Koronabirusa

Nahiago dute eskolara joan

EHUko ikerketa talde batek aztertu du ikasleek zer sentitu zuten konfinamendu garaian, eskolara joan ezin izatearen ondorioz; ohiko martxaren falta igarri zuten.
Haur bat, konfinamendu sasoian, idazmahaian eskolako lanak egiten.
Haur bat, konfinamendu sasoian, idazmahaian eskolako lanak egiten. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2020ko urriak 6

Terrazak betetzen hasita zeuden, konfinamendu latzenaren arauak samurtzen hasiak zirela begien bistakoa zen eremu askotan, baina haur eta nerabeak ezin ziren oraindik ikastetxera joan, eta gehienak online jasotzen ari ziren eskolak. Horixe zen ekainean COVID-19aren izurriari aurre egiteko hartutako neurriek eragindako egoera, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kideon ikerketa taldeak erabaki zuen garai horri neurria hartzeko inkesta bat egitea. Hego Euskal Herriko 2-12 urte arteko neska-mutilen 650 gurasori eta 500 neraberi galderak egin zizkieten jakiteko ataka berezi horrek zer sentimendu, egoera eta gogoeta sortu zizkien. Naiara Berasategi da ikerketa egin duten ikertzaileetako bat, Nahia Idoiaga, Maria Dosil, Naiara Ozamiz, Amaia Eiguren eta Maitane Pikazarekin batera. Ondorio argi bat da ikasle gehienek ohiko eskola ereduaren falta sumatu zutela: nahiago dute eskolara joan. Hain justu, gurasoei galdera egin zietenean, %85ek esan zuten beren ustez umeek eskolara joatearen falta sentitu zutela; nerabeen %83k onartu zuten institutuko ohiko martxaren falta zutela.

Beste ondorioetako bat, hona: guraso askok adierazi zuten umeek «denbora gehiegi» eman zutela egoera berezi horretan eskolako lanak egiten. %45ek esan zuten denbora tarte bat eman behar zietela egunero etxeko lanei, %26k denbora dezente, eta %8k, asko. «Bereziki ikusten da adin batetik aurrera: zenbat eta nagusiago, etxeko lan gehiago», nabarmendu du Berasategik. Areago, gurasoen %52k adierazi zuten seme-alabak «estresatuta» ikusten zituztela. Eta estres horri atxiki behar zaio pandemiak, oro har, etxe gehienetara eramandako artegatasun egoera. «Guraso gehienak estresatuta zeuden egoerarengatik». Emozio gogor asko agertu zaizkie ikerketan: «Estresa, frustrazioa, gainezka eginda egotea». Hala ere, eskolako ohiko martxa apurtuta, guraso gehienek lagundu egin behar zieten etxean seme-alabei eskolako lanekin; soilik %7k esan zuten ez zietela inolako laguntzarik ematen. Irakasleen «inplikazioa» goratu zuten gehienek, baina askok sentitu zuten seme-alabek arta «jarraituagoa» behar zutela. «Hainbat gurasok esan zuten ez zirela gai sentitzen haiei laguntza emateko, batez ere seme-alabak nagusiago egin ahala».

Nerabeei jasotako datuek ere erakusten dute zama: %37k adierazi zuten nahiko estresatuta zeudela ematen zizkieten lan guztiekin, eta %33k, oso estresatuta. %98k azaldu zuten iruditzen zitzaiela denbora gehiegi ematen zutela eskolako lanak egiten.

Ondoan ikaskiderik gabe

Inkestaz harago, elkarrizketak ere egin zituzten ikerketan, eta gurasoen artean usu agertu zen kezka bat izan zen zer bakartuta jarduteak ondorio izan zezakeen umeengan, adineko ikaskideak ondoan izan gabe, haiekin harremanak oso urrituta. «Arduratuta zeuden haurrek, gelako lagunekin, berdinekin, kontaktu gutxiago zutelako; azkenean eskola da sozializaziorako gune bat», azaldu du Berasategik. Agertu ziren izurriak haurren «egoera emozionalean» laga ditzakeen ondorioei buruzko kezkak ere gurasoen artean. «Eta uste dute eskolan hori ere landu behar dela, bitartekoak jarri behar dituela horretarako». Alor akademikoan, kezka apartekoa gai batekin: euskara. «Ume askok euskararekin harreman bakarra eskolan izaten dute».

Konfinamenduak utzi zituen gogoeta gozoak ere. Zenbait familiak nabarmendu zuten, halako era ustekabean heldu bazen ere, ederra izan zela «familian igarotzeko denbora gehiago» izatea; areago, hazten ere lagundu ziela: «Zenbaitetan, ezagutzen ez zituzten aukera berriak aurkitu zituzten. Txikienekin agertzen da, batez ere, aurretik egin izan ezin zituzten gauzak egiteko era izan zuten». Galdera egin zieten nerabeei koronabirusaz orokorrean ere. Maiz zabaltzen diren mezuek diote gazteenek birusa hutsaltzera egiten dutela, baina ikerketan askotan adierazi zuten honako kezka hau: «Etxekoak, batez ere adinekoak, kutsatzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Izurriaren aurka neurri «gogorrak» ezarrita daudela esan du Illa ministroak, zorrozteko eskeen aurrean

Izurriaren aurka neurri «gogorrak» ezarrita daudela esan du Illa ministroak, zorrozteko eskeen aurrean

Arantxa Iraola

Jaurlaritzak 19:00etako jarduera oro bertan behera uzteko proposamena eraman du, eta etxeratzeko agindua aurreratzekoa

Pujanaren gorpua topatu, eta ikerketa abiarazi zuen Ertzaintzak. ©GORKA RUBIO / FOKU

Pujana sexualki esplotatzea egotzi diete haren hilketagatik ikertutakoei

Jon O. Urain

32 urteko emakumea zena legez kanpo atxiki izana ere leporatu die epaileak bi akusatuei.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua ©Adrian Ruiz de Hierro/ Efe

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «eremu gorrian» sartuko dira aste honetan, Sagarduiren arabera

Berria

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi du birusarekin gaixotutakoen ospitaleratzeek gora egin dutela eta ZIUetako okupazioa «kezkagarria» dela.

Basurtuko ospitalea (Bilbo), artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / FOKU

Basurtu eta Santa Marina ospitaleetako buruek dimisioa aurkeztu dute, txertoa jartzeagatik

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Osakidetzak ezarritako protokoloa bete ez, eta COVID-19aren aurkako txertoa jarri dute bi zuzendariek. Maizek barkamena eskatu du, «zerbaitetan akats egin badu».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Arantxa Iraola

Informazio osagarria