ETAren jardun armatuaren amaieraren 10. urteurrena. Erreakzioak

Memoria duen etorkizunera

EAEko Ahal Dugu-k «espazio partekatu bat» eraikitzeko beharra adierazi du. Sozialistek «demokraziaren garaipena» aldarrikatu dute; Covitek ukatu egin du halakorik gertatu izana

Biktima guztientzat errekonozimendua eskatzen duen kartel bat, Eusko Legebiltzarraren parean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
ETAren jardun armatuaren amaierak hamar urte bete dituen honetan, askotarikoak izan dira eragile politiko eta sozialek adierazitako mezuak. Etorkizunera begira jarri dira hainbat, biktimen aitortza eta bizikidetza helburu gisa jarrita. Beste hainbatek urrats gehiago eskatu dizkiote ezker abertzaleari; besteak beste, ETAren jarduna «gaitzestea».

ANDONI ORTUZAR (EAJ)
«Azken hamar urteek agerian utzi dute ETA ez zela beharrezkoa herri bezala dugun bizitzan», EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarren hitzetan. TVEn eginiko elkarrizketan, Ortuzarrek azaldu zuen horren adibide dela ezker abertzaleak «egoera berrira» egokitzeko izan duen erraztasuna, «betidanik sistemaren paisaia politikoaren parte izan balitz bezala».

IDOIA MENDIA (PSE)
Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiak nabarmendu zuen «bi gobernu sozialista» izan zirela «terrorismoa amaiarazi» zutenak, Jose Luis Rodriguez Zapateroren eta Patxi Lopezen agintaldiei erreferentzia eginez. Prozesua zuzenbide estatua hautsi gabe egin izana ere txalotu zuen.

Halere, biktimengan zentratzeko beharra adierazi zuen, atzokoan «protagonismoa» haiena zela esanez. Izan ere, Mendiaren hitzetan, euskal gizarteari «mina eta heriotza» besterik ez zizkion eragin: «ETAk Euskadirentzat utzitako herentzia hilerrietan dago».

Lehendakariordeak azaldu zuen ez diola eskerrik emango ETAri «hiltzeari uzteagatik», baina gehitu zuen horrek ez diola garrantzirik kentzen astelehenean ezker abertzaleak eginiko adierazpenari. Hari, ordea, bi kritika egin zizkion. Batetik, «berandu» iritsi zela; bestetik, oraindik bidea geratzen dela egiteko. Hala, azaldu du hurrengo erronka «gertatutakoaren egia» kontatzea dela: «Gero, bakoitzak bere heroiak eta borreroak izango ditu».

RAMON ALZORRIZ (PSN)
ETAren behin betiko su-etenak «beldurrik gabe» elkarrekin bizitzeko aukera eman zien herritarrei, PSNren bozeramaile Ramon Alzorrizen hitzetan. Ordutik emaniko pausoei ere garrantzia eman zien atzo, baina azaldu zuen ez direla nahikoa izan: «Bizikidetza indartzen eta memoria defendatzen jarraitzeko unea da, berriz iraganera ez itzultzeko».

Alzorrizek nabarmendu zuen «memoria, justizia eta biktima guztien erreparazioa» ahaztu ezin diren hiru kontzeptu direla, eta bere alderdiak horien alde lan egingo duela: «[PSNk] Bizikidetza eta bake espazioak sortzeko lan egin du eta egingo du».

Atzo duela hamar urte, «demokraziak garaipena eskuratu zuen terrorearen eta bidegabekeriaren aurrean», Alzorrizen esanetan, eta bizimodu berri bati hasiera eman zitzaion. Une hartara iristeko Espainiako presidente ohi Jose Luis Rodriguez Zapaterok eta haren Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak eginiko lana txalotu zituen. Biak ere «figura politiko ausartak», Alzorrizen arabera: «Estatu demokratikoaren tresnak maneiatzen jakin zuten, gizartea beldurturik zuen terrorismoa amaiarazteko».

AHAL DUGU
EAEko Ahal Dugu-k etorkizuna eraikitzeko bere irizpideak aurkeztu zituen atzo, ETAk behin betiko su-etena adierazi eta hamar urtera. Alderdiak azaldu zuen prozesuak lau zutabe nagusi izan behar dituela: justizia trantsizionala, gizarte ehuna berreraikitzea, memoria inklusiboa eta «giza eskubideen urraketa jasan duten pertsona guztien» duintasuna kontuan izatea. «Errekonozimendua eta erreparazioa da aurrera egiteko modua», adierazi zuen gutun ireki batean.

Alderdiak Urriaren 18ko Adierazpenak sinbolizatzen duen «aurrerapen nabarmena» azpimarratu zuen, baina uste du ETAren jarduna «bidegabea» izan zela gehitzea falta zaiola, indarkeria «beti» bidegabea delakoan. «Inoiz gertatu behar ez zen errore bat» izan zen erakunde armatuaren ibilbidea, Ahal Dugu-ren hitzetan.

Etorkizunera begira, «kontakizunen bataila» gainditzeko beharra adierazi zuen, logika horrek «berriro gatazkara» bideratzen duela esanez: «'Gertatu zenari' buruzko narratiba desberdinak artikulatzeko gaitasuna erabakigarria izango da etorkizuneko bizikidetzaren definizioan». Izan ere, esan zuen ez dagoela «oroimen bakar bat».

Beraz, «sufrimenduak onartzea» alde batera utzita, «espazio partekatu bat» eraikitzeko lan egingo duen «memoria inklusibo baten» beharra nabarmendu zuen: «Kontua ez da gertatutakoaren historia ofiziala egitea, baizik eta gizartea gertaerak etikoki ulertzeko batzen duen memoria partekatua egitea».

COVITE
Covite Euskal Herriko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak salatu du biktimak oraindik ere «ETAren amaiera negoziatuaren» ondorioak jasaten ari direla. Atzo, erakundeak uko egin zion Gasteizko Biktimen Memorialean eginiko omenaldian parte hartzeari, argudiatuta ez duela bat egiten «ETA zuzenbide estatuak garaitu» izanaren kontakizunarekin: «Biktimok ordaindu dugu egun gozatzen dugun bakearen prezioa, eta inongo agintari politikorik ez dago hori onartzeko prest».

Erakundearen ustez, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Rajoy Espainiako presidente ohiek hainbat «kontzesio» egin zizkioten erakunde armatuari, eta hori arbuiatu nahi izan du Covitek. «ETAk hiltzen ez bagaitu, ez da zuzenbide estatuak garaitu zuelako, bandarekin haren amaieraren baldintzak negoziatu zirelako baizik», gaitzetsi du, argudiatuta ordutik 11 lagun «soilik» atxilotu direla iraganeko atentatuekin lotuta.

ERNE
Erne sindikatuko idazkari nagusi Roberto Seijok «positibotzat» jo zuen atzo ezker abertzaleak Urriaren 18ko Adierazpenarekin eginiko urratsa: «Baina ez da nahikoa». ETAk 2011n iragarritako behin betiko su-etenaz, berriz, azaldu zuen ertzainek «askatasun» handiagoa nabaritu dutela azken hamar urteetan.

Europa Pressek jaso zuenez, Seijok uste du ezker abertzalearen «gaitzespen» bat iritsi daitekeela etorkizunean. Era berean, justizia sistemari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zien Ana Arostegi eta Javier Mijangos ertzainen hilketak argitzeko lan egin dezatela: «Justizia behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.