Albistea entzun

Gipuzkoako 12.000 autonomok Ticket Bai sistemarekin bat egingo dute gaurtik

Besteak beste, osasun alorrekoak eta abokatuak hasiko dira; azaroan bat egingo dute dendek eta ostatuek. Zerga iruzurrari aurre egitea da fakturazio sistema berriaren xedea
Ticket Bai sistemarekin bateragarriak dira balantza, datafonoa eta inprimagailua; dendak azaroan hasiko dira.
Ticket Bai sistemarekin bateragarriak dira balantza, datafonoa eta inprimagailua; dendak azaroan hasiko dira. JUNE ROMATET Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2022ko irailak 1 - Donostia

Gaurtik aurrera Gipuzkoan dentistarenera, masajistarenera edo mediku pribatu batengana doanak ordainagiri berezi bat jasoko du. QR kode bat izango du, eta hori eskaneatuta jakingo da faktura egin den unean bertan ogasunera igorri dela, zerga informazio osoarekin. Laburturik, hori da Ticket Bai, zerga iruzurrari aurre egiteko Gipuzkoako ogasunak indarrean jarri duen sistema berria.

Gaur batuko zaizkio «jarduera profesionaletako» 12.000 bat autonomo eta enpresa; hots, lehen aipatutako alorretakoak eta beste batzuk: abokatuak, albaitariak eta arkitektoak, besteak beste. Ez dira guztiak izango, gehienak aurrerago hasiko baitira: adibidez, dendariak eta ostalariak azaroan, eta elektrizistak eta igeltseroak, datorren urteko apirilean.

Dena den, jauzi handia egingo du Gipuzkoak. Sisteman sartzea aurreikusitako zergadunen %45 inguru arituko baitira ordainagiri digitalekin lanean. Gaur hasiko diren 12.000 horiei batu behar zaizkie uztailean ekin zioten 900 zerga aholkularitzako enpresa, eta derrigorrezko epea baino lehen bat egin duten beste sektore batzuetako 9.000 inguru. Ezartzen ez duenak zigor gogorrei egin beharko die aurre, 20.000 eurori gutxienez.

Martxan jartzea ez da erraza izaten ari, kobratze sistemak berritu edo egokitzeko egin behar diren inbertsioengatik eta zailtasun teknikoengatik, bereziki. Hala, Gipuzkoak sei hilabetez atzeratu zuen abiatzea. Bizkaian eta Araban ere ari dira, baina beste epe batzuekin eta desberdintasun tekniko batzuekin.

2014tik derrigorrezkoa da fakturak ematea, baina behar bezala aitortzen direla ziurtatu nahi dute ogasunek. Gaur egun eskaintzen diren zerbitzu ugari ez dira deklaratzen. Gipuzkoako ogasunak BERRIAri azaldu dionez, «zaila» da zenbateko bat ematea. Egitasmoa aurkeztu zuenean, Bizkaiak kalkulatu zuen aurreko urteko (2018ko) fakturazioaren %20 inguru izan zitekeela. Kopuruak gorabehera, Gipuzkoak dio sistema berriaren xedea «lehia desleiala ezabatzea» dela, zuzen jokatzen dutenen eta iruzurgileen artean.

Aipatutako zailtasunei buruz, gogoratu du Ticket Baira egokitzeko 1.000 eta 1.500 euro arteko laguntzak eman dituela. Horiek eskatzeko epea amaituta, herenek eskuratu dituzte. Horrez gain, zerga kenkariak jaso dituzte borondatezko epean sartu direnek.

«Gu ez gaude susmopean»

Gaur hasiko direnak «ondo» egokitu dira, egunkari honekin hitz egin duten elkarte profesionalen arabera. Arkitektoek azpimarratu dute haiek bereziki luzera begirako proiektuekin egiten dutela lan eta faktura gutxi egiten dituztela.

Gehiago egin behar izaten dituzte dentisten, masajisten eta medikuen kontsultetan. Haien kasuan, aitortu dute kexak jaso dituztela, sistema berriak «ekarriko dien lan kargarengatik». «Gaixoari arreta eman eta gero, unean bertan faktura egin beharko dute ogasunari helarazteko. Horrek, zenbait kasutan, momentu deserosoak ekar ditzake, esaterako, albiste txar bat ematen denean», azaldu du medikuen elkargoak.

Haiek bezala, dentistak ere salbuespen batzuk izango dituzte. 400 eurorainoko fakturetan ez dute bezeroaren izena eta kontzeptua zehaztu beharko, datuen babeserako legearengatik. Kopuru horretatik gora, izena azaldu beharko da fakturetan, baina ez jaso duten zerbitzua edo tratamendua.

Jakina denez, sistema berriak ez du saihestuko zerbitzuaren zati bat edo osorik eskudirutan ordaintzea, deklaratu gabe, bi aldeak ados jartzen badira. Baina elkarteek nabarmendu dutenez, sektore horiek eskaintzen dituzten zerbitzu gehienak gaur egun txartelarekin ordaintzen dira, eta datafonoak Ticket Baira lotuta egongo dira. Ez dute uste haiek behintzat «susmopean» daudenik.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Mondragon korporazioaren, Laboral Kutxaren eta Ikerlanen egoitzak, Arrasaten. ©MONDRAGON

Ulma eta Orona, Arrasatetik urrutiratzen

Aitor Biain

Mondragonetik atera, eta korporazioarekin harreman eredu berri bat izateko proposamena egin dute Ulmak eta Oronak. Ereduen talkak eragin du bide propioa abiatu nahi izatea. Abenduaren 16an erabakiko dute bazkideek.

Koordinazio batzordearen bileraren hasiera, atzo, Iruñean, Nafarroako Jauregian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Madrilek eta Iruñeak 431 milioiko ekarpen garbia itundu dute 2020rako

Joxerra Senar

Metodologia zehaztuta, Nafarroak lehen bi urteetan gehiago pagatu zuenez, estatuak 138 milioi euro itzuliko dizkio. Aurtengo ekarpenari dagokionez, doikuntzak eginda «aldekoa» izatea espero dute

Liberiako petroliontzi bat Gdanskeko portuan, artxiboko irudi batean. ©ADAM WARZAWA / EFE
Tubacexeko langileen protesta, 2021eko otsailaren 23an, Laudioko lantegiaren aurrean. ©LAB

Espetxe zigorrak eskatu dituzte Tubacexeko hiru grebalariren aurka

Berria

Iazko otsailaren 23an atxilotu zituen Ertzaintzak, enpresaren atarian. Isunak ere eskatzen dituzte haien aurka

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.