Elizako abusuen aurkako legeak lehen pausoa eman du Nafarroan

Zentro erlijiosoetan sexu abusuak pairatu zituztenei «aitortza» emateko lege proposamena erregistratu dute PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk. «Aitzindaria» izanen dela uste dute

Ezkerretik eskuinera, Blanca Regulez (Geroa Bai), Eduardo Santos kontseilaria, Virginia Magdaleno (PSN) eta Mikel Buil (Ahal Dugu), atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Gertatutakoa ikertu, biktimei aitortza eman eta egia azaleratu. Zentro erlijiosoetan gertatutako sexu abusuen auzian zauriak ixten laguntzea da PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk Nafarroako Legebiltzarrean erregistratu duten lege proposamenaren helburua. Arau «aitzindaria» izanen da Espainiako Estatuko erkidegoen artean, lehen aldiz biktima izaera ofizialki aitortuko zaielako Elizan sexu abusuak pairatu dituztenei, eta «gertatutakoaren memoria kolektibo bat» sortzen lagunduko duelako.

Atzo aurkeztu zuten egitasmoa Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari Eduardo Santosek, eta Virginia Magdaleno (PSN), Blanca Regulez (Geroa Bai) eta Mikel Buil (Ahal Dugu) legebiltzarkideek. Taldeon helburua da legea uda aurretik tramitatzea eta osoko bilkuran onartzea. Gehiengo zabala dute horretarako, proposamena izenpetu duten hiru taldeez gain Ezkerra eta EH Bildu ere legearen alde azaldu baitira aurreko lan saioetan. Navarra Suma da arauari atxikimendua adierazi ez dion talde bakarra, baina, oraingoz behintzat, kontrakotasun espliziturik ere ez. Koalizio eskuindarreko arduradunek esan dute lege proposamenaren edukiak «arreta handiz» aztertuko dituztela, alde edo kontra bozkatuko duten argitu gabe.

Preskribatutako abusuak

Orain aurkeztutako lege proposamenaren bidez, biktimen laguntza eskaerari erantzun nahi izan diote Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeek, «administrazioak esku har dezan auzitegien bidez konpondu ezin diren kasuetan». Izan ere, auzibidean jarritako abusu gehienak preskribatuta daude, eta ustezko errudunetako batzuk, hilik. Halakoetan biktimak «babesgabe» daudela nabarmendu dute legearen sustatzaileek, eta administrazioak ezin duela «ezi kusiarena egin edo beste alde batera begiratu».

Santosen esanetan, «hiru urteko elkarlanaren fruitua» izanen da Elizako sexu abusuen biktimen legea: «2019an, biktimek jo zuten gugana, eta parlamentura etorri ziren gertatu zitzaienaren testigantza ematera. Ordutik, hainbat forma hartu ditu auziak: jardunaldiak, kazetaritza ikerketak, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratutako txosten bat, eztabaida politiko luzeak, batzorde parlamentario bat... Denbora honetan, lehen mailako gai soziala bihurtu da Elizako sexu abusuena».

Kontseilariaren esanetan, sexu abusuena «giza eskubideei lotutako arazoa» da, eta oinarrian ditu «egiaren eta justiziaren aldarrikapena, ahanzturan ez jausteko eskaera bat eta, batez ere, konpromiso bat gertatu zena errepika ez dadin». Legea idazteko prozesu osoan biktimak «erdigunean» izan direla ere gaineratu du, «ekarpen ugari egin baitituzte».

Eliza Katolikoarekin ere «harreman joria» izan dutela nabarmendu du Santosek; hala ere, gotzainek oraindik «erabakitzeke» dute nola kolaboratuko duten foru legearen arrimura sortuko diren ikerketekin. «Eliza Katolikoaren laguntza ezinbestekoa dugu zenbait kasu argitzeko, eta errespetu osoa zor diogu instituzioari, baina gure lehentasuna da biktimek eskatzen dutenarekiko konpromisoa».

Biktimen bulegoa

Lege proposamenean zehaztuta dago Nafarroako Gobernuak «biktimen bulego bat» sortuko duela, ikastetxe erlijiosoetan abusuak sufritu zituztenen testigantzak eta salaketak jasotzeko. Bertan, kasu bakoitza banan-banan aztertuko du batzorde batek, eta espedientea zabalduko du. Horren arabera erabakiko dute salaketa jarri duen pertsona biktimatzat aitortzen duten ala ez. Batzorde horretan ez dute politikariek parte hartuko, «aditu independenteek baizik»; hala nola historialariek, zuzenbidean adituek eta buru osasuneko profesionalek. Eliza Katolikoak ere ordezkari bat izanen luke batzordean, baina, oraingoz, Iruñeko Artzapezpikutzak ez du argitu parte hartuko duen ala ez.

Biktimen bulego horren beste eginkizunetako bat izanen da testigantzak eta salaketak biltzea eta urtean behin txosten bat aurkeztea Nafarroako Parlamentuari, «arazoaren benetako tamaina azaleratzeko». Herritarren parte hartzea galdegin du kontseilariak, «aurrerantzean ere ezinbestekoa izanen baita biktimen eta lekuko izandakoen laguntza, egia azaleratzeko».

Biktimei kalte ordain ekonomikoa pagatuko ote dieten galdetuta, Santos kontseilariak esan du legearen helburua dela «aintzatespen soziala» ematea, eta, abusu kasuren bat frogatu ostean kalte ordaina pagatu beharko balitz, «kaltea egin zuenak» pagatu beharko lukeela: «Kasu honetan, Elizak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.