Noiz sortua: 2019-11-01 00:30:00

Negozio aukeraren uberan

Uber hasi da gidaria duten ibilgailuen zerbitzua eskaintzen Bilbon. Albisteak ezinegona piztu du alderdi eta instituzioetan; taxilariak egoera argitzearen zain daude.
Taxilarien iazko mobilizazioak, Bilbon.
Taxilarien iazko mobilizazioak, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2019ko azaroak 1
Albisteak ezustean harrapatu ditu taxilari gehienak: «Nik duela bost minutu jakin dut, sakelakora mezuak iristen hasi zaizkidanean. Orain arte ez dut ezer jakin», azaldu du Bilboko Mazarredo kaleko geltokian zain dagoen taxilari batek. Eta haren moduan, gainerakoek ere oraintsu izan dute albistearen berri: Uber hasi da zerbitzua ematen Bilbon eta inguruetan. Aurrerantzean, UberX izeneko aplikazioa erabiliz, aukera egongo da Bizkaiko hiriburuan ibilgailu gidariduna (IG) duten autoak alokatzeko.

Uberrek bere zerbitzuak eskaini dituen hiri gehienetan polemika eta gatazka piztu dira, taxilariekin batez ere. Eskaintza horri lehia bidegabea irizten diote taxilariek, eta iaz, esaterako, greba eta liskar handiak izan ziren —Espainian eta Katalunian batez ere, baina baita Euskal Herrian ere— IG lizentziak erabiltzen dituzten ibilgailuen jarduera eta horien zerbitzuak eskaintzen dituzten plataforma digitalena arau zezatela eskatzeko. Azkenean, Espainiako Gobernuak erkidegoen eta udalen esku utzi zuen arautzea.

Juan Galiardo Espainiako Uberreko zuzendariak (Santa Cruz Tenerifekoa, Espainia, 1988) uste du «goizegi» dela Uber Bilbora iritsi izanaren ondorioak neurtzeko, baina «mugimendua» sumatu dute lehenengo orduetan, eta inpresioa «ona» da. Merkatua badagoela uste dute: «Joan den urtean, Euskadin 320.000 pertsonak zabaldu zuten Uberren aplikazioa. Horrek esan nahi du negozio aukera badagoela, are gehiago Bilbon, milioi bat biztanle inguru duen area metropolitarra, eta gero eta turista gehiago erakartzen dituena».

Oraingoz, hogei ibilgailurekin hasi du Uberrek bidea Bilbon: «Arlo honetan, taxiarenean ez bezala, autonomo gutxi daude», azaldu du Galiardok, «eta IG lizentzia duten auto gehienak enpresen eskuetan daude. Batzuek soil-soilik gurea bezalako plataformentzat lan egiten dute, eta beste batzuek uztartzen dute hori hoteletan eta aireportuetan ematen duten ohiko zerbitzuarekin. Guk, oraingoz, hogei ibilgailuren konpromisoa lortu dugu, baina eskaera handia balitz ez dugu baztertzen gehiago hartzea».

Plaza Biribilean dauden taxilariek badute albistearen berri, baina zuhur ageri dira. Gehienek ez dute iritzirik eman nahi: gauzak argitu artean, nahiago isilik egon. «Gakoa da jarduera hori arautu egin behar dela», azaldu du David Lopezek, «eta ez dezatela taxi baten lana egin, ezin dutelako». Bera ere ezustean harrapatu du albisteak: «Guk behintzat ez genekien ezer». Haren ondoan dagoen taxilariari, Max izenekoari —ez du abizenik eman nahi izan— sakelakoaren bidez iritsi zaio berria: «IGak beti egon dira hemen, eta orain arte ere lanean egon dira; galdera da ea honen ondorioz gehiago sartuko ote diren».

«Nik iritzia emango dizut, baina ez grabatu, mesedez», esan du beste taxilari batek. «Egia esatea nahi baduzu, ni lasai nago. Guk oso zerbitzu ona ematen dugu, eta bezeroak pozik daude gurekin. Datozen asteetan ikusiko dugu zer gertatzen den, baina ni lasai nago».

Galiardok uste du «denentzako lekua» dagoela. Are gehiago: sinetsita dago Uberren moduko plataformen bidez eskaera handitu egin daitekeela: «Jende askok uste du taxiak dirudunentzako zerbitzu bat direla. Guk, aldiz, gure teknologiari esker, prezio merkeagoak eskainzen ditugu, eta, ondorioz, eskaera handitu egiten da. Ez diogu negoziorik kentzen taxiari: alderantziz, merkatua zabaldu egiten dugu, eta merkatu horretan taxiek ere beren lekua izan behar dute».

