Greziako diputatuek batzorde bat eratuko dute espioitza salaketak ikertzeko

Mitsotakis lehen ministroak aitortu du oposizioko politikari bat zelatatu zutela, baina ez du argitu zergatik. Tsiprasek gobernuburuaren dimisioa eskatu du; bozak 2023an egingo dira

Pasok-KINAL aliantzaren talde parlamentarioko buruzagi Michalis Katrinis, atzo, parlamentuan. EPA / EFE.
ander perez zala
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Grezian hiru espioitza afera dituzte. Iragan otsailean eta apirilean, bi kazetarik Auzitegi Gorenera jo zuten beren telefonoen kontrako erasoak jasan zituztela salatzeko, eta, joan den hilabete amaieran, oposizioko Pasok-KINAL Mugimendu Sozialista Panheleniarra-Aldaketaren Aldeko Mugimendua aliantzako presidente Nikos Andrulakisek gauza bera leporatu zion EYP Inteligentzia Zerbitzu Nazionalari; are, Andrulakisek azaldu zuenez, haren sakelakoa hackeatzeko bi saiakera izan ziren. Uda lasaia espero zuen Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak, baina Pasok-KINAL aliantzako buruzagiak jakinarazitakoak kazetarien kasuek baino oihartzun handiagoa izan du asteotan; azkenean, presioa zela medio, atzo parlamentuak onartu egin zuen kasu horiek ikertzeko batzorde bat eratzea —Mitsotakisen ND Demokrazia Berria alderdiak gehiengo osoa du—.

Orain arte, lehen ministroak ez du ia ezer argitu espioitza kasu horien inguruan. Azkenekoz iragan ostiralean mintzatu zen parlamentuan afera horietaz, eta aitortu zuen «hutsegite bat» izan zirela; hori bai, adierazi zuen ez zekiela «ezer», nahiz eta EYPk hari eman behar dizkion bere ekintzei buruzko azalpenak.

Informazio zerbitzuek hilabeteon onartu dute oposizioko politikaria zelatatu zutela, eta, horren harira, EYPko buru Panagiotis Kontoleonek eta gobernuko idazkari nagusi Grigoris Dimitriadisek dimisioa eman zuten hilaren 5ean.

Azken horren protagonismoa handia da Andrulakisen kasuan, Reporters United kazetari sareak eta Inside Story ikerketa atariak argitara eman baitzuten Dimitriadisek harremana zuela «telefonozko entzuketen aferan zuzenean edo zeharka parte hartu duten pertsona fisikoekin eta juridikoekin».

Pasok-KINALeko presidenteak hizpidera ekarritako bi galdera erantzunik gabe daude oraindik ere: «Nork eskatu zuen eta zergatik eskatu zuen Greziako eurodiputatu eta hirugarren alderdiko buruzagitzarako hautagai baten telefonoa entzuteko, legeak eta konstituzioa urratuz [espioitza primarioen garaian egin zen, iazko abendu inguruan]? Lehen ministroa ez bada zuzeneko arduraduna, nork kontrolatzen ditu herrialdeko zerbitzu sekretuak?».

Espioitza hasi eta bost egunera, Andrulakisen telefonoan Predator spywarea instalatzen saiatu ziren, Citizen Lab Kanadako ikerketa zentroak azaldu zuenez; hori lortuz gero, erasotzaileak gailuko kamera eta mikrofonoa aktibatzeko aukera izango zukeen, baita zifraturiko mezuak irakurtzekoa ere.

Greziako Auzitegi Gorenean salaketa ezarri zuen kazetarietako batek ere leporatu zion EYPri haren sakelako telefonoan Predator instalatzen saiatu izana; Greziako Gobernuak, ordea, ukatu egin du software hori erosi izana.

ADAE Komunikazio Arloko Segurtasuna eta Pribatutasuna Zaintzeko Agintaritza Heleniarraren arabera, geroz eta handiagoa da Greziako informazio zerbitzuen zaintza aginduen kopurua: iaz, esaterako, 15.000 inguru izan ziren, 2018an baino %30 gehiago —Mitsotakis 2019ko uztailetik da lehen ministro—.

«Atzerriko indarrak»

Gobernuburuak aitortu duen arren informazio zerbitzuek legezko espioitza egin dutela, behin eta berriz errepikatu du EYPk ez duela harremanik bi kazetariek eta Pasok-KINALeko presidenteak salatu dituzten beste kasuekin. Are, Mitsotakisen arabera, «atzerriko indarrak» leudeke horien atzean, eta iradoki izan du Errusia dela erruduna.

Argudio horretatik tiraka, iragan ostiralean, Syrizako buruzagi eta lehen ministro ohi Alexis Tsiprasek egungo gobernuburuari eskatu zion argitzeko zeintzuk ziren Andrulakis espiatzeko arrazoiak: «Zeintzuk ziren segurtasun nazionaleko arrazoiak? Atzerriko agente bat da, espioi bat?».

Lehen ministroak ez zuen erantzunik eman, eta, Tsiprasek dimititzeko eskatu zion arren, Mitsotakisek azaldu zion agintean jarraituko duela egonkortasuna bermatze aldera —parlamenturako hauteskundeak beranduenez datorren udan egingo dituzte—; asmo hori argudiatzeko, gobernuburuak berriz ere aipatu zuen «atzerriko indarrei» aurre egiteko beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.