Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Gotorlekuko horma, pitzatuago

EAJ gailendu zaio PSE-EEri, bi alderdiek Ezkerraldean duten lehian. Barakaldon, Retortilloren apustuak huts egin du. PSE Portugaleten nagusitu da, eta aldea handitu du

Amaia del Campo Barakaldoko alkatea, Itxaso Atutxa, Unai Rementeria eta Andoni Ortuzar burukide jeltzaleek inguratuta. JAVIER ZORRILA / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Bizkaiko Ezkerraldean EAJk eta PSE-EEk duten dema horretan, jeltzaleak izan dira garaile. Portugaleten salbu, inguruko herri guztietan nagusitu dira PSE-EEren gotorleku izandako eskualdean.

EAJ apurka-apurka joan da sozialistei alkatetzak kenduz: 2007an, Santurtzi erori zen, 2011n Sestao, 2015ean Barakaldo. Portugaletek baino ez zion eusten PSE-EEren nagusigoari: 1979tik, herri horretako alkate guztiak sozialistak izan dira. Joan den igandeko hauteskundeek egoera hori berretsi dute: EAJ garaile izan da Santurtzin, Sestaon eta Barakaldon —eta Meatzaldeko herri guztietan— eta PSE-EEk eutsi dio Portugaleteri, EAJri ateratzen dion aldea handituta.

Ezkerraldeko lau herrietan botoa emateko eskubidea duten 175.000 biztanle daude; 205.000 inguru, Meatzaldeko herriak kontuan hartuta. Boto asko dira horiek —konparazio batera, Bilboko errolda 273.000 herritarrek osatzen dute—, eta, beraz, Bizkaian gailendu nahi duen edozein alderdik ezinbestean izan behar ditu emaitza onak itsasadarraren ezkerreko ibar horretan. Baina eskualdearen garrantzia ez da soilki kuantitatiboa: iragan industrialeko eremua da, langile klasekoa, euskal sozialismoaren sorburua, eta horrek balio sinboliko handia ematen dio han lortutako garaipenari.

Dudarik gabe, Barakaldon zegoen lehiarik interesgarriena. 2015eko hauteskundeetan, berdinduta gelditu ziren EAJ eta PSE-EE zinegotzi kopuruan —zortzi—, eta boto gutxi batzuen aldea atera zion EAJk PSE-EEri. Horri esker, Amaia del Campo jeltzalea izendatu zuten alkate. Aurtengoan, gogor saiatu dira sozialistak egoerari buelta ematen: Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu izandako Alfredo Retortillo alkategai izendatu zuten, Ezkerraldea ardatzetako bat izan da kanpaina osoan, eta amaiera ekitaldia Barakaldon egin zuten.

Apustuak huts egin du. Lehia ez da espero bezain estua izan, eta jeltzaleak aise gailendu dira Barakaldon, zortzi zinegotzitik 11ra igarota, eta sozialistak zortzirekin gelditu ziren. Beraz, Del Campo alkate izango da, berriro. Gauzak okertzen ez bazaizkio behintzat.

Itunaren aukera

Izan ere, Elkarrekin Podemosek lau zinegotzi lortu ditu. EPk eta PSE-EEk indarrak batuko balituzte, bien artean hamabi zinegotzi izango lituzkete, EAJk baino bat gehiago; hots, nahikoak Retortillo alkate izendatzeko. Baina, gaur egun, ez du ematen horretarako aukera handirik dagoenik, horrelako akordio batek zapuztuko lukeelako EAJk eta PSE-EEk instituzio guztietara iritsiko litzatekeen beste itun zabalago bat egiteko aukera. Seguru asko, akordioen inguruko erabakia ez dute Barakaldon hartuko, beste nonbait baizik.

Amaia del Campok iragarri du talde guztiekin hitz egingo duela «Udalari egonkortasuna ematen saiatzeko», eta akordioak bilatuko dituela: «Espero dut denok barakaldarren interesak lehenetsiko ditugula bestelako interes partidisten gainetik», ohartarazi du. Haren ustez, aurreko udal hauteskundeetan baino 6.853 boto gehiago lortu izanak esan nahi du herritarrek onetsi dutela duela lau urte abiarazitako«kudeatzeko moduaren aldaketa».

Sestaon eta Santurtzin ere EAJ nagusitu da, baina ñabardurekin, kasu bietan PSE-EEk aldea murriztu dielako. Santurtzin, EAJk duela lau urteko emaitzei eutsi die, hamar zinegotzirekin, eta, beraz, PSEren igoera —hirutik bostera— ez da nahikoa Aintzane Urkijoren hautagaitza arriskuan jartzeko. Sestaon are gehiago murriztu da aldea: Josu Bergara jeltzalea buru duen zerrendak bi zinegotzi galdu ditu, eta PSE-EEk beste bi irabazi ditu, baina oraindik EAJk PSE-EEk baino sei zinegotzi gehiago ditu.

Asterixen komikietan bezala, Portugalete da jeltzaleen olatuari aurre egin eta sozialisten behialako nagusitasunari eusten dion azken herria Ezkerraldean. Baina eutsi baino gehiago egiten du PSE-EEk Portugaleten: hazi egin da, zinegotzi bat irabazi du, eta,hamar zinegotzirekin, baten faltan gelditu da gehiengo osoa erdiesteko. Meatzaldeko herri guztietan, berriz —Trapagaran, Ortuella, Abanto, Muskiz...— EAJ ateratzen da irabazle PSE-EErekin duen lehia horretan.

Beste alderdiak

Gainerako eragile nagusiak —EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP— ez dira ikusle soil dema horretan, baina gorabehera handiak dituzte herri batetik bestera. EH Bildu da horren adibiderik behinena: bi herritan aurrera egiten du, eta zinegotzi bana irabazten du —Santurtzin eta Sestaon—, eta beste bitan zinegotzi bana galtzen du —Barakaldon eta Portugaleten—.

Elkarrekin Podemosek zenbait lekutan lortu du Ahal Dugu-ren inguruko plataformek aurreko bozetan izandako emaitzak berdintzea: Barakaldon, esaterako, lau zinegotzi zituen Irabazik, eta lau izan ditu EPk aurten. Beste batzuetan, berriz, atzera egin du esparru politiko horrek, Santurtzin, esaterako.

PPk, berriz, Bizkai osoan izandako bilakaerari jarraitu dio Ezkerraldean ere, eta eskualdean zituen sei zinegotzietatik bi baino ez ditu gorde, bat Barakaldon eta bestea Portugaleten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.