Independentismoa apaldu egin da

Naziometroak egindako ikerketaren arabera, gizartean azken bi urteetan lau puntu egin du behera independentziaren aldeko jarrerak, baina harrera hobea du estatu berri hori berdinzaleago izateko aukerak

Naziometroaren datuen aurkezpenaren ostean, atzo, Bilbon egindako mahai-inguruaren argazki bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2022ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Independentzia nahia apalduz doa euskal gizartean. Hala adierazi dute Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiaklandutako Naziometroaren emaitzek. Erakunde berak 2021eko azaroan egindako ikerketan, independentziaren aldeko portzentajea %26,4 zen, eta %22,4 da aurtengo apirilean. Euskal Herri osoa hartu dute kontuan azken ikerketa egitean, eta, guztira, 1.400 elkarrizketa eginda lortu dituzte datuak. Baina beherakada horretan badira ñabardura esanguratsuak ere, AsierEtxenike Aztikerreko ikerketa eta berrikuntza arduradunak atzo Bizkaia Aretoan azaldu zuenez. Horregatik, titulu horren atzean «azalpen metodologiko» batzuk ere badaudela adierazi zuen.

Galderen formulazioan dago gakoetako bat, hain zuzen. Independentziaz galdetu beharrean, euskal estatuaz galdetzean, esaterako, «zenbakiak erabat aldatzen dira», Etxenikek zehaztu zuenez. Izan ere, euskal estatua sortzeko erreferenduma guztiz ofiziala eta onartua izango litzatekeela nabarmenduz gero, %37,5ek egingo zuten euskal estatuaren alde. «Independentzia hitzak badu identitate elementutik asko». Datu hori ere, ordea, aurreko neurketekin alderatuta, txikiagoa da. Euskal estatuaren aldeko jarrera %40,5ekoa zen, joan den azaroan. Beraz, harrera hobea izanik ere, euskal estatuari buruzko erantzunak ere hiru puntu egin du behera.

Era berean, gora egin du independentziarekin «oso desados» edo «desados» azaltzen diren herritarren kopurua. 2021eko azaroan 42,1 ziren, eta aurtengo neurketan, berriz, %44,7. Baina, aldiz, apenas izan duen igoerarik euskal estatuarekin desados azaldu direnen multzoak.

Justiziaren faktorea

Estatu horri ezaugarri zehatz batzuk gehitzeak aldatzen ditu kopuruak. Etxenikek atzo azaldu zuenez, euskal estatuarekiko harrera hobea baita, elkarrizketatukoei estatu hori berdinzaleago eta justuago izan daitekeela planteatzean.

Ondorengo faktoreek, besteak beste, «eragin handia» dutela esan zuen ikerketaren arduradunak: politika sozialek, pentsioek, genero politikek eta politika ekologikoek.

Independentziaren alde daudenen profila ere erakusten du ikerketak, bestalde, eta hitzez hitz egin zuen haien erretratua Etxenikek Bilbon. «Independentziaren alde gehiago daude gizonak emakumeak baino, gazteak nagusiak baino, euskaldunak erdaldunak baino, ezkerrekoak eskuinekoak baino». Ez da joera argi bat antzematen, ordea, ikasketa mailen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.