Aseguru poliza pribatuak, gora

Hegoaldeko datuak argiak dira; igaro hamarraldian ugaritu egin dira osasun arta jasotzeko poliza pribatuak, lurralde guztietan. Pandemiak eragindako arazoek ere eragina izan dute

Aseguru poliza pribatuak, gora.
arantxa iraola
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Eustatek urri amaieran eman zituen datuak; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2019tik %6,4 igo dira aseguru poliza pribatuak. Gorako joera, hala ere, agerikoa zen pandemiaren aurretik ere. Nafarroan ere handitzen ari da aseguru poliza pribaturen bat duten herritarren ehunekoa; hamar urtean bikoiztu egin da. Herrialdeka, hala ere, aldeak badira. Bizkaian, herritarren %30ek dute aseguru pribaturen bat; Araban, %17k; Gipuzkoan, %13k; Nafarroan, %10,7k.

Eustatek eman berri dituen datuak argigarriak dira ikusteko zer lortu nahi duen jendeak, bereziki, aseguru horien bidez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, iaz 1,6 milioi kontsulta egin ziren aseguru pribatuaren bitartez, eta %88,7 izan ziren arreta espezializatua ematen duten sendagileekin. Traumatologiakoak, obstetrizia-ginekologiakoak, oftalmologiakoak eta dermatologiakoak izan ziren gehienak, ordena horretan. Horietan, urtean 100.000 kontsulta baino gehiago izaten dituzte. Atzetik doaz familia medikuntza, otorrinolaringologia, pediatria, kardiologia eta urologia. Beste multzo handi batean bildu dituzte beste espezialitateetako kontsultak.

Eustaten datuak argigarriak dira poliza hori duten herritarren soslai bat izateko ere. %52 andreak dira. 45-64 eta 25-44 urte bitarteko adin taldeetan daude aseguratutako biztanleen %61. Polizen %52 aseguru kolektiboen bidez eginda daude; %40,7, aseguru indibidualen bidez.

Atzeratutako lanak

Artaz aztertzen ari dira aseguruon inguruko datuak Osalde osasun eskubidearen aldeko elkartean. Bertako ordezkari Juan Luis Uriak argi du gorako joera 2008ko krisialdiaren osteko urteetan hasi zela. «Izurriak eragina izan du? Bai. Baina gorako joera murrizketa aro hartatik dator». Jakina, izurriaren ondoriozko arazoei aurrea hartzeko agerian geratu diren zailtasunek ez dute batere lagundu egoera birbideratzen. «Ez dugu ondo ulertzen, adibidez, Osakidetzak urte eta erdian 50.000 ebakuntza eta 25.000 froga osagarri egin gabe utzi ostean, nola ez duen plan bat egin gero horiei erantzuteko», nabarmendu du Uriak. «Era berean, gaixo kronikoei jarraipenik egiten ez badiezu, bada, itxaron zerrendak igo egingo dira...».

«Zertan dute pribatuek demandarik handiena?», galdera ezinbestekoa egin du Uriak. Publikoan itxaron zerrenda luzeenak dituzten espezialitateetako artaren bila jotzen dute gehienetan pribatuetara. Berriki aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean itxaron zerrendei buruzko datuak, EH Bilduk eskatuta. Datu horien arabera, aurtengo abuztuan 23.831 paziente zeuden programatutako ebakuntzaren baten zain. Traumatologian eta oftalmologian ebakuntzak egiteko zain zeuden erdiak baino gehiago: %27 lehenean, eta %25 bigarrenean. Traumatologiako itxaron zerrenden arabera, pazienteen %42k hiru hilabete baino gehiago zeramatzaten zain; oftalmologian, %17k. Eta espezialitate ia guztietan dago jendea egun Osakidetzan sei hilabete baino gehiago egin behar dituena ebakuntza egin ahal izateko. Horrek guztiak eragin zuzena duela argi du Uriak: «Zer egiten du jendeak? Pribatura jo».

«Merkatu hobien» bila

Osakidetza «deskapitalizatzen» ari dela uste du Uriak, eta, hein berean, sektore pribatua «kapitalizatzen» ari dela. Izurriak eremu publikoan agerian utzi dituen «hutsuneen» ondorioz, gainera, hainbat «merkatu hobi» ageri-agerian geratu direnez, enpresaasko lehian ikusten ditu, pazienteak nondik erakarriko. «Aseguru etxeek benetako erasoaldi bat egin dute; horren atzean dagoen ideia da osasuna merkantzia bat dela, ez eskubide bat».

Arrisku horren gainean ohartarazita, aldarria: «Osakidetzak berriz adiskidetu behar du jendearekin, eta berriz antolatu behar da osasun zentroetako arta», azaldu du Uriak. Erabaki horiek hartzean lehen mailako artari taxuz erreparatzea ezinbestekoa dela uste du. 65 urtetik gorakoen populazioa asko handitzen ari da; aparteko zama dakar horrek arloan, eta hori findu egin behar da: oinarritik. «Izan ere, osasun publikoak hondatzen jarraitzen badu, horrek deskapitalizazioa esan nahi du, eta osasunaren merkatuan, hitzaren zentzu positiboan, lidergoa galtzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.