Donostia ospitaleko krisia «konponbidean» jarri dute

Osakidetzako zuzendaritzak eta Donostia ospitaleko langileek bilera egin dute. Osasun Sailak esan du hainbat gai «konpondu» dituztela, eta beste batzuk landu gabe geratu direla

Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Krisia ez da amaitu, baina konponbidean jartzeko zumeak jarri dituzte. Donostia ospitaleko hainbat langileren eta Osakidetzako buruzagitzaren artean abenduaren hasieran sortutako gatazkan jarrerak hurbildu zituzten atzo bi aldeek. Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuko langileek Osakidetzako zuzendaritzarekin dituzten desadostasunak bideratzeko batzarra izan zen, eta, Osasun Sailak jakitera eman zuenaren arabera, auzia «konponbidean» dago neurri handi batean. Batzarra amaituta, langileek ez zuten adierazpenik egin nahi izan hedabideentzat, baina bertako iturriek BERRIAri baieztatu zioten hartu-emana «baikorra» izan zela eta «aurrerapausoak» izan zirela.

Ia lau orduko bilera egin zutengoizean, Donostia ospitalean bertan. Krisia bideratzeko asmoz azken hilabetean egindako bigarren bilera izan da. Medikuek esana zuten beraien helburua zela Osasun Saila «hitzetatik ekintzetara» pasatzea, eta abenduan mahai gainean jarritako bost eskariei erantzuna ematea espero zutela. Hain justu, bost eskaera eraman zituzten batzarrera: Donostialdeko ESIaren erreferentzialtasunari eustea eta Onkologikoa ESIan integratzea, profesionalak egonkortzeko neurriak hartzea, zerbitzuetan egiten den lana «maiztasunez» ebaluatzea, mahai tekniko bat eratzea ESIren estrategia definitzeko eta zuzendaritzak bertako profesionalak ezagutzea.

Eskaera horien inguruan akordiorik lortu ote zuten ez ez zuten argitu, baina Osasun Sailak ohar bidez jakinarazi zuen «antolaketarekin eta zerbitzuekin» lotutako hainbat gai jorratu zituztela, eta horietako batzuk «konponduta» geratu zirela eta beste batzuk aurrerago lantzekotan geratu zirela. Hala ere, orokorrean, bilera «positiboa» izan zela nabarmendu zuten Gotzone Sagarduiren departamentukoek.

Batzarrean jasotako informazioa aztertu, eta hurrengo astelehenean gainerako langileekin partekatuko dute ospitaleko zerbitzuburuek.

Abendutik protestan

Abenduaren 2an hasi zen krisia Donostialdeko ESIan: Osakidetzak kargutik kendu zituen Itziar Perez erakunde sanitario horretako zuzendari kudeatzailea eta Idoia Gurrutxaga Donostia ospitaleko zuzendari medikoa, eta ESIko hainbat langilek egun hartan bertan egin zuten elkarretaratzea erietxeko atarian, haiei babesa emateko. Kide kargugabetuak euren postuetara itzultzeko eskea egin zuten. Kontrara, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan zuen kargugabetzeak «antolakuntza aldaketa» soilak zirela.

Abenduaren erdialdean bildu ziren aurrenekoz Osakidetzako zuzendaritza eta Donostiako ospitaleko zerbitzuburuak. Bazirudien egoera bideratu egingo zela. Izan ere, zerbitzuburuei jakinarazi zitzaien euren erreibindikazio nagusiak errespetatuko zituela Jaurlaritzako Osasun Sailak. Besteak beste, zuzendariek eta langileek osatutako batzorde bat eratzeko bidea zabalduko zela, etaDonostia aurrerantzean ere erreferente bakarra izango zela peritoneoko minbizian.

Negoziazio batzuk tarteko, protestak eten egin zituzten bolada batean, baina abenduaren 23an berreskuratu egin zituzten bilkurak. Handik bost egunera, bost eskari «zehatz» egin zizkioten Osakidetzari, eta onartu zuten «jarrera ona» antzeman zutela Osakidetzako zuzendaritzarekin zituzten elkarrizketetan, baina «ekintzak» nahi zituztela.

Otsailaren 1ean, grebara

Gaur egun, pil-pilean dago oraindik ere osasun sistemari eragiten dion beste gai batek: osasun profesionalen esklusibotasunak. Arlo pribatuan aritzeko atea irekia dute medikuek Osakidetzan, eta Nafarroan ate hori zabaldu nahian dira beste hainbat. Medikuen Sindikatuak egin du eskaera, eta otsailaren 1erako egin duen grebaren arrazoi nagusia horixe da: esklusibotasuna kendu gabe, sare pribatuan jarduteko modua izatea. Hain justu, sindikatuak atzo erabaki zuen greba mugagabeari eustea, Nafarroako Gobernuarekin izandako negoziazioek porrot egin ostean.

Osasunbideko LAB sindikatua, berriz, aukera horren aurka agertu da; «onartezin» deritzo eskaerari, «profesional kopuru txiki bati» mesede egiteko neurria delako eta zerbitzu publikoak pribatizatzeari atea irekitzen diolako. Sindikatuaren ustez, neurriak «kalte» egingo dio osasun publikoari. «Ezin da osasun publikoa defendatzeko diskurtsorik erabili, eta bien bitartean neurri pribatizatzaileak erraztu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.