Albistea entzun

Hizkuntza gutxituen tokiko ituna izenpetuko dute 29 herrik

Europako Kontseiluari bidaliko dizkiote uda honetan, oniritzia eman dezan, eta irailean bozkatuko dituzte herriko kontseiluetan. Herriko etxe gehiago engaiatzea espero dute
29 herriko etxeetako ordezkari batzuk, atzo, Itsasun egin zuten agerraldian.
29 herriko etxeetako ordezkari batzuk, atzo, Itsasun egin zuten agerraldian. PATXI BELZAIZ Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko uztailak 16 - Itsasu

Europako Hizkuntza Gutxituen Tokiko Ituna izenpetzera engaiatu dira Ipar Euskal Herriko 29 herri. Itunaren bide orriak proposatzen dituen engaiamenduak hautatu dituzte, eta Europako Kontseiluari bidaliko dizkiote uda honetan, hark oniritzia eman dezan. Heldu den irailean bozkatuko dituzte herriko kontseiluetan, eta, ondotik, abenduaren 3an eginen dute izenpetze ofiziala, Europako Kontseiluko ordezkarien parte hartzearekin. Ordurako herriko etxe gehiago engaiatuko direla espero dute.

Anitz hauspotu da Itsasuko (Lapurdi) ezkerreko abertzaleek iazko herriko bozetako kanpainan egindako proposamena. Ofizialki martxoaren 25ean aurkeztu bazuten ere, joan den urtarriletik ari dira herriko etxeetan aurkezpenak egiten, Euskal Konfederazioaren laguntzarekin. Orotara 52 herriko etxerekin bildu dira, eta Euskal Hirigune Elkargoko zazpi lurralde eremutan egin dituzte aurkezpenak. Horrez gain, hautetsientzat bilkura teknikoak ere egin dituzte, engaiamenduak hautatzen laguntzeko.

49 engaiamendu proposatzen ditu tokiko itunak, eta gutxienez 35 hartu behar dira. Atzo prentsaren aitzinean agertu ziren 29 herriek jada hautatuak dituzte engaiamenduak; beste batzuk hautaketa prozesuan ari dira. Abenduaren 3ko izenpetze ofizialean herriko etxe gehiago izanen dela espero dute. «Batzuk orain dela gutxi ikusi ditugu. Oraindik ez dute denbora izan hausnarketak bururaino eramateko», azaldu zuen Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak.

Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak ere parte hartu zuen prentsaurrekoan, baina Baigorriko hautetsi gisa. «Elkargoak arreta handiz segitu du orain arteko prozesua, eta begi onez ikusten dugu», adierazi zuen. Ipar Euskal Herriko erakundea «bigarren edo hirugarren bagoian» sartzea nahiko lukeela argitu zuen. Funtsean, ekinbidea bultzatzen aritu diren herrian xedea ere izan da elkargoa martxan sartu aitzin herrien blokea osatzea.

Askotariko herriak

Lehen izenpetzaileen artean da Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Herriko Etxea. Botere aldaketa izan zen 2020ko martxoan, eta, ordutik, Pettan Aizagerrek du euskara biziberritzeko hizkuntza politikaren ardura: «Orain arte ez da ezer egin; orrialde zuri batetik abiatu gara». Komunikazio elebiduna egiten hasi dira, eta Euskal Elkargoarekin hobekuntza kontratua lantzen ari dira. Ez du dudarik: «Donapaleu eta Amikuze euskaldunak dira». Agintea hartu duen taldearen xedeetan da euskara sustatzea.

Urruñan ere (Lapurdi) egoera berdintsutik abiatu direla kontatu du Pruden Sudupek. «Duela urte zenbait herri euskalduna zen, baina orain ez hainbeste. Inertzia horretan ongi instalatua zen gu aitzin agintean zen jendea. Urte batez zuloak tapatzen aritu gara. Ez zen deus egina; %99 frantsesez zen». Herriko etxeko langile euskaldunen laguntzarekin, arlo guzietara eraman nahi dute euskara.

