Koronabirusa

Itzulerarako itxaronaldi luzea

Asko dira larrialdi egoera ezarri zenetik atzerritik Euskal Herrira bueltatu diren euskal herritarrak. Beste hainbat, berriz, atzerrian harrapatuta daude oraindik ere, bi hilabeteren ondoren.

Bidaiariak Valentziako aireportura iristen. MANUEL BRUQUE / EFE.
Iñigo Satrustegi.
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun

Bi hilabete igaro dira COVID-19aren pandemia munduan barrena zabaltzen hasi zenetik. Azkeneko asteetan egoera lasaitu egin da Euskal Herrian, eta atzerrian ziren euskaldun askok, zailtasunak zailtasun, lortu dute euren herrietara itzultzea. Baina, kontrara, badira oraindik ere atzerrian harrapaturik direnak eta, are, etorkizun hurbilean ere bueltatzeko aukerarik ikusten ez dutenak.

 

Mirari Narbarte Atarrabiakoa (Nafarroa) da; Imanol Legarda, Donostiakoa. Kolonbiatik bueltatzeko zailtasunak izan dituzte biek. Narbarte unibertsitate arteko mugikortasun programa baten bitartez iritsi zen hiriburura, Bogotara, eta han dago oraindik. Legarda, berriz, Barranquillan izan da boluntario moduan, eta lehengo ostiralean lortu zuen bueltatzea. Orain arte ezin itzulirik egon dira, Espainiako Atzerri Ministerioak bukatutzat eman zituelako jendeari itzultzen laguntzeko antolatutako hegaldiak.

Espainiako kontsulatuak eta enbaxadak Avianca hegazkin konpainiarekin batera kudeatzen dituzten hegaldiak dira itzultzeko aukera bakarrak. «Enbaxadan ondo ari dira kudeatzen, baina hegazkin konpainiaren kasuan, ez. Zerrenda batean sartu gintuzten denok, eta lehentasunen arabera itzuliko ginela jakinarazi ziguten», azaldu du Legardak. Narbartek ere entzun zuen ministerioak baliabideak jarriko zituela, baina iruditzen zaio hartutako neurriak ez direla aski izan. Eta tartean egoera zaurgarrian dauden pertsonak ere badaudela ohartarazi du: minbizia duten pazienteak, haurdun dauden emakumeak, menpekotasunak dituzten pertsonak...

Joan den ostiralean abiatu zen hegazkin konpainiak antolatu zuen lehen hegaldi humanitarioa. «Humanitarioa izango da, baina gure poltsikoetatik ordaindu behar dugu. Gutxi gorabehera, 800 euro», salatu du Narbartek. Bera ez zen hautatua izan hegaldi horretan bueltatzeko. Legarda, bai. Hala ere, hegaldirako txartela lortzeko zailtasunak izan zituela azaldu du: «Amsterdamerako [Herbehereak] hegaldi baten zerrendan sartu ninduten hasieran; gero jakinarazi zidaten ezetz. Ostiraleko hegaldirako zerrendan omen nengoen, baina azken unera arte ez nuen berririk izan». Berak «zorte ona» izan duela nabarmendu du: izan ere, bere boluntariotzaz arduratzen den erakundeak bere gain hartu du itzulerako hegaldiaren kostua.

Narbarte itxaropentsu azaldu da; hegaldi gehiago egingo dituzten esperantza du, eta laster etxera bueltatu ahal izango dela. «Kolonbia ez da kutsatze kasuen gorenera iritsi, eta hori gertatu baino lehen bueltatu nahiko nuke», esplikatu du.

Antzeko egoeran egon da Amin Bumedeine; Tolosan lan egiten du eta Iruran bizi da (Gipuzkoa), baina Aljeriakoa da sortzez. Pandemia hasi aurreko egunetan oporretan abiatu zen Marokora, bikotekidearekin, han egun gutxi batzuk egiteko asmoz. Ia hiru hilabete egin behar izan dituzte han, ezin bueltaturik. Espainiako mugak itxi zituzten haien oporraldiaren laugarren egunean, eta biharamunean itsasontziz bueltatzen saiatu ziren, alferrik.

Instituzioen laguntzarik ez

Bide luze eta zail baten hasiera izan zen. Espainiako Kontsulatuaren laguntzarik ez zutela jaso salatu du Bumedeinek: «Ez ziguten laguntzarik eman. Gainera, harrera kalean egin ziguten, eta modu txarrean». Ezintasun handia sentitu zutela adierazi du, eta «migratzaile legez kanpokoa» sentitzen zela, pasaporte «gorririk» —Espainiakoa— ez zuelako. Euskal Herrian, hala ere, babesa jaso du; Tolosako ezagunen bitartez Irurako alkatearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin kontaktua izan zuela jakinarazi du. «Harremana izan dugu instituzioekin».

Eta premia larria sentitzeko zorian egon ziren une jakin zenbaitetan. Taberna bat du, eta, asteotan ez denez martxan egon, ez du izan diru sarrerarik. Alabaina, etxeko alokairua berdin ordaintzen aritu direla gogorarazi du: «Dirurik gabe geratzen ari ginen. Eta bueltatzeko itsasontzia pagatzeko 300 euro behar genituen». Automobilean joan ziren Marokora, eta, beraz, itsasontzia zen etxera bueltatzeko zuten aukera bakarra. Bumedeinek aitortu du oso ontzi gutxi irten zirela Algecirasera (Andaluzia, Espainia), eta ahaleginak eginda ere lan handiak izan zituztela horietako batean sartzea lortzeko. Aurreko ostiralean, hala ere, itsasontzietako batean sartu ziren.

Eusko Jaurlaritzak atzerrian egon diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen «gertuko» jarraipena egin duela jakinarazi dio BERRIAri. Azken datuen arabera, 544 lagunek eskatu dute laguntza bueltatzeko, eta horietatik 48 baino ez dira falta gaur egun bizitokira itzultzeko. Kanpo harremanez arduratzen den idazkaritzak azpimarratu du atzerritik jasotako eskaera gehienak alarma egoeraren hasieran egin zirela, eta azken asteetan, berriz, eskaerak asko gutxitu direla. Era berean, Jaurlaritzak esan du oraindik itzuli ez direnen kasuak «konplikatuak» direla kudeatzeko, mugikortasuna zailagoa delako: «Asteek aurrera egin ahala, zailagoa izan da mugikortasuna bermatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.