Euskararen lurra ereiten

Errigorak 14.000 saskitik goiti banatu ditu, eta 200.000 euro bideratuko ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. 1.500 boluntariok parte hartu dute aurtengo kanpainan.

Azaroaren 9an egin zuten Errigorako saskiak prestatzeko auzolana, Ablitasen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Nafar hegoaldearen uzta, euskarari puzka. Esaldi hori dago idatzita Errigoraren saskietan, Nafarroa hegoaldeko uzta eta euskararen aldeko aldarria batzen dituen kanpainako saskietan. Aurtengo banaketa bukatzen ari dira egunotan. Denera 14.000 saskitik goiti banatu dituzte aurten, inoiz baino gehiago. Salmentatik lortutako ekarpena ere inoizko handiena izan da: 200.000 euro baino gehiagokoa. Saskiak prestatu eta Euskal Herrian banatzeko, 1.500 boluntarioren laguntza izan du elkarteak.

Seigarren urtea bete du aurten Errigorak. Orain arte, bi saski eskaintzen zituzten: zuria eta beltza. Eskaintza aldatu egin dute aurten. Beltzari eutsi diote —orain arteko produktuak ditu, Nafarroa hegoaldeko ohiko elikagaiak—, eta bertze bi eskaini dituzte: saski berdea, produktu ekologikoz osatua, eta zuria, produktu bereziagoak dituena. Bertzelako saski berezi batzuk ere prestatu dituzte, enpresa batzuek hala eskatuta.

Iker Ajuriagerra Errigorako kideak azaldu duenez, saski beltzaren eskariak «mantendu» egin dituzte aurten: 7.500 inguru izan dira. Saski berdeak 4.000 eskaera inguru izan ditu, eta zuriak, 2.000.

Saski bakoitzarekin lortutako irabazien %25 euskalgintzara bideratu dute. Orain arte, hiru jasotzaile nagusi izan dituzte laguntza horiek: AEK, ikastolak eta Sortzen elkartea. Aurten, aitzineko hirurekin batera, Agerraldia egitasmoa ere lagundu du Errigorak.

Udazkenean aurkeztu zuten Agerraldia. Errigorak berak sortua da. Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleak elkartzea da elkartearen helburua, Ajuriagerrak nabarmendu duenez: «Nafarroa hegoaldean ez dago bereziki euskara sustatzeko erakunde edo elkarterik. Ez dago estrategia bateratu edo antolaturik». Hori zuzendu nahi dute Agerraldiaren bitartez. «Zangozatik Vianara eta Tuteratik Tafallara eremu zabala dago, eta behar dugu egituratzea eta denen artean estrategia bat adostea epe luze-ertainera begira».

Sei urteko ibilbidean 800.000 eurotik gora bildu ditu Errigorak, eta, diru horrekin, bertzeak bertze, lortu dituzte helburu batzuk: euskara ikasteko beka sistema bat ondu dute AEKn, berogailua konpondu dute Ibaialde ikastolan, eta Sortzen-ek euskara bultzatzeko ikastaroak eman ditu D ereduko ikastetxeetan. Egindako ibilbidearen balorazio ona egin du Ajuriagerrak. Nolanahi ere, nabarmendu du Errigoraren proiektuak «ibilbide luzea» daukala egiteko oraindik ere.

Bide horretan, tokiko nekazaritzaren aldeko eta elikadura burujabetzaren aldeko apustua egin nahi du Errigorak. Ajuriagerrak azaldu duenez, beste urrats bat egin nahi dute bide horretan: kanpainaz kanpo, tokiko produktuak denda txikietan eskaintzea, modu iraunkorrean. «Zenbat eta eskaera gehiago egin, komunitatea zenbat eta sendoagoa izan, ekoizleak eta nekazariak zenbat eta saretuago egon, pauso handiak eman ditzakegu urte batzuetan, Nafarroako produktuak sustatzeko eta nekazaritza eredu bat sustatzeko».

Euskarara hurbildu dira

Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari sostengu ekonomikoa emateko ez ezik, ekoizleak euskarara hurbiltzeko ere balio du Errigorak. Ajuriagerrak nabarmendu du ekoizleak ari direla hizkuntzaren inguruan pausoak ematen: «Detaile txikiak ematen dute, baina urrats garrantzitsuak egin dituzte: elikagaiak euskaraz etiketatzea, webgunea euskaraz jartzea...». Ajuriagerraren hitzetan, ekoizleek «kontzientzia» hartu dute euskararen inguruan: «Euskara ez zen eguneroko gaia askorentzat; urruti ikusten zuten. Orain konturatu dira euskara Nafarroako hizkuntza ere badela. Asko hurbildu dira, eta euskaltzaletasunean pausoak ematen hasi dira».

Garagardoa eta Zuberoako saskiak, ikastolei laguntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.