2030erako bost orduko arreta zuzena eskatu dute zahar etxeetako senideek

Egoitzetarako eredu berria proposatu du Babestu Bizkaia elkarteak. Zahar etxeei buruzko eztabaidetan «parte hartzea» exijitu dute. Gauean osasun arreta egotea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute

Sanitasen zahar etxean (Barakaldo) Babestu Bizkaiak egindako protesta, 2020ko maiatzean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Egoitzak ospitale geriatrikoak dira egun». Horrela definitu ditu zahar etxeak Xabier Monreal Babestu Bizkaia elkarteko kideak. Senideek 2016an sortu zuten elkartea, zahar etxeetan bizi direnen eskubideen alde borrokatzeko. «Egoiliarrek mendekotasun oso handia dute, eta langileek oso baldintza gogorretan egiten dute lan». Oraingo ereduak ezin dio egoerari aurre egin. Gaiaren inguruan eztabaidatzeko, Babestuk Zaintza eta mendekotasuna: sistema berreraiki jardunaldiak antolatu ditu azken bi asteetan, Zaintza Babesten federazioarekin batera. Jardunaldi horietan, besteak beste, zahar etxeetako arretarako eredu berria proposatu du Monrealek. Eta hainbat helburu finkatu ditu; besteak beste, egoiliarrek 2030ean bost orduko arreta zuzena jasotzea. «Ratio berriez hitz egin behar dugu, eta kalitatezko irizpideez». Haren esanetan, zaintza eredu berri bat sortzeko, beste toki batzuetan «ondo funtzionatzen» duten ereduak aztertu behar dira. Hona hemen eredu berriaren barruan ezinbestekotzat dituzten hainbat puntu.

ARRETA ZUZENA

ELA sindikatuak egindako ikerketa baten arabera, egoiliar batek 60 minutuko arreta zuzena jasotzen du egunean Bizkaian. Gipuzkoan, 92 minutukoa da zaintza; Araban eta Nafarroan, berriz, 88 minutukoa. Are gehiago, Babestu Bizkaiak lurraldeko langileei inkesta bat egin zien 2022an, eta, ondorioztatu zuenez, gauean, geriatria laguntzaile bakar batek 47 pertsona artatu behar ditu batez beste; eta erizain bakarra dago 430 lagunentzat. «Egoiliarren benetako beharretan oinarrituko den arreta bat behar dugu». Horretarako, Monrealek adierazi du beharrezkoa dela ratioak finkatuko dituen beste dekretu bat sortzea, hiru txandatan oinarrituta: goiza, arratsaldea eta gaua.

Elkartearen arabera, kalitatezko zaintza bermatzeko, egunean bost orduz zaindu behar da pertsona bakoitza: bi ordu goizez, bi ordu arratsaldez, eta ordu bat gauez. «Orain, ordu bateko arreta zuzena ematen zaie egoiliarrei; badakigu ezin dugula zuzenean hiru edo lau ordura salto egin». Horregatik, haien proposamena da «modu progresiboan» denbora areagotzea: «Bi ordu eta erdirekin has gaitezke aurten: ordu bat goizez, ordu bat arratsaldez eta ordu erdi gauez». Pixkanaka handitu nahi dute txanda bakoitzeko tartea, 2030ean bost orduko arreta zuzena lortu arte. Bestalde, Monrealek adierazi du geriatria laguntzaileek «zeregin asko» dituztela; besteak beste, egoiliarraren higienea zaintzea, jaten ematea eta jarrerak aldatzea. Hori dela eta, uste dute ezin dituztela gainerako zereginak ere bere gain hartu; adibidez, garbitzea edo janaria prestatzea.

OSASUN ARRETA

«Zahar etxeetako pertsonek eskubidea dute osasun arreta publikoa jasotzeko». Hau da, Osakidetzak eskaini behar du: «Funtsezkoa iruditzen zaigu, eta, gainera, zaintzaren pribatizazioari aurre egiteko modua da». Adierazi duenez, horrek ez lioke «gehiegizko gasturik» eragingo Eusko Jaurlaritzari.

