Suizidioa zaurgarritasunean

LGTBI kolektiboko kideen eta adineko pertsonen suizidio tasa handiagoa dela adierazi dute EHUko Udako Ikastaroetan suizidioari aurre egiteko tresnei buruz aritzean.

Suizidioari buruz aritu dira EHUko Udako Ikastaroetan, Izena duena: suizidioa jardunaldian. GORKA RUBIO / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun

Suizidioan ez dago askatasunik: une desesperatu batean hartzen den neurri desesperatu bat da», adierazi zuen atzo Laura Almudevar psikologoak. Eta datuek erakusten dute tentuz aztertu beharreko errealitatea dela. 2020an, adibidez, Hego Euskal herrian 223 pertsonak egin zuten beren buruaz beste

Suizidioak «bereziki» eragiten die talde kalteberei, hala nola LGTBI kolektiboko kideei edo adinekoei. Bi kolektibo horiek suizidioarekin duten harremanaz aritu ziren atzo Izena duena: suizidioa EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroan. Horrekin, arazo hori ikusarazten jarraitzeaz gain, suizidioari aurre egiteko zenbait tresnari buruz aritu nahi izan dute.

Agustin Salazar Biziraun elkarteko kide eta lehen mailako arretako mediku jubilatuaren arabera, bere buruaz beste egiteko arriskua «handitu» egiten da adinean aurrera egin ahala, batez ere gizonezkoen kasuan. Beren buruaz beste egiten saiatzen direnen eta hala egitea lortzen dutenen arteko erlazioa kontuan hartuta, adinekoek tasa handiagoa dute beste talde batzuetakoek baino. Izan ere, zahartzaroan beren buruaz beste egiten saiatzen direnen laurdenek lortzen dute. Beste kolektiboetan, ordea, hamabost eta hogei pertsonatik batek lortzen du. «75 urtetik gorakoen suizidio tasa 15 eta 24 urte bitartekoena baino hiru aldiz handiagoa da».

Almudevarren arabera, adinekoek metodo «hilgarriagoak» erabiltzen dituzte, eta abisu seinale «gutxiago» ematen dituzte. Horrek «zailagoa» egiten du suizidioaren prebentzioa. Horiek horrela, 60 urtetik gora dituztenen artean, beren buruaz beste egiten duten hamar lagunetik bederatzik lehenengo ahaleginean lortzen dute.

Salazarrek azaldu zuenez, suizidioak ez dauka kausa bakarra, baina arrazoietako bat izan daiteke, besteak beste, gaixotasun kronikoren bat pairatzea edo nahi ez den bakardadea jasatea. «Azkenean, osasun falta eta, horrekin batera, independentziarik eza arrisku faktoreak dira biztanleria geriatrikoaren jokabide suizidari buruzko azterlanetan», azaldu zuen Salazarrek.

Almudevarren ustez, zahartzaroan suizidioari aurre egiteko modurik «eraginkorrenetakoa» da gazteei alarma seinaleak zeintzuk diren detektatzen irakastea eta horien aurrean zer egin erakustea, baita adinekoekin terapia kognitibo-konduktualak egitea ere.

Estigmatizazioaren eragina

Nerabeei ere eragiten die suizidioak; izan ere, hori da nerabezaroko lehen heriotza kausetako bat. «Horri gehitzen badiozu estigmatizatutako gutxiengo bateko kide izatea, hortxe daukazu bonba», adierazi zuen Beatriz Sever sexologo eta Naizen elkarteko bozeramaileak.

Horrekin batera, azaldu zuen LGTBIko kideak ere zaurgarriak direla suizidioaren aurrean. Severrek zehaztu zuen estatuan ikerketa gutxi egiten direla alor horretan, baina AEB Ameriketako Estatu Batuetako datua eman zuen: «LGTBI kolektiboko kideek suizidio arrisku handiagoa dute, gazteek bereziki, eta are handiagoa transexualek». 28.000 pertsonarekin egindako ikerketa baten arabera, 18 eta 25 urte bitarteko gazte transexualen %42 ahalegindu dira noizbait beren buruaz beste egiten AEBetan: «Datu hori beldurgarria da».

Halaber, adierazi zuen, Kanadan egindako ikerketa batean oinarrituta, 14 eta 25 urte bitarteko gazteen %64k «serioski» pentsatu dutela bere buruaz beste egitea aurreko urtean. Adin tarte horretako gazte zisgeneroen artean, berriz, %25ek planteatu zuten.

Severren arabera, transexualak direla konturatu eta kontatzera ausartzen ez diren momentua «sufrimendu handiko» etapa bat da haientzat, eta «askotan» hor saiatzen dira beren buruaz beste egiten. Horrez gain, gorputza aldatzen hasten zaien garaiak ere garrantzi eta pisu «handia» dauka nerabe transexualengan, eta sufrimendu psikikoak eragina izaten du garai horretan.

Halakoei aurre egiteko orduan eragin «handia» du inguruneak; izan ere, «barneratutako transfobia, bifobia eta homofobiaren eraginez, pertsonak berak pentsa dezake arazo bat daukala». Gaur egungo «testuinguru patriarkatu eta heterosexistan, eredu erreproduktibotik at gelditzen den guztia patologia edo perbertsio baten» gisan sarri hartzen dela nabarmendu du. Horregatik Severren ustez, «ezinbestekoa» da sentsibilizatzea eta gaiaren inguruan trebakuntza ona ematea: «Orokorrean, ezjakintasun handia baitago gai horretan».

Inguruaren babesa

Horren harira, suizidio kasu «gehienak» eragotz daitezkeela uste dute Naizen elkartekoek, eta uste dute horretan inguruneak lagundu egin behar duela: «Aldaketa bat egon behar da kanpokoen begiradan». Gainera, neurriak hartzen direnean, orokorrean gazteek psikologikoki «hobera» egiten dute.

Suizidioari aurre egiteko orduan, gomendatu zuen, besteak beste, sexu heziketan sakontzea, eta horren barruan norberak bere burua ezagutzea eta onartzea, erreferente positiboak izatea eta sentsibilizazio kanpainak egitea. Transfobia, homofobia eta bifobia ikusarazi behar direla esan zuen, transexualitatea despatologizatzera egin behar dela, lege espezifikoak garatzea garrantzitsua dela, eta LGTBI gaiak eskola curriculumean sartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.