Koronabirusa

Urkulluk uste du funtzionarioek ere «ahaleginak» egin beharko dituztela

Lehendakariak ez daki murrizketarik izango ote den, baina besteekin solidario izateko eskatu die

Eskubide Sozialen Gutunaren manifestua sinatu dutenetako batzuk, Bilbon eginiko aurkezpenean, atzo. M. RAMIREZ / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zirimiria bezala, ia oharkabean pasatzen dira ideia batzuk iritzi publikora, neurtuta noiz, non eta nola izan behar duen. Hala gertatzen ari da koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa dela-eta sektore publikoan izan daitezkeen murrizketen inguruko susmoekin. Eusko Jaurlaritzak dio gaia ez duela mahai gainean, eta ez dakiela zer gertatuko den datozen hilabeteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazioen menpeko langile publikoekin —135.000 inguru— eta haien lan baldintzekin. Baina gobernuko kideak berak zabaltzen hasi ak dira mezu batzuk horren inguruan.

Iñigo Urkullu lehendakariaren txanda izan zen atzo, Euskadi Irratiko elkarrizketa batean. Beste langileek egiten dituzten «sakrifizioak» aintzat hartu eta haiekiko «elkartasunez» funtzionarioek «ahaleginen» bat egin beharko dutela esan zuen. Ez da lehenengo aldia Urkulluk hori esaten duena: maiatzaren 24an, Vocento taldeko egunkari batean honela mintzatu zen: «Ez daukat zalantzarik funtzionarioek kontuan hartuko dutela sektore pribatuan egiten ari diren ahalegina». Eta aurreko igandean, talde bereko beste kazeta batean, Arantxa Tapia sailburuak hitz berberak edo oso antzekoak erabili zituen: «Ez litzateke ondo ulertuko funtzionarioek beren esfortzu zatia ez egitea». Tapiak, gainera, ahalegin hori zertan gauza daitekeen zehaztu zuen: esan zuen lantaldean murrizketarik egiteko asmorik ez dutela, ez behintzat osasun arloan eta hezkuntzan, baina iradoki zuen lan baldintzak uki ditzaketela: soldatak «izozteko» aukera aipatu zuen. «Beste batzuetan ere hala egin da».

Adierazpenok ez dira inprobisatuak, edo oinarririk ez luketen kazetarien galderei erantzuteko sortuak, hauteskunde kanpaina baten atarian. Apirilaren 12ra egin behar da atzera, osasun krisia bere gogorrenean zegoen garaira, EAJ eta Jaurlaritza jada aukera horretaz hausnartzen hasiak zirela jabetzeko. BERRIAk argitaratutako elkarrizketa batean, Joseba Egibar alderdikideak esan zuen «erabaki sakonak» hartu beharko direla administrazioan, zerga bilketan aurreikusten den jaitsieraren harira. Eta langile publikoengan jarri zuen arreta. «Funtzio publikoak, beste garai batzuetan egin izan duen bezala, bere ekarpena egin beharko du». Aurreko krisira atzera eginez, gogoratu zuen Jaurlaritzak «aparteko soldataren bat» kendu ziela langileei. «Ez dakit antzeko neurriak hartuko diren, baina gogoetak orokorra eta sakona izan beharko du».

Hain zuzen ere, funtzionarioek bost urtez izan zituzten izozturik soldatak —2012tik 2016ra—, Espainiako Gobernuak aginduta, eta 2012ko Gabonetako saria ere kendu zieten, nahiz eta trikimailu baten bidez eskuratu. ELAk gogoratu duenez, langile publikoen erosahalmena % 13 apaldu da azkenengo hamar urteetan.

Lehendakarigaiei mezua

Sindikatu horri ez zaizkio oharkabean pasatu Urkulluren eta besteen hitzak. Maiatzeko azken astean kaleratutako ohar batean, lehendakariari eta hauteskundeetara aurkezten diren gainerako hautagaiei gaiari buruz «argi» mintzatzeko eskatu zien, eta ohartarazi edozein murrizketari irmo erantzungo diotela.

EH Bilduk atzo erreakzionatu zuen, Maddalen Iriarte lehendakarigaiaren bitartez, ETB1en. Sektore publikoko langileak —osasun arlokoak eta hezkuntzakoak aipatu zituen— krisi honetan egiten ari diren lana txalotu zuen, eta azpimarratu sektore publikoa indartzea izan behar dela gobernuaren lehentasuna. «Agian ez da posible izango, baina beste krisietatik ikas dezakegu zer beste gauza egin daitezkeen, zer lehentasun dauzkagun, eta zer utz genezakeen beste baterako».

CCOO sindikatuak, ohar batean, kezkagarritzat jo ditu lehendakariaren hitzak, eta hari leporatu dio langile publikoak eta besteak «zatitu» nahian aritzea. ESK-k ere erantzun du, Twitter bidez. «Urkulluri eskatzen diogu —berak ate birakari bat du bermatua— ahalegin hori eska diezaiela iruzur egiten duten enpresei, dirudunei, Sicav bat dutenei... Funtzionariook gure osasuna jokoan jarri dugu, berak bere murrizketekin egin ez duena egiteko: osasun publikoa bermatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.