Galiardori «ulergarriak» begitantzen zaizkio taxilarien errezeloak: «Horretan, beharbada, guk ere erruaren zati bat izan dezakegu, batzuetan gure enpresaren oso irudi oldarkorra eman dugulako. Baina guk lankidetzan aritu nahi dugu, lan egiten dugun hiriekin, eta hiri horietako taxilariekin ere, sektore horrek izan behar duen bilakaeran laguntzeko».

Uberrek adierazi du Bilbon eta «inguruetan» arituko dela, baina, zehatzak izanda, hiriburuaz gain, metropoli< eremu osoa hartuko du haren jarduerak: mendebaldean, Ezkerralde osoa Muskizeraino, eta ekialdean, Arrigorriagatik Berangorainoko tarte osoa, Galdakao, Basauri, Leioa eta Getxo barne.

«Gauez eta maltzurkeriaz»

Galiardok dioenez, lanean hasi aurretik Eusko Jaurlaritzarekin eta Bilboko Udalarekin harremanetan egon dira, «aritzen garen hiri guztietan beti egiten dugun moduan». Haren esanetan, lehenengo kontaktuak duela urtebete hasi ziren, eta hilabete hauetan guztietan harremanetan egon dira.

Ez da hori Bilboko Udalaren bertsioa: Mugikortasun zinegotzi Alfonso Gilek «gauez eta maltzurkeriaz» aritzea leporatu dio plataformari. Bezperan eta mezu elektroniko baten bidez jakinarazi zioten atzo zerbitzua eskaintzen hasteko asmoa zutela.

Orain, Bilboko Udala negoziazioetan ari da taxilariekin eta IGko enpresekin, egoera arautzeko asmoz. Astelehenean dute bilera. Galiardok dio Uberrek «gustura» parte hartuko lukeela: «Guk ez dugu arazo izan nahi, irtenbidea baizik, eta prest gaude udalarekin eta gainerako eragileekin elkarlanean aritzeko».

Baina Gilek arazoak espero ditu. Gogorarazi duenez, Bilbon onartutako azken arauaren arabera, taxiak ezin dira edozein tokitan hartu, geltokian baino ez, «eta nik dakidala, Uberrek ez dauka geltokirik Bilbon eta, beraz, ezin izango du jardun, baina geroak esango du kontua zertan gelditzen den».

Oposizioak kezka agertu du. EH Bilduko zinegotzi Bruno Zubizarretak Jaurlaritzari egotzi dio «berri txarraren» ardura, «IG lizentziak arautzeko egin behar duen dekretuan berandu ibiltzeagatik». Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko zerrendaburu Roberto Uriartek esan du albisteak «ehunka familiaren etorkizuna zalantzan» jartzen duela.

Albiste gehiago

Martxoaren 28an eguneratua, 14:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 6.987 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, administrazioen arabera. 312 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 988 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Fruta saltzailea bat, Donostian. / ©Gorka Rubio, Foku

Etzi lan jarduera etengo dute Hego Euskal Herrian, bi asterako

Berria

"Ordainpeko baimen berreskuragarria" ematea erabaki du Madrilek. Zortzi egunez luzatuko da, apirilaren 9ra arte, Aste Santura arte, eta langileek berreskuratu egin beharko dituzte orduak

Pedro Sanchez, gaurko agerraldian, Moncloan. ©EFE

Espainiako Gobernuak eten egingo ditu funtsezkoak ez diren jarduera guztiak

Andoni Imaz

Sanchezek iragarri du funtsezkoak ez diren lanetan aritzen diren langileek etxean geratu beharko dutela martxoaren 30etik apirilaren 9ra. Ohiko soldata jasoko dute, eta lanorduak gero egingo dituzte, «mailaka». Komunikabideak funtsezkotzat jo ditu Sanchezek.

Nekazaritza da itxialditik salbuetsitako funtsezko jardueretako bat. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Zeintzuk dira «funtsezko jarduerak»?

Ion Orzaiz

Elikagaien ekoizpenak, lehengaien garraioak, hedabideek eta osasun zerbitzuek orain arte bezala segituko dute apirilaren 9ra arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna