Hortzetatik hasiko dira

Hainbat hilabetez itsasoratzeko baimen zain egon ondoren, iritsi da 'Aita Mari' ontzia Greziara. Salbamenduan aritzeko baimena falta du. Bitartean, hortz klinika izango da.

Aita Mari itsasontzia, Greziara bidean, joan den astean. ALEJANDRO MARTINEZ VELEZ / ITSAS SALBAMENDU HUMANITARIOA.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Helburua argi dute: Mediterraneoan noraezean dabiltzan migratzaileak erreskatatzea. Baina Espainiako Gobernuak bete ezineko baldintzak ipini dizkie horretarako. Baimena lortu arte, Greziako uharteetan asiloa noiz lortuko zain daudenei hortzetako osasuna zaintzen lagunduko diete. Aita Mari itsas salbamendurako ontzia hortz klinika izango da aurki. «Kontsulta bat daukagu, autoklabe batekin eta bi jesarlekurekin. Lanerako tresnak falta zaizkigu, baina ez dugu arazorik izango lortzeko», azaldu du Iñigo Mijangosek. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko presidentea da —hark kudeatzen du itsasontzia—. Datozen egunetan joango da Greziara Mijangos bera ere, Aita Mari-ren konponketa eta egokitze lanetan parte hartzera, zerbitzua emateko.

Kios eta Lesbos uharteen ingurura atzo zortzi iritsi zen ontzia, eta jadanik banatu dituzte eroandako sendagaiak, arropak eta elikagaiak. Euskal Herritik harako bidaia luzea eta nekeza izan da. Apirilaren 17an itsasoratu ziren Balearretan, eta apirilaren 22an iritsi ziren Greziara. Baina aurretik hilabete luzez portuan blokeatuta eduki dituzte, Espainiako Gobernuak ez zielako Aita Mari itsasoratzeko baimenik ematen. Orain ere gobernua dute oztopo.

«Esaten digu erreskate lanak egiten jardungo dugun uretako gobernuaren baimena behar dugula, eta gure kasuan ezinezkoa da». Libiako uretan ikusten dute premiarik handiena, baina herrialdea gerran dago, eta ez dute uste hango gobernuak baimena emateko interesik izango duenik. «Ez dute nahiko atzerritarrak euren uretan jendea erreskatatzen ibiltzea. Eta eurek ere ez dute egingo, herrialdearen baliabide ekonomikoak Tripoliko gudura bideratzea hobetsiko dutelako». Edonola ere, Mijangosen ustez, Espainiako Gobernuak ipinitako trabak ez dira legezkoak, eta helegitea aurkeztu dute. Horren erantzunaren zain daude orain.

Uste du beren egoerak lotura zuzena duela hauteskundeekin. «Ez dute itsas salbamenduko ontzirik nahi uretan. Ikara ematen die honako argazki hau sortu ahal izateak: Espainiako bandera duen itsasontzi bat migratzaileak lehorreratzen Espainiako portu batean. Pedro Sanchez [Espainiako Gobernuko presidentea] ohartu da horrek ultraeskuina eta sektorerik kontserbadoreenak indartu ditzakeela». Mijangosi iruditzen zaio PSOEk «gobernu progresistaren itxura» egin nahi izan zuela agintera iritsi berritan, Aquarius itsasontzia Valentziako (Herrialde Katalanak) portuan lehorreratzen utzi eta telebistan zuzenean eman zutenean. «Gero ohartu da horrek botoak galtzea ekar diezaiokeela». Taldeko kide batzuek uste dute hauteskundeen ondoren jarrera bigunduko duela gobernuak, baina Mijangosek ez du espero sakoneko aldaketarik.

Porturik portu

Greziako Gobernuaren aldetik bestelako jarrera itxaro du Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeko arduradunak. Ez du uste itsasontzian hortz klinika zabaltzeko trabarik ipiniko dietenik. Nabarmendu du zerbitzu garrantzitsua izango dela errefuxiatu eremuetan daudenentzat. «Esperientziak erakutsi digu hortzen osasunari ez zaiola behar bezalako arretarik ematen. Tarteka joaten dira dentista boluntario batzuk, eta kanpainaren bat egiten dute, baina ezer egonkorrik ez». Aita Mari itsasontzia, ostera, porturik portu ibiliko da Greziako uharte horien inguruan, beharra duten errefuxiatu guztiak artatzen. «Tokiko agintariekin eta errefuxiatuekin dauden medikuekin koordinatu beharko dugu, gure zerbitzua behar dutenak portura bidal ditzaten».

Mijangosek ohartarazi du errefuxiatu eremuetako elikadura ohiturek eta zerbitzuen gabeziak kalte egiten diela hortzen higieneari eta osasunari, eta horrek arazo handia sortzen duela errefuxiatuentzat. «Txikikeria dela eman dezake; hortzetako txantxarrak larriagotu egin daitezke, eta infekzio larri bat eragin; hortz asko galtzeko arriskua dakar horrek». Bestelako osasun premiak ere badauzkate errefuxiatuek; esate baterako, laguntza psikologikoa falta dute. «Baina guk ez daukagu horretarako behar den baliabiderik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.