Euskal Filologiak ezagutza arlo izaten segi dezala eskatu du EHUk

Espainiako Gobernuak ondu duen dekretu proiektua onartuko balute, Euskal Filologiak ezagutza arlo izateari utziko lioke. Hori «ulertezina» da EHUrentzat eta Euskaltzaindiarentzat, besteak beste

Gasteizko campuseko Letren Fakultatean eskaintzen ditu EHUk Euskal Filologiako ikasketak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Martxoan onartu zuten Espainiako Gorteek Unibertsitate Lege berria, eta hura garatzeko Espainiako Gobernuko Unibertsitate Ministerioak ondu duen errege dekretuaren proiektuak harrabotsa sortu du unibertsitateetan. Dekretu proiektu hori onartuko balute, Euskal Filologiak ezagutza arlo izateari utziko lioke, eta beste bi eremuren barruan kokatu beharko litzateke: Filologia Hispaniko eta Klasikoen arloan, edo Hizkuntza Modernoen eta Haien Literaturen arloan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak alegazio bat igorri dio Unibertsitate Ministerioari, errege dekretuaren proiektuan Euskal Filologia ezagutza eremu «zehatz» moduan txertatzeko eskatuz. Adierazi dio Euskal Filologiak ezagutza arlo izateari uzteko aukera «ulertezina eta justifikaziorik gabekoa» dela, «ez duelako aitortzen ondo ezarritako eta bereizitako errealitate zientifiko eta akademiko bat».

EH Bilduk gaitzetsi egin du errege dekretu proiektuaren edukia, eta Espainiako Diputatuen Kongresura eramango du gaia datorren asteazkenean. Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroari neurri hori indarrean ez sartzeko eskatuko dio Bel Pozueta diputatuak.

Eneko Zuloaga Euskal Filologiako irakaslea da EHUn, eta nabarmendu du Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailak ez duela ikusten aldaketa hori justifikatuko lukeen «arrazoi zientifikorik, akademikorik ez objektiborik». Euskal Filologiak espezifikotasuna galduko balu, autonomia ere galduko luke, haren arabera: «Praktikan ekar dezake, esaterako, Euskal Filologiako postu bat zehazteko epaimahaian Filologia Hispanikoko jendea egotea, edo Filologia Hispanikoan aditua den pertsona bat Euskal Filologiako gaiak ematen sartzea».

Euskal Filologiako ikasketak ez daude arriskuan «oraingoz», baina etorkizunean jarri du soa Zuloagak: «Egia da behin jakintza arloa disolbatu egiten bada edo arlo zabalago baten menpe jartzen bada, horrek ate bat irekitzen duela etorkizun batean graduak ere eskema horren arabera planteatzeko, beste unibertsitateren batean egiten duten bezala».

Ezagutza arloak

Errege dekretuaren proiektu horrek ez lieke ikasleei eragingo, baina bai irakasleei. Izan ere, unibertsitate sisteman ezagutza arlo jakin bati atxikita egon behar dute irakasleek eta ikertzaileek. Orain, Euskal Filologia ezagutza arlo bat da. Hainbat unibertsitatek, ikertzailek eta irakaslek bidalitako alegazioak jaso ostean, Unibertsitate Ministerioak ohar bat bidali die, errege dekretuaren proiektuan zehaztutakoa argitzeko asmoz. «Ezagutza arloaren kontzeptuak unibertsitateko irakasleen lanpostuen deskribapen orokorrari egin dio erreferentzia soilik», azaldu du ministerioak, eta erantsi du ezagutza espezialitateek «irakasleen postuak zehazteko» balioko dutela «soilik».

Prestatzen ari den behin-behineko zerrenda ere bidali die unibertsitateei: Euskal Filologia ezagutza espezialitate moduan azaltzen da. Horrek esan nahi duena azaldu du Zuloagak: «Irakasle postua ateratzen denean, kode batzuk sartu behar dira. Orain arte honela egiten zen: Euskal Filologia, orokorra; eta, gero, espezifikoa, adibidez, euskal literatura garaikidea. Orokor hori orain ezin da izan Euskal Filologia, eta izango da, demagun, Filologia Hispanikoa. Espezifikoa izango litzateke Euskal Filologia. Pauso bat atzera egin du».

Horren aurrean, EHUk berretsi du Euskal Filologiak ezagutza arlo izaten jarraitu beharko lukeela: «Unibertsitateko irakasleen lanpostuen sailkapenean eta deskribapenean, Euskal Filologiari dagozkion aitortza zientifikoa eta ikusgarritasuna eman behar zaizkio, Filologia Hispanikoari eta Klasikoari eman zaion berezitasunaren moduan».

EHUk erakunde moduan egindako alegazioaz gain, Euskal Filologiaren arloko 150 irakasle, ikertzaile eta katedradunek baino gehiagok ere beste alegazio bateratu bat bidali diote Subirats ministroari, eskatzeko Euskal Filologia ezagutza arlo espezifiko izateko aurrerantzean ere. Alegazio hori sinatu duten gehienak EHUkoak dira —Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailekoak, bereziki—, eta Euskaltzaindiak ere bat egin du alegazioarekin. Zuloaga ere arduratu da testua idazteaz.

«Gehiegizkoa»

Haien arabera, ezagutza arloen murrizketa «irregularra eta gehiegizkoa» da: «Ez du aintzat hartzen arlo filologikoaren espezifikotasuna, eta errealitate akademiko eta zientifikotik urruntzen du». Are, adierazi dute «ezinbestekoa» dela Euskal Filologia ezagutza eremu moduan mantentzea «etorkizuneko profesionalek euskal hizkuntzaren, kulturaren eta literaturan ikasketan eta ezagutzan sakondu ahal izan dezaten».

Errege dekretuaren proiektua onartuko balute, Euskal Filologiak Filologia Hispaniko eta Klasikoen arloan egon beharko luke, edo Hizkuntza Modernoen eta Haien Literaturenean. Alegazioan azaldu dute Euskal Filologia Filologia Hispanikoaren aterkipean sartzea «metonimikoa» litzatekeela, euskara ez dutelako soilik Hego Euskal Herrian hitz egiten; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere bai.

Gainera, nabarmendu dute hizkuntza moderno izendapena «paradoxikoa» dela ikuspuntu linguistikotik: «Gaur egun hitz egiten diren hizkuntza guztiak dira modernoak. Gaztelaniari Filologia Hispanikoaren arloa ematen zaio, baina hizkuntza moderno bat ere bada».

Harridura adierazi du Zuloagak: «Edo arloa ondo ezagutzen ez duen pertsona batek egin du, edo uniformetasun nahi argi eta garbia dago».

Euskal Filologia ez da ezagutza arlo izateari uzteko arriskua duen eremu zientifiko bakarra. Katalan Filologia egoera berean dago. Kataluniako Generalitateak jada adierazi du errege dekretuaren proiektua indarrean sartuz gero helegitea jarriko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.