Abaroa arreta integralerako

Barnahus ereduan oinarritutako lehen etxea urte amaieran irekiko dute, Gasteizen. Sexu indarkeria jasan duten adingabeak berriz «ez biktimizatzea» izango du xede behinena

Barnahus ereduan oinarritutako lehen etxea izango dena aurkeztu zuten atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Sexu abusuak pairatu dituzten adingabeentzat propio atondutako etxe bat. Haien neurrira eta erritmoetara moldatuta. Haien gaineko begirada komun bat bilatzen duena, arta osoa bermatuko diena, berriz ez «biktimizatzeko». Horra Barnahus eredua oinarri hartuta Eusko Jaurlaritzakirekiko duen etxearen ezaugarri nagusienak. Abaro izan nahi du bortizkeria pairatu duten haur eta nerabeentzat. Babesleku bat haien arreta integrala bermatzeko. Urte hondarrerako ireki nahi ditu ateak, Gasteizen.

Izan ere, indarkeria sufritu duten haur eta nerabeen salaketek justizia sistemaren labirinto neketsua ibili behar izaten dute maiz. Justizia sisteman jasotzen duten tratuak berriz ere biktimizatu egiten ditu haurrak, beren kasua behin eta berriz kontatu behar izaten dutelako. Biktimizazio bikoitz hori eragotzi nahi dute Gasteizko zentroarekin. Proiektua garatzen ari den lantaldeak lagunduta, etxe berriari buruzko xehetasunak eman zituen atzo Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere izan ziren agerraldian. Biek ala biek haur eta nerabeen «interes gorena» babesteko politikak defendatu zituzten, eta instituzio eta eragileen arteko elkarlana eredutzat jo.

Islandian abiatutako lan eredua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezartzeko asmoz, lantalde tekniko bat martxan jarri zuen iaz Eusko Jaurlaritzak, Save The Children erakundearen laguntzaz. Besteak beste, gizarte zerbitzuetako eta osasun, hezkuntza, justizia eta segurtasun alorretako profesionalek parte hartzen dute. Helburu argi batekin ari dira lanean: haurren sexu abusuen kasuetan esku hartzen duten sistema, zerbitzu eta eragileen arteko jarduerak koordinatuko dituen protokolo bat ontzea. Ume eta nerabeentzako zerbitzuak bateratzea da xedea. Hala, proiektu pilotua martxan jartzen dutenean, Gasteizen irekiko den etxean jasoko dute sexu abusuen biktima izan den haurraren testigantza, gerora aurretiazko froga osatuko duena.

Artolazabalek esplikatu zuenez, sexu abusuak pairatu dituzten biktimentzat prestatutako etxean egingo da prozesu guztia: adingabeek modua izango dute lekukotasuna behin bakarrik emateko, eta arta jasotzeko polizia etxeetatik eta ospitaleetatik igaro gabe. Finean, «modu koordinatuan» jardungo dute gizarte zerbitzuek, abokatuek, magistratuek eta osasun profesionalek, biktimaren gaineko begirada komun batekin.

Bost umetik batek

Sailburuak eman zuen adingabeen sexu abusuen arazoaren hedaduraren berri. Datu lazgarriak eman zituen: bost umetik batekjasaten du indarkeria sexuala, eta kasu gehienak familia barruan gertatzen dira; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batuta, 2.000 eta 4.000 ume eta nerabe artean izan daitezke. Datu horiek guztiak «icebergaren punta» baino ez direla ohartarazi zuen. Izan ere, kasuen %15 bakarrik salatzen dira; salatutako kasuetatik %70 ez dira iristen ahozko epaiketara, eta kasu gehienak artxibatu egiten dira, froga faltagatik.

Barnahus eredua dagoeneko AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako hainbat herrialdetan ezarri dute. Islandian, adibidez, ikusi dute sistema hori martxan jarri zutenetik lehengoa halako hiru dela auzipetutako erasotzaileen kopurua. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, adingabeen sexu indarkeriaren kasuak atzemateko seiehun bat arreta gune daude, eta, horren ondorioz, umeek «dozena erdi bat zerbitzutatik» igaro behar dute beren esperientzia «mingarria» behin eta berriz kontatzeko, Artolazabalek azaldu zuenez.

Diziplina anitzeko lan metodologiaren bitartez,ordea, «sinplifikatu» egingo dira administrazio prozesuak, eta «laburtu» egingo dira justiziaren epeak. Horri bide emateko protokoloa oraindik ontzen ari dira, baina, Carmen Guijarro psikologoak aurreratu zuenez, bi lantalde arituko dira lanean haurren etxean. Lehena beti egongo da bertan: koordinatzaile batek eta psikologo batek osatuko dute, eta adingabeen harreraz, aholkularitzaz eta arretaz arduratuko da. Ondoren esku hartuko du bigarren lantaldeak: adingabeari deklarazioa hartuko diote instrukzio epaileak, fiskalak, abokatuak edo auzitegi medikuak, gerora aurretiazko froga osatzeko. «Haurrari tratamendu integrala emango zaio, ertz guztiak kontuan hartuta: ebaluazioa, esku hartzea, lekukotza jasotzea eta tratamendua ematea».

Horretarako, gune bat atontzen ari dira Gasteizen, eta urte amaierarako prest izango dute. «Sexu indarkeriaren biktimek ingurune seguru eta adiskidetsua izango dute. Dekorazio egokia eta profil eta adin desberdinetara egokitzeko modukoa», azaldu zuen Artolazabalek. «Xedea da adingabeak prozesu guztiaren erdigunean jartzea».

Barnahus ereduaren filosofiabiktima adingabeak dituzten beste esparruetara zabaltzeko aukera aztertzen ari direla jakinarazi zuen Eneida Arbaizar epaileak. Besteak beste, ziberdelinkuentziarekin lotutako kasuetarako eredu bera erabili nahiko lukete.

Epaileak azaldu zuen sexu abusuak pairatu dituzten adingabeei «espazio atsegina eta harmonikoa» eskaintzetik harago doala Barnahus sistema, eta xede duela haurrari «dolu prozesuan» laguntzea. Haren iritziz, epaitegiak «ez dira toki egokienak» sexu abusuak pairatu dituen adingabe bat artatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.