Erasoa Baionako meskitan. Eric Fassin. Soziologoa

«Tronpakorra da hobenduntzat eskuin muturra soilik hartzea»

Fassin unibertsitate irakaslearen ustetan, lotura argia dago eskuin muturraren diskurtsoaren eta Baionakoaren gisako atentatuen artean. Halere, azaldu du beste alderdiek ere badutela zeresana.

BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Paris 8 Unibertsitateko Soziologia irakaslea da Eric Fassin (Paris, 1959), eta ikerketa ugari egin ditu populismoaz, arrazakeriaz eta generoaz. Baionako erasoaren harira, islamofobiari buruz aritu da.

Zer izan da Baionako erasoa?

Atentatu islamofobo bat.

Zergatik hautatu hitz horiek?

Atentatu hitzak zentzu zehatza du: ez da gertakari soila, baizik eta ideologia bati lotua, izu-ikara zabaldu nahi duena. Ez da lehen aldia izan: Baionako meskitari lehen ere eraso egin izan diote, pintaketekin. Logika islamofoboa oso argia da: islamari eraso zaio.

Beldur zinen hori gertatzeko?

Badakigu jadanik gertatzen dela. Orain urte batzuetatik ari gara eskuin muturraren erradikalizazio keinuak ikusten, heriotza mehatxuak eta. Ez gara harritu. Adibide andana bat dugu: orain urte batzuk Utoyan [Norvegia] izan zen sarraskitik hasi, eta aurtengoChristchurcheko [Zeelanda Berria] atentatuetara. Bada bortizkeria ekartzen duen logika ideologiko bat. Frantziako testuinguruan ere ez gara harritu. Herraren mintzairak, gerlako hiztegiak (inbasioa, okupazioa, kolaborazioa...), batzuetan bortizkeria dakar. Ezin da pentsatu ez dagoenik loturarik diskurtsoen eta ekintzen artean.

Nork du erantzukizuna?

Arlo politikoan, arduradun politikoen artean bilatu behar da: batak bestearen atzetik parte hartu dute immigrazioa eta islama arazo bilakatzen, gainetik kendu beharreko zerbait balitz bezala, atzerritarrak izanen balira bezala. Hori baita islama eta immigrazioa lotzea: erran nahi du uste dugula islama Frantziari arrotza zaiola.

Hori ez dagokio soilik eskuin muturrari.

Bernard Cazeneuvek [lehen ministro ohia] dioenean musulmanak gehiago entzun beharko liratekeela atentatuen aurka, erran nahi du jarraitutasuna ikusten duela musulmanen eta terrorismo islamistaren artean; Robert Badinterrek [Justizia ministro ohia] erraten duenean buru oihala ez dela ongi etorria, iradokitzen du Errepublikatik kanpokoa dela. Sekula ez genuke erranen katolizismoa ongi etorria den ala ez. Erlijio musulmanari kontuak eskatzen dizkiogu ideologikoki; beste erlijioei, ez. Hori diskriminazioa da, eta islama arazo gisa eratzen laguntzen du. Horregatik, tronpakorra da hobenduntzat eskuin muturra soilik hartzea. Eskuin muturraren diskurtsoak hainbesteko oihartzuna du, arras oposizio gutxi duelako. Batzuen eta besteen arteko desberdintasunak oso txikiak dira.

Hedabideen eta inkesta etxeen erantzukizunaz ohartarazi izan duzu. Zer rol dute?

Baionan gertatu dena ulertu nahi badugu, ez da aski eskuin muturreko ideologiak, diskurtso islamofoboak eta herra ekintzak lotzea. Ez da aski. Ikusi behar da zer bitartekari lan egiten duten hedabideek: neurriz kanpo ematen diete hitza herra diskurtsoei. Adibidez, posible da arrazakeriagatik kondenatutako bati telebistan egunero mintzatzeko kontratua egitea. Horrek badu eragina: kontsideratzen hasten gara zilegi dela horretaz guziaz eztabaidatzea. Adibidez, behin eta berriz eztabaidatzea ea islama bateragarria den demokraziarekin. Errepikatzen den eztabaida da, eta ikerketa etxeek elikatua, jendearen iritzia eskatzen dutelako. Irudika dezagun hori judaismoari buruz planteatzen dela. Gertatzen da hedabideek mugatzen dutela zertaz eztabaidatzea den zilegi. Hedabideek eta ikerketa etxeek maiz aurkezten dituzte beren buruak gertatzen denaren isla gisa, baina, funtsean, gertatzen dena ekoizten parte hartzen dute.

Batzuek Emmanuel Macron presidentearen aldekoen estrategia ikusten dute atzean: eskuin muturra goiti eman, dikotomia indartu, eta eskuin muturraren aurrean harresi bakar gisa azaldu. Bat zatoz ikuspegi horrekin?

Argi da Macroni komeni zaiola eskuin muturraren aitzinean harresi aukera bakar gisa agertzea. Galdera da jakitea ea eraginkorra ote den. Batasun Nazionalaren aurrean harresi gisa jartzea ote da Hezkuntza ministroak gutxi gorabehera Marine Le Penek erraten duen gauza bera erratea? Ikusi beharko da. 1980ko hamarkadatik, eskuin muturrari bidea mozteko asmoz haren gaiak bereganatu dituzten gobernu eta alderdi guztiek gauza bat ikusi dute: hautesleria lepenistaren aitzinatzea. Gauza bat da eskuin muturraren aitzinean harresi gisa agertu nahi izatea, eta besterik da eskuin muturraren gaiei lekua uztea. Ezin erran estrategia eraginkorra denik. Pentsa genezake faxismoaren kontrako harresia zelakoan Macronen alde bozkatu zuten anitzek bihar abstentzioa hauta dezaketela. Beraz, estrategia arriskutsua da Macronen ikuspegitik, baina baita Frantziaren ikuspegitik ere. Izan ere, neofaxismoak aitzina egiteak, nahiz eta bereziki musulmanak jarri jomugan, Frantziako gizartea eraldatu eta desegin egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.