AEBetako bozak. Trump kargutik kentzeko aukerak

Trump Penceren ardurapean

Pence presidenteordearen esku legoke 25. zuzenketa abiaraztea presidentea kargutik kentzeko; 'Impeachment'-a bideratzea, berriz, Kongresuari legokioke

Donald Trump presidentea eta Mike Pence presidenteordea, Etxe Zurian, iazko azaroaren 24an. KEVIN DIETSCH / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ikuskizun izango da ea Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteakbeteko duen agindutako boterearen «trantsizio ordenatua», eta horrek baretuko dituen hura boteretik ateratzeko ekinbideak. Izan ere, herenegungo gertakariak hauspotu dituela eta, hura kargutik kentzeko aukerak aztertzen ari dira politikariak, urtarrilaren 20an Joe Biden demokratak karguaren zina egin aurretik. Alderdi Errepublikanoko hainbat kide eta Etxe Zuriko kolaboratzaile ere eztabaidan ari dira.

Senatari demokraten buru Chuck Schumerrek egin dio Mike Pence jarduneko presidenteordeari eskaera, 25. zuzenketa abiaraz dezan; National Association of Manufacturersek ere, AEBetako 14.000 konpainia batzen dituen elkarteak, eskatu dio «25. zuzenketa abiarazteko aukera serioski azter» dezala. Trumpen aliatu izan da talde hori orain arte. Hainbat legelari ezagun sinadurak biltzen hasi dira helburu berarekin. Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak berak Trumpen aurkako impeachment-a abian jartzeko eskatu zuen atzo iluntzean. Dena den, ez da gutxietsi behar presidenteak alderdiaren barruan oraindik duen babesa, alderdia ukituta eta banatuta dagoen arren.

Gauzak horrela, bi aukera daude mahai gainean: AEBetako Konstituzioko 25. zuzenketa abiaraztea, edo, epaiketa politikoa egitea, impeachment-a. Biak ala biak aurrera ateratzeko konplexuak, denbora gutxi baitago, eta, gainera, Alderdi Errepublikanoko hainbat ordezkariren babesa behar luketelako. Aukerak, ordea, hor daude.

25. ZUZENKETA

25. zuzenketa Trumpen alderdikideen esku dago, presidenteorde Mike Pencek bideratu beharko bailuke. Ordea, Pencek Joe Bidenen garaipena onartzeaz harago, alderdian izan litzakeen ondorioen ardura bere gain hartu beharko luke, eta, gainera, Trumpek aukera izango luke burutik ez dagoela gaizki azaltzeko. Izan ere, hori baita zuzenketa horrek aplikatzeko eskatzen duena: argudiatzea presidentea ez dela gai fisikoki edo mentalki bere funtzioak betetzeko.

Nolakoa da prozedura?

25. zuzenketaren 4. klausulan dago gakoa. AEBetako presidenteordeari ematen dio boterea abiarazteko, eta, berez, presidenteak bere gogoz kontra utziko luke kargua. Orain arte, ez dutesekula formula hori erabili.

Pencek eta Trumpen kabineteko ordezkari gehienek adierazi beharko lukete presidentea ez dela gai bere eginbeharrak betetzeko. Gehiengoa izango balu, lau egun lituzke Trumpek erabakiarekin ez dagoela ados esateko, alegia, burua bere lekuan duela argudiatzeko, baina kabineteak, hala ere, prozesua bideratu behar dela pentsatzen jarraituz gero, presidenteordeak Ordezkarien Ganberari eta Senatuari informatu beharko lieke ustezko ezintasunari buruz. Une horretantxe bilakatuko litzateke Pence behin-behinean presidente. Zuzenketa aplikatu eta kargu aldaketa egin ostean, Ordezkarien Ganberan eta Senatuan bozkatu beharko lukete erabakia, eta ganbera bakoitzeko ordezkarien bi herenek babestu beharko lukete. Gehiengoa lortuko ez balitz, Trump presidentetzara itzuliko litzateke. Pence presidente bilakatuta ere, egun batzuetan soilik egongo litzateke kargu horretan, urtarrilaren 20an Joe Bidenek karguaren zina egin arte.

Aurrekariak

25. zuzenketa 1967an onartu zuten John F. Kennedy presidentea tiroz hil eta lau urtera. Orain arte,beste klausula batzuk erabili izan dituzte, oso bestelako kasuetarako. 1970eko hamarkadan 25. zuzenketaren lehen klausula erabili zuten Gerald Ford orduko presidenteordea presidente izendatzeko, 1974an Richard Nixonek dimisioa eman ondoren. Nixon errepublikanoari epaiketa politiko bat egitekoak ziren, baina Ordezkarien Ganberako bozketaren aurretik dimisioa ematea erabaki zuen, demokraten aurkako Watergate espioitza kasuaren harira.

Hirugarren klausula erabili izan dute beste bi presidentek; Ronald Reaganek eta George W. Bushek. Presidenteek hala erabakita uzten dute kargua behin-behinean, besteak beste ebakuntza bat egon izan denean.

'IMPEACHMENT'-A

Donald Trump kargutik kentzeko beste aukeretako bat da haren kontrako beste impeachment bat abiatzea —bigarren aldia litzateke—. Epaiketa politikoak denbora har lezake, baina azkartu dezakete nahi beste, bi ganberek hala erabakitzen badute. Orain arteko motzena Trumpi aurretik egindakoa izan da: bi aste, eta luzeenak 184 egun iraun zuen.

Prozedura

Ordezkarien Ganberan hasten da prozesua, eta presidenteak «delitu larri edo arin» bat egin duelako karguak aurkezten dituzte. Ordezkarien Ganberako 435 ordezkarien gehiengo sinpleak hala uste badu, prozesua Senatura doa, eta han epaiketa egiten dute erabakitzeko presidentea errudun ala errugabea den. Presidentea kargugabetzeko, Senatuaren bi herenen aldeko botoa beharko litzateke, eta horrek esan nahi du gutxienez hogei errepublikanok Trumpen aurka bozkatu beharko luketela, demokrata guztiek ez ezik.

Lehen epaiketa politikoa

2019ko irailean sortu zen eskandalua. Hainbat hedabidek argitaratu zuten Trumpek uztailean Ukrainako bere homologo Volodimir Zelenskiri eskatu ziola orduan presidenteorde ohi zen Joe Biden eta haren seme Hunter Biden ikertzeko. Beraz, agerian geratu zen, demokraten ustez, Trumpek «diplomazia paralelo bat» bere onurarako erabili zuela. AEBetako presidentearen boterea Ukrainako Gobernuari presio egiteko erabili izana leporatu zioten, baina Senatua gehiengo errepublikanoz osatua dago, eta absolbitu egin zuen. Prozesua hasi eta bi astera amaitua zegoen.

Beste adibide batzuk

Trumpen aurretik, bitan saiatu dira presidentea kargugabetzen, arrakastarik gabe. Lehena Andrew Johnson demokrata izan zen, 1868an, Senatuaren baimenik gabe kargugabetu baitzuen garai hartako Gerra idazkaria. Bigarren kasua 1998koa izan zen, Bill Clinton demokratarena. Ordezkarien Ganberak justiziaren lana oztopatzea eta gezurrezko zina egitea egotzi zizkion, sexu jazarpen kasu baten harira, baina Senatuak absolbitu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.