Babestu Bizkaiak egindako inkestak azalarazi zuenez, gauean, «ia kasu guztietan», ez dago erizaintzaren «presentzia fisikorik» zahar etxeetan. Eta horren beharra azpimarratu du Babestuko kideak: «Geriatria laguntzaileak ezin dira bakarrik geratu; gauean egoera arriskutsuak gerta daitezke: egoiliarrek botikak behar izaten dituzte, edo eror daitezke».

PARTE HARTZEA

Zaintza sistema «demokratizatu» behar da. Izan ere, zahar etxeetako egoiliarrei zein senideei eragingo dien erabaki bat hartzerako momentuan, ez zaie parte hartzea bermatzen: «Adinekoek eskubidea dute bizitza sozialean parte hartzeko, baina ez digute foro instituzionaletan parte hartzen uzten». Hiru arlo aipatu ditu Babestuko kideak: «Hasteko, Gizarte Zerbitzuen Legeak oinarrizko printzipiotzat jotzen du parte hartzea, baina printzipioa besterik ez da, praktikan ez baitigute bermatzen». Lurralde historiko bakoitzean «bi foro garrantzitsu» daude, zahar etxeetako gaien inguruan eztabaidatzeko. «Eskatu izan diegu bertan parte hartzea, baina ezer ez».

Bestetik, «zahar etxeetako organoak» sortzeko eskatu dute, egoitzetan senideek eta egoiliarrek ordezkaritza izan dezaten. Eta, hirugarrenik, banakako arreta planean (BAP) egin du azpimarra. Egoiliar bakoitzak duen plana da BAP; pertsona bakoitzaren beharrak, ekintzak eta gainerakoak jasotzen dituzte bertan. «Derrigorrezkoa da egoiliar bakoitzak izatea, baina, askotan, senideek ez dute ezagutzen». Are, Monrealek salatu du plan horren sorreran «entitate pribatuek» hartu dutela parte, eta «langileek, senideek eta egoiliarrek», ordea, ez.

ESKUBIDEEN BABESA

Zahar etxeetako egoiliarren «oinarrizko eskubideak» bermatzea da eredu berriaren funtsezko beste puntu bat. Besteak beste, egoitza bakoitzeko toki kopuruak «60ren langa ez gainditzea» proposatu dute; pertsona bakoitzak logela bat izan dezala, euren intimitatea errespetatzeko eta bakoitzaren bizi espazioa mantentzeko. Bestalde, elikadura kontrolatu behar da: «Eredu oso ekonomista da; menuak oso kalitate txarrekoak dira, eta horrek kalte egiten dio egoiliarren osasunari». Gainera, otorduen ordutegia berrikusi behar da. Eta pertsona bakoitzaren beharrak aztertu. Sarera konektatzeko aukera ere aipatu dute, gaur egun egoiliar asko «teknologia berrien erabiltzaile» baitira.

HERTSATZEAK

Egoiliarrei botika lasaigarriak ematea edota haiek lotzea «oinarrizko eskubide» bat urratzea dela uste du Monrealek. Hori dela eta, «hertsatzerik gabeko» eredua sortu nahi dute. «Zahar etxe bakoitzeko plan bat egon behar da». Plan hori «positiboa eta errespetuz betea» izan dadin nahi dute, prebentziorako neurri alternatiboekin. Aldi berean hainbat botika hartzearen aurka ere agertu dira: «Polimedikazioa sindrome geriatriko handienetako bat da». Haien ustez, beharrezkoak ez diren edo desegokiak diren sendagaiak kenduko dituen plan bat egin behar da, aurkako ondorioak saihesteko.

IKUSKARITZA

Bizkaian zortzi ikuskari daude gizarte zerbitzu guztietarako, Monrealek azpimarratu duenez. Eta ezinbesteko ikusi du lantalde hori handitzea. «Lurralde historiko bakoitzean gutxieneko bat ezarri behar da». Bestalde, ikuskaritzek «gardenak» izan behar dutela esan du, eta «abisatu gabe» eginak. Egoitzetako kalitatea neurtzeko, elkarteak irizpide batzuk ezarri ditu. Besteak beste, egoiliarrak urtean zenbat aldiz erortzen diren zenbatzea eta haien elikadura gabeziak neurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.