Ortzaizen ere (Nafarroa Beherea) «hastapenetik argi» zuten euskarari bere lekua eman behar ziotela. Herriko langileak Euskaraldian inplikatu zituzten, euskara taldea sortu dute herriko kontseiluan, eta herriko helbideak euskaratzeari ekin diote. Horrez gain, euskarazko jarduerak proposatzen hasi dira, komunikazio lana euskaraz egiten, eskoletarako euskarazko materiala lortzen... «Urrats txikiak dira, baina ondorio handiak izan ditzakete», Elodie Falxa hautetsiaren hitzetan.

Uztaritzen (Lapurdi) bigarren agintaldia izanen dute ezkerreko abertzaleek, eta bigarren etapa batera pasatzeko asmoa agertu du Nikolas Blain axuantak —berak du hizkuntza politikaren ardura—. Besteak beste, barnetegian euskara ikasteko urtero hiru herritarri eskaintzen dieten beka aipatu du, baita Uzta Hitza festibala ere. Zerbitzuetan euskara gero eta gehiago sarrarazten ari direla ere erran du, eta herriko eragileekin lanean ari direla euskara ahalik eta leku gehienetara iristeko. Itunaren inguruan sortu den dinamika kolektiboa goraipatu du, testuinguruan jarrita: «Euskararen arloan aktualitate korapilatsua dugu; kolektiboki erantzun behar dugu borroka ez galtzeko».

Instituzioetan ere bai

«Itunak beste ezagupen maila bat ematen du neurriak planifikatu eta lehentasunak hautatzeko», esplikatu du Gillen Hiribarren Itsasuko hautetsiak. «Hastapena baizik ez da: bide luzea izanen da. Gero eta herri gehiago biltzeak kuraia ematen du». Herriek euskararen biziberritzean duten ardura azpimarratu du Aizagerrek, eta dei egin die herriko etxeei: «Kopuru polita da, baina gehiago sartuko direla espero dugu; momentua da engaiatzeko. Bakoitza bere mailan, bakoitza bere erritmoan. Euskararen geroa instituzioetan ere jokatzen da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Biktimaren senarraren autoa, istripua izan eta gero, La Vila Joiosan (Herrialde Katalanak). ©Alacanteko suhiltzaileak

Soraluzekoa zen Benidormen hil duten emakumea

Jon Ordoñez Garmendia

'Plaentxi.eus' herri komunikabideak BERRIAri baieztatu dionez, M. L. L. da hildakoa. 68 urte zituen. Benidormen zuen etxean topatu du Poliziak, harengana joan denean esatera senarra auto istripu batean hil zaiola. Gorpuak indarkeria zantzuak ditu, eta senarra da susmagarri nagusia.

Cabezudok ezingo du kartzela utzi du epai behin betikoa jaso arte

Cabezudok ezingo du kartzela utzi du epai behin betikoa jaso arte

Arantxa Iraola

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak egindako eskea ontzat jo du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, eta beste sei urtez luza daiteke behin-behineko espetxealdia

Luis Iriondo, Gernikako bunker batean, 2017an. ©Aritz Loiola / Foku

Luis Iriondo hil da, Gernikako bonbardaketen azken lekukoetako bat

Berria

Hainbat lan idatzi zituen, eta memoriari loturiko ekintzetan aktiboki jardun zuen. 100 urte bete eta hiru aste eskasera hil da.

Pello Otxandiano, artxiboko irudi batean ©Monika del Valle / FOKU

EH Bilduk bermatu nahi du hezkuntza komunitateak Hezkuntza Legearen eztabaidan parte hartzea

Irati Urdalleta Lete

Koalizio abertzaleak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroaren balorazioa egin du. Iragarri du «zuzenketa asko» egingo dizkiotela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ekhi Erremundegi Beloki

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...