Militanteez haratago iristeko

Euskarazko komunikazioaren «berezko espazioaz» aritu dira Iban Arantzabal, Maite Iturbe eta Martxelo Otamendi. Etorkizunean elkarlana beharrezkoa izango dela uste dute.
JON URBE / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2020ko irailak 16

Ñabardurekin, bai, baina hirurak nahiko ados daude diagnostikoan: euskarazko hedabideek osasun ona dute. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren ustez, «ikaragarria» da azkeneko mende erdian izandako «hobekuntza kualitatiboa». Iban Arantzabal Tokikom toki komunikabideen bateraguneko administrazio kontseiluko kidearen iritziz, «inoiz baino hobeto» daude. «Baina denok egin dezakegu zerbait gauden baino hobeto egoteko». Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusiak «%80» bat egiten du Arantzabalek «euskararen arloaz» adierazitakoarekin. Halere, badira «baina batzuk» haren esanetan, eta zuzentzen duen hedabidean COVID-19aren sasoian egiaztatu dutena plazaratu du: «Gure ikusleei produktu bera eskaintzen bazaie euskaraz eta erdaraz, erdarazkora jotzen dute». Hori, batetik.

Eta, bestetik, euskarazko hedabideen erabiltzaileen artean pisu nabarmena dutela militanteek. Otamendiren arabera, «abiatzeko erregai nagusia» da euskaltzaletasuna euskal komunikabideentzat. «Baina kalitatea behar da jarraipena emateko». Arantzabalentzat, militanteez gaindi iritsi beharra daukate euskarazko esparru komunikatiboan. «Ez ditugu euskararen militanteak erakarri behar. Bestelakoak erakarri behar ditugu, eta lan bat dugu egiteko».

Euskal Hedabideen Behategiak, Hekimen euskal hedabideen elkarteak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Nor ikerketa taldeak antolatutako Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan ikastaroaren barruko Euskarazko komunikazioaren berezko espazioa hitzaldian mintzatu ziren hirurak.

Diagnostikora itzulita, Otamendik zehaztu zuen «estaturik gabeko hizkuntzen artean» euskarazko hedabideek «eskaintza komunikatiborik handienetan bigarrena» egiten dutela, «kataluniarren atzetik». Argiez bezala, itzalez ere hitz egin zuen, ordea. «Kuantitatiboki kronifikatzeko arriskua dago». Eta nabarmendu zuen «euskaldunak sortzea» ez dagokiela hedabideei: «Beste batzuek euskaldundu behar dute herri hau; guk, hedabideok, lagundu egin dezakegu».

Pilar Kaltzada moderatzaileak adierazi zuen euskarak komunikabideak behar dituela, baina hizlariei galdetu zien ea komunikabideek euskara behar duten. «Informazioa euskaraz ematea ez da nahikoa gure biztanleria osoarengana heltzeko», esan zuen EITBko zuzendari nagusiak. Haren ustean, euskara «ez da nahikoa» esparru komunikatibo bat egiteko orduan, baina «bada lagungarria». Otamendik azpimarratu zuenez, «hautu politiko bat» da euskaraz, «zeure hizkuntza propioan», egitea; hautu politiko bat izan zen bezalaxe, «Carlos Garaikoetxea lehendakariak erabakitzea euskarazko hedabide publikoak sortu behar zirela».

Iruditzen zaio, dena den, euskarazko komunikabideek «egunero» eskaini behar dutela «arrazoi bat», irakurleek-ikusleek haiengana jotzen jarrai dezaten: «Baina ez dezatela jarraitu gugana etortzen euskaraz ari garelako, ahatz dezatela zein hizkuntzatan ari garen». Eta horrekin lotuta, «posizionamenduaren» aldagaiari heldu zion. «Guk 1996az geroztik bidaltzen ditugu kazetariak Olinpiar Jokoetara. Horrek ez digu lagunduko egunkari gehiago saltzen, baina posizionamendu bat da»; baita hautu politiko bat ere, haren hitzetan.

Kalitate kontzeptua ere aipatu zuen. Arantzabalentzat, aldiz, bada «kantitateari ere» heltzeko garaia. «Ez ote genituzke 'txafarderoagoak' diren bide horiek ere erabili beharko, ez bakarrik kalitatearenak...». Hori argudiatzeko, azaldu zuen «tamalez» gehien ikusiak diren ikus-entzunekoak ez direla «mimo handiz» egindakoak —Goiena komunikazio taldeko zuzendari nagusia da—, baizik eta «sakelako batekin grabatutako istripu bat», adibidez. Iturberen irudiko, euskaraz sortzeko orduan «edukiari» eman behar zaio garrantzia. «Euskaraz, pauso bat haratago joan behar duzu kualitatiboki. Desberdintzen zaituen zerbait egin behar duzu».

Bestalde, erabiltzaileek zer nahi duten jakitea hedabideentzat inportantea delakoan dago Tokikomeko kidea. «Jakin behar dugu profil guztiak segmentatzen. Pertsonalizazioan sartu behar dugu. Hor joko zelai bat dago lantzeko». Otamendik pentsatzen du jendearengandik «gertu» egon behar dela, «bai marka eta bai produktu gisa ere».

Inbertsioak

Etorkizunaz ere solastatu ziren. Erabiltzaileen «masa» zein den ikusita, eta, horien hautuak «geroz eta likidoagoak» direla aintzat hartuta, hedabideek estrategiak «adostu» beharko ote dituzten galdetu zien moderatzaileak hizlariei. «Euskalgintzan gehien erabili den hitza baina gutxien praktikatu dena da sinergia», bota zuen, zirtolari, Otamendik. Nolanahi ere, hirurak bat datoz datozen urteetarako esparru komunikatiboan aurreikusten den agertokian elkarlana beharrezkoa izango dela.

BERRIAko zuzendariari erantzunez, Arantzabalek pentsatzen du elkarlana egon izan dela orain arte ere. Aurrera begira, «gauza berrietarako berriekin elkartzeko beharraz» aritu zen. Eta gazteengan, unibertsitatetik ateratzen diren kazetari «berriengan», jarri zuen arreta. «Hor badago langai bat». Iturberentzat, «oso nabaria» da beste hedabideekin lehiatu ahal izateko «berrikuntzan eta lantaldeetan» inbertitu behar dela, eta «nahitaez» izango direla «aliantzak». Otamendiren ustez, datozen bost-hamar urteetarako lehentasunak zehaztu beharko dira. Horretarako, «hirutasun santuak», unibertsitateak, administrazioek eta hedabideek, alegia, «gutxieneko akordioak» egin beharko ditu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Arantxa Iraola

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.

 ©Juan Carlos Ruiz / Foku

COVID-19aren ondorioz hiru pertsona hil dira Nafarroan

Berria

13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute. 

Ohi baino ekitaldi txigiakoa egin zuten ikastolek atzo. ©IKASTOLEN ELKARTEA

«Pandemiaren kurtsoari» heltzeko, baliabideak eskatu dituzte ikastolek

Maite Asensio Lozano

Ikasturte hasierako ekitaldian, hezkuntza sistema osoari buruzko hausnarketa egiteko eskatu du Koldo Tellitu elkarteko presidenteak

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna