezezka

Nazioarteko zientzialari talde batek ohartarazi du: «arriskutsua» da kutsatzeen bidez talde immunitatea lortzea. COVID-19aren aurkako «estrategia sendoa» eskatu dute.

Jendea paseoan maskarak jantzita, Donostian, konfinamenduaren arintze fasean. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
COVID-19aren pandemiaren bigarren oldea mundu osoa astintzen ari denean, badira oraindik immunitate naturalaren bitartez taldeko immunitatea lortzea aldarrikatzen dutenak. Funtsean, estrategia horren aldekoek proposatzen dute birusaren aurrean inolako neurririk hartu gabe kutsatzea, immunizazioa «modu naturalean» bereganatzeko.Joan den urriaren 4an, AEBetako eta Erresuma Batuko hiru zientzialarik, adibidez, talde immunitatea estrategia egokitzat jo zuten COVID-19ari aurre egiteko;konfinamenduak eta murrizketak bertan behera uztearen alde agertu ziren, et,a horren ordez, birusaren aurrean inolako neurririk hartu gabe kutsatuz joan eta «naturalki» immunizatzea proposatu zuten Great Barrington Declaration izeneko agirian. OME Osasunaren Mundu Erakundearen irizpideen aurka irmo agertu ziren testu horretan, eta haiekin bat egin zuten mundu osoko zientzia, medikuntza eta osasun alorretako milaka profesionalek. Sustatzaileen artean American Institute for Economic Research elkarte eskuindarra zegoen.

Komunitate zientifikoan ez da oharkabean igaro adierazpen hori. Hura kaleratu eta egun gutxira, The Lancet aldizkariak zientzialari talde batek COVID-19ari aurre egiteko estrategiari buruzko bestelako gogoeta plazaratu zuen. Artikuluaren egileek argi eta garbi adierazi zuten: immunitate naturalaren aldeko estrategia ez dago ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, eta «iruzurra» da. Are: ohartarazi zuten immunitate naturala babestea osasun ikuspuntu batetik estrategia «okerra» eta «arriskutsua» dela, eta «onartezina» ikuspuntu etikotik.

Zientzia aldizkari entzutetsuak ikerlari taldearen erantzuna argitaratu zuenetik, mundu osoko ia 7.000 zientzialarik, ikertzailek eta osasun langilek sinatu dute manifestua. John Snow Memoranduma izenarekin eman dute ezagutzera nazioarteko ekinaldia. Sinatzaileek ideia batean jarri dute indarra: COVID-19aren bigarren olde bat Europari eragiten ari zaion honetan, «komunikazio argia» behar da birusak dakartzan arriskuen inguruan, etaestrategia «sendo eta bateratu bat» ezinbestekoa da gaitzari aurre egiteko.

Agiria sinatu dutenen artean dago Ugo Mayor EHUko ikertzailea. Ebidentzia zientifikoak babesten dituen adierazpenaren balioa azpimarratu du: «Garrantzi handia dauka gizarteari erakusteak ikuspuntu hori defendatzen dugunak ez garela lau katu, herrialde askotako adituek babestutako zerbait dela, eta denok bat gatozela ideia berean: zientzian eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako estrategiak behar ditugu». Izan ere, Mayorrek azpimarratu du koronabirusaren izurria aurrera doan abaila berean azaleratzen ari direla hari aurre egiteko kudeaketa desegokiak, eta hori «mesfidantza eta nekea» eragiten ari dela gizartean. Etsipen horrek hauspotuta biderkatzen ari dira immunitate naturalaren aldeko ahotsak izurriaren bigarren olatu honetan, Mayorrek ohartarazi duenez. «Kudeaketa okerrek konfiantza falta eragiten dute gizartean. Normala da gizartea etsita eta haserre egotea hainbat neurri murriztailerekin, eta errazena izaten da soluzio sinpleenak bilatzea».

Bide errazena, baina, ez da zertan egokia izan. COVID-19aren kasuan, bederen, hala da. Pandemiaren lehen olatuan, herrialde batzuetan talde immunitatearen aldeko estrategiak garatu zituzten birusaren hedapena geldiaraziko zutela pentsatuz —Suedian, esaterako—, baina errealitateak erakutsi zuen apustu hura okerra izan zela. Hori hala, immunitate naturalaren ideia arbuiatzeko arrazoiak sobera daudela dio John Snow Memorandumak, guztiakebidentzia zientifikoetan oinarritutakoak: «Infekzio naturalaren bidez hartutako immunitatean oinarritutako estrategia oso okerra da COVID-19aren kudeaketan. Gazteenen arteko kontrolik gabeko transmisioak morbilitate eta hiltze arrisku nabarmena dakarkio biztanleria osoari. Giza kostuaz gain, biztanleria osoari eragingo lioke, eta osasun sistemen arreta gaitasuna gaindituko luke, ohiko arretan eta larrialdietan».

Osasunaren Mundu Erakundearen eta gobernu gehienen irizpideak zalantzan jartzea «estrategia okerra eta arriskutsua» dela diote adierazpena sinatu dutenek. Halaber, ohartarazi duteSARS-CoV-2aren kutsatze natural baten ondoren immunitateak luzaroan babesten duela erakusteko ebidentziarik ez dagoela, eta immunitatea gutxituz joatean sor litekeen «transmisio endemikoak» arriskuan jarriko lituzkeela pertsona zaurgarriak. Eritasun larria izateko arriskuan daudenak bakarrik kontuan hartuta, herrialde batzuetan biztanleriaren %30 legoke egoera horretan, testuaren sinatzaileek diotenez. «Erokeria bat da talde immunitatea kutsatzeen bitartez lortzea», laburbildu du Mayorrek.

Nazioarteko ikasgaiak

Udaz geroztik, kutsatzeak azkar hazten ari dira ia mundu osoan, eta, hori dela eta, birusaren transmisioa eragozteko eta kontrolatzeko neurri «eraginkorrak» ezarri behar direla sinetsita daude nazioarteko adierazpenaren sinatzaileak. Agirian jaso dute murrizketak beharrezkoak direla konfinamendu zorrotzak ekidin nahi badira, eta Japonia, Vietnam eta Zeelanda Berria jarri dituzte eredutzat. Nazioartetik badagoela zer ikasi nabarmendu du Mayorrek: «Herrialde horietako estrategiak eraginkorrak izan ziren, frogatu dutelako osasun publikoaren erantzun sendoek transmisioa kontrola dezaketela, bizitza ia normala izan dadin ahalbidetuz. Ikas dezagun haiengandik».

Adierazpenaren sinatzaileek onartu dute pandemiaren lehen olatuan ezarritako konfinamendu zurrunek eragina izan dutela herritarren zein ekonomiaren osasunean, baina, hala ere, horien defentsa egin dute. Mayor: «Ikusi duguna da geroz eta beranduago hartu neurriak, orduan eta ondorio kaskarragoak daudela. Proposatzen duguna zera da: egin ditzagun gauzak ongi, berriro konfinamendu zorrotzik izan ez dezagun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.