Sarea ehuntzeko garaiz

Klima larrialdiari buruzko «biltzar alternatiboa» antolatu dute Iruñean, COP27 NBErena egiten ari den bitartean. Sistema aldatzeaz jardungo dira, eta justizia eskatu

Eguzki parke eta parke eoliko erraldoien aurkako protesta, Iruñean, joan den maiatzean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
edurne elizondo
Iruñea
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
«Garaiz gaude». Mezu hori nabarmendu eta zabaldu nahi izan dute Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzako kideek, egungo klima larrialdiari buruz. Auzi horri heltzeko, Iruñean «biltzar alternatiboa» antolatu dute, Egipton —azaroaren 5etik 18ra— COP27 Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko biltzarra egiten ari diren bitartean.

Berrehun estatu baino gehiago ari dira Egiptoko biltzarrean. Nafarroako aliantzan bat egin dute elkarteek, baina ez dute «deus» espero. «Sistema politikoak huts egin du; azken 30 urteotan, klimari buruzko hamaika biltzar egin dute, eta ez dute deus lortu: isuriek gora egiten segitzen dute; tenperaturak gora egiten segitzen du. Egoera hori desblokeatzeko ordua da», erran du Extinction Rebellion taldeko kide Eduardo Larrañetak.

Talde hori da Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantza sortu dutenetako bat. Bertze hamaika elkartek eta norbanakok egin dute bat; bertzeak bertze, Ekologistak Martxan-ek, Greenpeacek, Nafarroako Reasek, Nafarroako CGTk, eta Fridays for Future eta Teachers for Future taldeek.

Nafarroako aliantzako kideek garbi dute orain herritarrei dagokiela ekitea. Onartu dute erronka ez dela makala, egungo sistema edo eredu osoa baita aldatu beharrekoa. «Botere publikoek klima aldaketaren aurkako adierazpenak egiten dituzte, baina ez dute harago jotzen; ez dira ausartzen egungo sistema kapitalista aldatzen. Eta kapitalismoa da gertatzen ari denaren erantzule», salatu du Nafarroako Reas elkarteko kide June San Millanek. Ondorioz, klima aldaketari buruzko adierazpen publiko eta politikoen atzean, ez da egoerari buelta ematen laguntzen ahal duen egiturarik. Eta hori da arazoa, Sanmillanen hitzetan: «Alternatibak behar ditugu; bertze mota bateko erakundeak eta sareak behar ditugu, gauzak bertze modu batera egiteko. Garaiz gaude».

Subiranotasuna

Energia eta elikadura subiranotasuna jarri dituzte Nafarroako aliantzako kideek erdigunean, gauzak bertze modu batera egiteko moduak bilatzeko bide horretan. Tokikoak eta hurbilekoak duen garrantzia nabarmendu dute, gainera. Hau da, komunitatea. «Sareak ehundu behar ditugu, energia komunitateak sortu, tokikoa baliatu. Aurrera egiteko bidean hori izanen da oinarri nagusietako bat; duintasunez egin ahal izateko aurrera», azpimarratu du San Millanek.

Azaroaren 17an eginen duten mahai ingurua nabarmendu du, sareak ehuntzeko eta komunitateak sortzeko adibideak eta alternatibak ezagutzeko aukera emanen duelako. Ekotopaketak, Sobremesa eta Sembrando Futuro eragileek parte hartuko dute.

Aliantzako kideek ulertzen dute herritar anitzen kezka eta beldurra; ulertzen dute egoerak gainezka egitea eta ez jakitea zer egin edo nora jo. Greenpeaceko Angel Lagek ere onartu du «pesimista» dela. «Pandemiak are geurekoiago bilakatu gaitu». Elkarte bereko Fernando Royok bat egin du, baina gauzak alda daitezkeela uste du: «Azken udako beroaldiek eragin dute herritar anitzek erreakzionatzea».

Nafarroan, hain zuzen, nabarmenak izan dira udako beroaldien ondorioak: ekaineko suteek 14.500 hektarea baino gehiago kiskali zituzten. Herri anitzek lur guztiak galdu zituzten. «Suteak, uholdeak, lehortea... bai eta Alesbesen gertatutakoa ere. Klima aldaketa gisa horretan gauzatzen denean, jendea errazago jabetzen da dagoen arriskuaz», aipatu duSan Millanek. Alesbesen, ur hornidurarekin dituzte arazoak. Moranteko putzua urik gabe gelditu zen urrian. Putzu hori Esako urarekin betetzen da, baina lehorteak gogor eragin dio urtegi horri, eta eragina izan du, bertzeak bertze, Alesbesen. Vera Cruz izeneko putzua erabiltzen hasi dira, baina herritarrak beldur dira, nitratoen kutsadura nabarmena izan baita putzu horretan azterketak egin dituzten zenbait alditan. San Millanek ohartarazi du herritarrek erruz sufrituko dituztela klima aldaketaren ondorioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.