Koronabirusa

Babes neurriak edo zigorrak?

Birusaren hedatzeak kartzeletan izan ditzakeen ondorioez kezkaturik, hainbat elkartek preso direnen oinarrizko eskubideen errespetatzea aldarrikatu dute.

Elkarretaratze bat 2019ko urtarrilaren 30ean, Gasteizen, Zaballako kartzelan beste hildako bat izan zela salatzeko. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Joana Ibargarai Leritza.
Ahatsa
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Birusari aurre egiteko pertsonen arteko desberdintasunak agerian ematen ditu azken asteotako egoerak; arrisku taldeez gain, nola sistemak egin dituen batzuk besteak baino zaurgarriago gainezka beterik diren kartzeletan, hirunaka edo launaka izanik geletan eta dituzten baldintzetan. «Ezin da horrela segitu», hala adierazi du Kloe Etxamendi Inguma taldeko kideak.

Birusa hedatu den ber, Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako kartzeletan izan dira kutsatu batzuk. Eta, erraten duten bezala, «lehenengo» hilak ere. Martxoaren 20an hil zen Espainian, Estremerako kartzelan, preso atxikitzen zuten 78 urteko emakumezko bat. Bi egun lehenago, Fresnesko presondegian (Frantzia) hil zen 74 urteko gizonezko bat; martxoaren 8an atxilotu zuten, eta 16an hil zen.

Zaballako presondegian (Araba) agertu da Euskal Herriko lehen kutsatua, eta hango bi erizain ere kutsatuak dira. Baionan, berriz, presondegiko langile batek birusari aurre egiteko dituzten baldintza txarrak salatu ditu Sud Ouest egunkarian: «Eskuen desinfektatzeko ontzi ttipi bat baizik ez dugu presondegi guztiarentzat». Gainpopulazioak birusaren hedatzea erraztuko duela begi bistakoa da. Izan ere, segurtasun neurriak errespetatzea «ezinezkoa» dela uste du Etxamendik, jakinik presondegi gehienetan pertsona «sobera» direla preso. Baionan, adibidez, 110 pertsona dira, 75 lekurentzat.

Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroak hainbat neurri hartuak zituzten; lehenik, bisiten baldintzak zorroztuz, eta gero, osoki debekatuz. Tailerrak, aktibitateak eta lan denborak ere kendu dizkiete, «segurtasun neurriak» errespetzatzeko. Azken erabakia astelehenekoa da, Belloubetek adierazi baitu preso diren eta kondena bukatzekotan diren 5.000 pertsona askatuko dituztela ondoko egunetan; hilabete bat baino gutiago gelditzen zitzaienei, hain zuzen ere. Halere, neurri horrez kanpo geldituko lirateke «terrorismotzat» akusatuak diren pertsonak, baita bikotekideari bortizkeriak jasanarazi dizkiotenak ere.

Isolatuak eta zaurgarri

«Segurtasun» neurriak izan behar zuketen horiek eta, batez ere, bisiten debekatzeak egoera «oraindik larriagoa» sortu dute, Etxamendiren ustez. Preso diren pertsona «anitz» telefonorik gabe direla azpimarratu du.

Cesar Manzanos soziologo eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak argi du: «Preso izateko baldintzak aise zailago dira bisitak debekatu dituztenetik». Hain zuzen ere, hainbat elkarte eta erakundek salatu dute neurri horien «larritasuna».

Bisitarik gabe gelditzeak ondorio psikologiko «larriak» sor ditzakeela azaldu du Manzanosek. Gainera, ohartarazi du harremanak oztopatzearekin batera beste elementu batzuek oker zezaketela preso direnen egoera, hala nola drogarik ez gehiago sartzeak. «Gaizki izate hori gurea baino askoz handiagoa da presondegian direnentzat, eta dependentziak dituztenentzat estres egoera areagotzen du, bisitarik gabe drogarik ez baita sartuko».

Osasun sistemari dagokionez, preso direnak «lanjerrean» direla uste dute Manzanosek eta Etxamendik. «Jendea eri izanen delarik, ez dute presoek lehentasuna ukanen. Jada ez da aski oherik suspertze guneetan; beraz, hautatu beharko dutelarik nor salbatu, ez dute presoengan pentsatuko. Horretarako, behar dira orain askatu», esan du Etxamendik. Manzanosek gaineratu du pertsona kopuru handi bat jada eri dela presondegietan, eta egoera honek eritasunak «areagotu» baizik ez dituela eginen. Bestalde, uste du kutsatu kopuru zehatza zenbatekoa den esatea zaila izanen dela: «Ez da testik egiten, zeren eta egiten badituzte eta positiboak badira, egiazko neurriak hartzera behartuak lirateke».

Baldintza horien aurrean, hainbat kartzelatan oldartu egin dira presoak, eta ehunka elkartek zein erakundek eskatu dute eri diren presoak eta 70 urtetik gora dutenak aska ditzatela. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ere eskatu du neurri berezi batzuk har ditzatela presondegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.