Etxegabe bat zendu da Barakaldon

Lo egiten zuen autoan topatu dute hilotz. Heriotza salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur. Etxegabeen auzia urte osoko arazoa dela ohartarazi du BesteBik, Bilbon

BesteBi plataformakoen manifestazioa, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Etxegabe bat hilik topatu zuten atzo, Barakaldon (Bizkaia). Sestaokoa zen jaiotzez, baina Barakaldon bizi zen, bere autoan. San Bizente auzoan Caritasek duen jantokian egiten zituen otorduak. 30 urte zituen. Gaur elkarretaratzea egingo dute, Barakaldoko udaletxearen parean. 10:30ean izango da. Berri-Otxoak plataformak deitu du. Salatu dute bi urtean hil den hirugarren etxegabea dela. Elkarretaratzearen bidez, etxegabeen egoerari aurre egiteko neurriak eskatu nahi dizkiete erakunde publikoei. Egoera «larria» den arren udalak zerbitzu publikoetan «murrizketak» egin dituela ohartarazi dute. Besteak beste, etxegabeei zazpi egunez soilik uzten diete Barakaldoko udal aterpetxean lo egiten; ezin dute berriz erabili, hiru hilabete igaro arte. Azken neurketen arabera, 30 etxegabe daude Barakaldon; aurretik egindako neurketan zenbatutakoaren bikoitza.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, guztira, 2.000 lagun daude etxerik gabe. Eta horietatik 200 kalean bizi dira. BesteBi etxegabeen eta etxebizitza eskubidearen Bilboko plataformak ekarri ditu gogora datuak. Izan ere, atzo manifestazioa egin zuten Bizkaiko hiriburuan, neguko denboraldia bukatu den arren gizon-emakume askok kalean lo egiten dutela gogorarazteko. Era berean, apiril eta maiatzeko hauteskundeen atarian, etxegabeen auzia kanpainan sartu nahi izan dute. «Urtero, negua datorrenean, etxegabeek kalean lo egin ez dezaten leku gehiago irekitzen dira. Baina gaur, 90 plaza itxi direla ohartarazi nahi dizuegu», salatu zuten manifestazio amaieran irakurritako agirian. Izan ere, Bilboko Udalak neguko aterpetxea zarratu du. «Arazoa ez da negukoa. Etxegabeen bidea luzea da, neketsua eta mingarria, eta urte dezente iraun dezake. Gainontzekook bezala, etxegabeek ere beharrizanak dituzte urteko egun guztietan», ohartarazi dute.

Eskaerak, kanpainarako

Bozetara begira, bederatzi eskaera egin dizkiete alderdi politikoei. «Ez dezala inork kalean lo egin bere premia eta aurreikuspenei egokitutako kalitatezko zerbitzurik ez egoteagatik». Gizarte zerbitzuen legea garatzea eta betetzea eskatu dute. Baita Eusko Jaurlaritzak, diputazioek, Bilbok, Donostiak, Gasteizek eta Eudelek sinatutako etxegabeen estrategiari bultzada ematea ere. Etxebizitza eskubide subjektiboa bermatzea nahi dute. Emakumeen zaurgarritasun egoerari arreta eta sentsibilitate berezia jartzeko eskatu dute, berariazko erantzunak emanda. Gizarte bazterketari buruzko diskurtsoak aldatu beharra ere ikusi dute: etxegabeen duintasunari eta bazterketaren arrazoi eta ondorioei buruz hitz egin behar dela nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.