Euskal Elkargoak bere gain hartu du Pausa zentroaren kudeaketa

Orain arte, Atherbea elkarteak kudeatu du Pausa egoitza, baina ez dira ados jarri hitzarmen berria egiteko. Elkargoak asmoa agertu du migratzaileen harrera orain arte bezala egiteko

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hilabete hasieratik, Euskal Elkargoak bere gain hartu du Pausa zentroaren kudeaketa: migranteen harreraz arduratzen da Baionako egoitza hori. Iazko azaroan ireki zuten, herritarren mobilizazioaren ondotik, eta gizarte ekintzako misioak betetzen dituen Atherbea elkartearen gain utzi zuten zentroaren kudeaketa. Urte baten buruan, baina, ez dute lortu ados jartzea bi egiturak lotzen zituen hitzarmena berritzeko, eta Atherbeak proiektu horretatik kanpo geratzea erabaki du.

Afrikatik hasi, Mediterraneoa zeharkatu, eta, Espainia utzirik, Euskal Herritik pasatzen dira etorkinak Italiako mugak hetsi zituztenetik. Baiona migrazio bideko hiri bilakatu da, eta handik pasatzen diren migratzaileen kopuruak gora egin zuen 2018an. Lapurdiko hiriburura heltzen ziren migranteei harrera egiteko asmoz sortu zuten Diakite kolektiboa, orain dela urtebete, eta mobilizazio horrek bultzatu zuen Pausa zentroa martxan jartzea. Euskal Elkargoak, Atherbeak eta Diakitek hirukotea osatu dute orain arte. Urtebetean 9.000 migrante ingururi egin diete harrera.

Atherbeak joan den astean jakinarazi zien Pausa zentroko langileei bertan behera utziko zuela bere parte hartzea, eta Euskal Elkargoak agiri batean jakinarazi du hori. Gaur-gaurkoz, orain arte bezala segituko du migratzaileei harrera egiteko zentroak; atzo arratsean biltzekoak ziren Diakite elkarteko kideak eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria, erakunde publikoak hemendik aitzina garatu nahi duen proiektua zein den jakiteko.

Joana Detxart Diakite kolektiboko kidearen hitzetan, «aurreikusitakoa» izan da erabakia. Azaldu duenez, Atherbeak Pausa zentroaren egitasmoa garatu nahi zuen, «hobetu», eta horretarako diru gehiago ezartzeko eskatu zuen. Halaber, kudeaketa osoa bere gain hartu nahi zuen Atherbeak, elkargoaren rola diruztatzaile izatera mugatuta —azken urtean, kudeaketa logistiko eta teknikoan ere parte hartu du—. Elkargoak ez zuen onartu proposamena. «[Atherbeakoak] Bi hilabetez segitzeko prest agertu ziren, baina proiektu berri bat idazteko baldintzarekin», azaldu du Detxartek.

Azken asteetan, Atherbea eta Diakite elkarlanean aritu dira, Pausa zentroaren proiektua idazteko eta ekintzak nola antolatu gogoetatzeko. «Guk proiektua adostu dugu. Elkargoari proposatu, eta negoziazioak abiatu dituzte, baina ez dira ados jarri. Azkenean, ateratzea erabaki du Atherbeak». Erabakia ulertzen duela azaldu du Detxartek, Pausa zentroari beste bilakaera bat emateko xedea zutelako, baina kezka agertu du hemendik aitzinakoari begira. «Haien ustez ez badute kalitatezko lan bat egiten ahal, uzten dute. Kezkagarriena da jakitea zer gertatuko den hemendik aitzina». Oraingoz ez dakite zer gertatuko den hemendik aitzina. «Joan den asteazkenean Jean Daniel Elixirik [Atherbeako zuzendariak] Diakite, Elkargoa eta zentroko langileak abisatu zituen utziko zutela. Hurrengo egunerako dena antolatu behar izan zuten».

Orain arte ziren langileetarik bakarrak segituko du. Batzuek uko egin diote baldintza horietan segitzeari; beste batzuek beren misioa nolakoa izanen den zehaztea galdegin dute. Anartean, Diakite kolektiboko laguntzaileei dei egin diete Pausa zentroan parte har dezaten. «Asteburu honetan, ostirala besta eguna izanik, ez zen autobusik. Ondorioz, 150 migrante inguru egon dira Pausa zentroan», azaldu du Etxartek. Atzo eta herenegun joan-etorri anitz izan da, eta 80 eta 100 migrante artean daude zentroan. Atzo gauean zuten bilkura Etxegarairekin. Ondoko egunetan emango dute adostutakoaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.