Albistea entzun

'Bateragune auzia'

Gorenaren ustez, epaia bertan behera uzteak ez dakar absoluzioa

Bigarren aretoak arrazoitu du Auzitegi Nazionalaren sententzia indargabetzearen «ondorioa» izan beharko litzatekeela beste epaiketa bat egitea. «Eskubidea» dute defentsak eta akusazioek
Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez, asteartean egindako agerraldiaren ondoren.
Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez, asteartean egindako agerraldiaren ondoren. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2020ko abenduak 18

Bateragune auziko bost auzipetuak atzera epaitzea «derrigorrezkoa» da, Espainiako Auzitegi Gorenaren ustez. Bigarren aretoko hamasei epaileek argudiatu dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2018ko azaroan ebatzi zuela auzipetuek ez zutela epaiketa justu bat eduki, Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailea ez zelako «inpartziala» izan. Gorenak atzo kaleratutako epaiaren arabera, joan den udan horregatik beragatik indargabetu zuen 2012ko maiatzean berretsitako epaia. Iruditzen zaio, horrenbestez, epaia «bertan behera» uztearen «ondorioa» izan beharko litzatekeela beste epaiketa bat «ahalik eta azkarren» egitea, egin ezean ez legokeelako auziari buruzko «baliozko epairik», eta horretarako «eskubidea» baitute defentsak eta akusazioek. Guztiz baztertu du, ordea, sententzia indargabetua izatearen ondorioa «absoluzioa» dela.

Joan den astelehenean jakinarazi zuten Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Rafa Diez eta Arkaitz Rodriguez berriro epaituko dituztela Auzitegi Nazionalean, Goreneko fiskalaren eskaerari men eginez. Miguel Colmenero Goreneko bigarren aretoko magistratuak idatzi du sententzia, eta azaldu du auzipetuak kondenatuak izan zirela, ezarri zizkietela kartzela zigorrak: 31 urte guztira, 2009 eta 2017 artean betetakoak. «Horiek horrela, alde batetik, zuzenbide estatua ezin da ezer egin gabe gelditu zuribide ezagunik ez duen libertate urraketa horren aurrean», nabarmendu du Colmenerok. Ahozko epaiketaren aurreko egoerara itzuliko da auzia.

Ez zen egon, hemezortzi orrialdeko epaian jaso dutenez, auziari buruzko «baliozko ebazpen jakinik», eta horrek «berehalako bi ondorio» edukiko lituzke. Batetik, «justiziak» ez duela hartu gertatutakoari buruzko «behin betiko» erabakirik; eta akusatuek zigorra bete dutela gertakari batzuen ondorioz, «zeintzuen gainean ez den behin betiko erabakirik hartu».

Zigor areto hartako osoko bilkurak aho batez azpimarratu du akusatzaileek akusazioei eusten dietela. Vox eskuin muturreko alderdiak jarritako helegitea aintzat hartu zuen fiskaltzak duela hilabete inguru, eta, hain zuzen, horri men egin dio Manuel Marchena magistratua buru duen aretoak —Kataluniako buruzagi subiranisten kontra egindako epaiketako epaimahaiko presidentea izan zen—. Auzitegi Nazionalean, ordea —han epaitu zituzten akusatuak 2011ko udan, ETAren gidaritzapean Batasunaren Mahai Nazionala berregitea egotzita—, ez zuen onartu epaiketa berriro egiteko AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak egindako eskaera. Joan zen urrian ebatzi zuen hori.

Ebazpen hartan zehaztu zuen, hain zuzen ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazten duela «pertsona interesdunek» eskatuta soilik egin daitekeela epaiketa berriro. Gorenak uste du auzipetuen defentsek horri heltzen diotela, baina bigarren aretoaren «irizpidea» ez dela hori. «Izan ere, ez litzateke beste epaiketa bat izango, lehena indargabetua izan baita akusatuetako baten oinarrizko eskubide bat babeste aldera», arrazoitu du. Horri dagokionez, nahiz eta aretoak uste duen urratu egin dela akusatuak epaile inpartzial baterako zeukan eskubidea, halaber nabarmendu du ezin duela eragin hori gehiago hedatu eta akusatuari biderik eman «barne zuzenbideak onartzen ez dion ahalmenik izan dezan prozesuan, aintzat harturik leporatzen zitzaion delituak zer ondasun juridikori eragin dien».

Magistratuek joan den astelehenean jakinarazi zutenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikuluak beste epaiketa bat egiteko aukera ematen du, epaiaren aurreko prozesuan «funtsezko akats bat» egin baldin bada. Horri heldu dio, eta adierazi du badirela adibideak erakusten dutenak prozeduran «funtsezko akats bat» egon baldin bada beste epaiketa bat ekarri dutenak. Nabarmendu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak iaz onartu egin zuela Errumanian kausa bat berriro irekitzea. «Erabaki horrek justifikatuta egon behar du gertakari berriak daudelako, edo aurreko prozeduran oinarrizko akats bat aurkitu delako».

Dena den, BERRIAk kontsultatutako juristen iritziz, 4.2 artikulu horren helburua da, nolabait, kaltetuek izatea aukera beste epaiketa bat edukitzeko.

Aurrekariez

Txostenean aipatu dute Gorenean zortzi aurrekari daudela adierazten dutenak lehen instantzian absoluzioa eman bazen ez zela «beharrezkoa» izan «ebazpen berri bat», hau da, beste epaiketa bat, auzia Estrasburgora eramanagatik. «Baina kasu honetan, ordea, auzipetuak kondenatuak izan ziren lehen instantzian», zehaztu dute magistratuek epaian.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Markel Olano eta Jean-Jacques Lasserre akordioaren berri eman dute gaur goizean, Donostian. ©Gipuzkoako Foru Aldundia

«Mugaz gaindiko» lehen aurrekontuak onartu dituzte Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako ordezkariek

Unai Etxenausia

300.000 euroko aurrekontu bat zehaztu dute bi aldeek; 150.000 euro erakunde bakoitzak.

 ©JON URBE / FOKU

«Gauzak aldatzeko ilusioa berreskuratu behar dela uste dugu»

Joxerra Senar

Garrantzi berezia eman dio Iruñean eta Bilbon egingo den manifestazioari; larunbatean egingo dute, gazteen pobretzeari eta pandemiari eman zaien erantzun autoritarioa salatzeko. «Beharrezkoa da bide propio bat egitea».
Martin Villa, Madrilen egindako agerraldi batean. ©FERNANDO ALVARADo / EFE

Bartzelonako Urrezko Dominarekin jarraituko du Martin Villak

Iosu Alberdi

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du hiriko udalak hartutako erabakia. 

Zaballako espetxearen atarian 2020ko abenduan euskal presoen seme-alaben eskubideen alde egindako ekitaldi bat. ©Jaizki Fontaneda / FOKU

Zaballan dira Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

3 urte bete berri dituen Izadi umearen gurasoak dira. Espainiako Espetxe Erakundeek abendu akaberan iragarri zuten Euskal Herriratuko zituztela, eta gaur gauzatu da lekualdatzea.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.