Euskaraldian, erdaldunago

Euskaraldiak ez du ekarri alderdiek euskara gehiago erabiltzea Twitter bidez hedatzen dituzten mezuetan. Zenbaitetan, erabilera apaldu egin da kanpainak iraun duen bitartean

Eusko Legebiltzarreko indar politikoak, Euskaraldiari sostengua adierazten. BERRIA.
Jon O. Urain - Gotzon Hermosilla
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Euskaraldiak ez du ekarri alderdi politikoek euskara gehiago erabiltzea Twitter bidez hedatzen dituzten mezuetan. Zenbait kasutan, euskara gutxiagotan erabili dute, baita herritarrak Euskaraldian parte hartzera deitu dituzten alderdi batzuek ere.

Hori ondorioztatzen da BERRIAk egindako azterketa batetik. Alderdi politikoen kontu ofizialek azaroan plazaratutako txioak aztertu ditu egunkari honek, Euskaraldia hasi aurretik idatzitakoak eta euskararen inguruko ariketa sozialak iraun bitartean egindakoak desberdinduz. Emaitza etsigarri samarra da.

EAJren kasuan, euskararen erabilpena nahikoa finkoa da, eta ez du gorabehera handirik izan. Ia txioen erdiak euskaraz egin ditu azaroan: %46,99 euskaraz, eta %5,46 ele bitan. Jokamolde hori ez da askorik aldatu Euskaraldian: kanpaina hasi aurretik txioen %46,8 ziren euskaraz, eta ariketa sozialak iraun duen bitartean, %47,21.

Beste eragile batzuek idatzitako txioak birtxiokatzea izan da EAJren EBBren lehendakari Andoni Ortuzarren jarduera nagusia Twitterren. Txio horiek euskaraz zein erdaraz izan dira. Mezu bakarra idatzi du, Donostiako irrati batek emandako sarien harira, gaztelaniaz, euskarazko esaldi batekin: «Zorionak zuen bikaintasunagatik».

EH Bildu da Twitterren mezu gehien hedatzen duen talde politikoa, BERRIAk aztertutakoen artean: azaroan 838 txio zabaldu zituzten. Eta euskara gehien erabiltzen duena ere bada: joan den hilean, batez beste, txioen %60,02 euskaraz egin zituen, eta %6,92 ele bitan. Bitxia bada ere, Euskaraldian portzentaje horiek apur bat behera egin zuten: txioen %58,66 euskaraz izan ziren, eta %4,13 bi hizkuntzatan. Euskaraz eta gaztelaniaz gain, zenbait txiotan ingelesa ere erabili du EH Bilduk azaroan.

EH Baik hizkuntzen arteko orekari eutsi zion joan den hilean: Euskaraldia hasi aurretik, txioen erdiak euskaraz izan ziren, eta beste erdiak, frantsesez. Azken bi asteetan, baina, txio batzuk ele bitan egin dituzte, eta horrek berekin ekarri du euskara hutsezko mezuen ehunekoa %50etik %47,37ra apaltzea.

Emaitza kaskarragoak

Beste alderdi batzuen emaitzak askoz kaskarragoak izan dira. PSE-EEk, esaterako, hogei txiotik bat baino ez du euskaraz egin: azaroan, txioen %5,1 euskaraz izan ziren. Euskaraldian datu horrek hobera egin du, baina ez asko: %6 izan dira PSE-EEk euskaraz idatzitako txioak; bederatzi, orotara.

Azaroaren 18an, Euskaraldia hasi zen egunean, Eneko Andueza PSE-EEren idazkari nagusiak mezu bat idatzi zuen euskaraz, «datozen bi asteetan, eta aurrerantzean ere, euskara maizago, gehiagorekin eta leku gehiagotan erabiltzeko konpromisoa» adierazteko.

EAEko Ahal Dugu-k bost mezutik bat egin du euskaraz azaroan: %20,25. Haien kasuan ere Euskaraldia ez da pizgarri izan euskara gehiagotan erabiltzeko, eta kanpainak iraun duen bitartean gutxitu egin dira euskaraz egindako txioak: Euskaraldia hasi aurretik %24 izan ziren, eta, gero, %15,29ra jaitsi dira.

Anduezak bezala, EAEko Ahal Dugu-ko koordinatzaile Pilar Garridok ere bat egin zuen Euskaraldiarekin, eta azaroaren 18an horren aldeko txio bat idatzi zuen: «Hasi da Euskaraldia, eta gaurtik abenduaren 2ra bitarte, hitzez ekiteko garaia izango da, ahobizi zein belarriprest gisa. Gure babes osoa euskarari eta euskara maite dugun guztioi».

Antzera jokatu zuen koalizioak Nafarroan, baina euskara askoz gutxiago erabilita. Euskaraldiaren aurretik, bi txio egin zituzten euskaraz (%3,5) eta hiru ele bitan (%5,2). Kanpaina hasi ostean, berriz, mezu bakar bat ere ez dute egin euskaraz, ele bitan idatzitakoak ugaldu dituzten arren (%16,6). «Prest gaude Nafarroako Parlamentuan Euskaraldirako. Eta zu?», idatzi zuten ariketa soziala hasi zen egunean.

Euskaraldia hasi aurretik, Geroa Baik %17,74 txiokatu zuen euskaraz, eta kanpainak iraun duen bitartean, berriz, %16,67. Koalizioak ere bat egin zuen Euskaraldiarekin azaroaren 18an txiokatutako mezu baten bidez: «Animatu zaitez zu ere. Gure lehen hitza euskaraz izan dadila».

Euskaraldirik ez

PSN, PP, UPN eta Navarra Sumarentzat ez da Euskaraldirik izan: gaztelania hutsez egin dituzte azaroan txiokatu dituzten 787 mezuak. Tuterako PSNk, esaterako, Angel Sanz zinegotziaren adierazpen batzuk txiokatu zituen azaroaren 7an, «[Nafarroako] errealitate linguistikoa eta aniztasuna errespetatzeko» deia eginez, baina aniztasun horrek ez du islarik izan alderdiak Twitterren duen jarioan.

EAEko PPren presidente Carlos Iturgaizek, berriz, ez du hilabete osoan txio bakar bat ere egin euskaraz. Haren Twitter kontuan euskararen azken arrastoa topatzeko, urriaren 11ra arte egin behar da atzera: egun hartan, Guardia Zibilak euskaraz bidalitako mezu bat birtxiokatu zuen. Mezuak honela zioen, hitzez hitz: «Zorionak gure Amatxuri, Begoñako Ama Birjina, Bizkaiko Zaindaria. Ez ahaztu, Birjina Santua, lurraren tristura. Zuzendu ezazu begirada bihozbera ezbeharren aurka borrokan sufritzen dutenenganantz...».

UPNren eta Navarra Sumaren 220 txioak ere gaztelania hutsez izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.