Mapa politikoaren lurrikarak

Lopez Obradorren garaipenak aukera ematen du bestelako jokaleku posible batzuk irudikatzeko, Latinoamerikako gobernu neoliberalak higatzen hasiak diren garai honetan.

Lopez Obradorren jarraitzaileak, Mexikoko hauteskundeetako garaipena ospatzen, hilaren 1ean, Mexiko Hiriko Zokaloan. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Latinoamerikako hauteskunde mapa erabat inarrosi zen duela zenbait egun, Andres Manuel Lopez Obrador buru duen alderdiak alde handiz irabazi baitzituen bozak kontinenteko erraldoietako batean, Mexikon; hala, hautagai sozialdemokrata bat aldeztu zuten, edo ezkerrekoa, nork begiratzen dion. 2017. urtearen amaieratik orain arte, hautagai kontserbadoreek irabazi dituzte presidentetzarako bozak Txilen, Hondurasen, Costa Rican, Paraguain eta Kolonbian. Oraindik ikusteko dago zer gertatuko den urrian Latinoamerikako beste erraldoian, Brasilen, eta beharbada Venezuelan. Izan ere, baliteke Brasilek, eremu osoan hainbesteko garrantzia izanik, beste lurrikara bat sortzea inguruko mapan.

2015eko abenduan abiatu zen gobernu progresista edo populista deituen gainbehera, Argentinan, eta nabarmen neoliberalak diren zenbait gobernu hasi ziren gailentzen. Gero, Dilma Rousseff kargutik kendu zuten Brasilen, telebistako ikuskizuna tartean, eta Ekuadorren, berriz, hautagai ofizialista, bozen irabazlea, aldendu egin zen Rafael Correarengandik, beste muturreko jarrera hartzeraino. Brasilen, Luiz Inacio da Silva Lula da buru boto asmoari dagokionez, baina presidente ohia preso dago joan den apiriletik, eta hauteskunde auzitegiak erabakiko du abuztuan ea hautagaitza aurkez dezakeen ala ez. Gainera, PT Langileen Alderdiko burua gailendu egingo litzateke bigarren itzuliko jokaleku posible guztietan; aldiz, aurkeztea debekatuko baliote, PTren gainerako hautagaiek apenas erdietsiko luketen botoen %1.

Era berean, Mauricio Macrik Argentinan bi urtez baino gehiagoz gobernatu ostean, eta Michel Temerrek, berriz, ia bi urtez Brasilen, gobernu biak nabarmen higatzen hasiak dira. Argentinaren kasuan, krisi ekonomikoa gero eta ageriagoa da, eta zenbait neurri deseroso hartu dituzte horren ondorioz: esate baterako, Nazioarteko Diru Funtsari kreditua eskatzea, jendea masiboki kaleratzea, tarifak neurrigabe igotzea... Brasilen, bestalde, joan den ekainean, 24 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Eduardo Cunha diputatuen ganberako presidente ohiari, zeina Rousseff kargugabetzeko bultzatzaile nagusitzat jotzen duten; Kutxa Ekonomiko Federalean zenbait irregulartasun eta desbideratze egin izana egozten diote.

Bolivia, zutik

Gaur egun, Bolivia da gobernu progresista bakarra oraindik zutik dirauena, eta ekonomian hamar urte baino gehiago daramana urtean %5 hazten batez beste: hazkunde horrekin, AEBen gainetik dago, bai eta Hego Amerikako beste herrialde ororen gainetik ere.

Giro horretan, Mexikon Lopez Obradorrek irabazi izanak bide berriak zabaldu dizkio herrialdeari. Behin baino gehiagotan huts egin ostean, Lopez Obradorrek leundu egin zuen programa, eta lortu zuen populismoaren mamua uxatzea; boterera iritsi den honetan, Mexikori gaina hartua diote segurtasunari eta narkotrafikoari buruzko arazoek, eta Donald Trumpen gerrazaletasuna etengabeko mehatxua da.

Ariel Goldstein Latinoamerikako eta Karibeko Ikasketen Institutuko kidearen iritziz, horrek guztiak badu beste azalpen bat: izan ere, azken urteotan sorturiko lider ezkertiarrek zintzotasuna eta aldaketarako promesak dituzte balio komuntzat, eta horrek desberdintzen ditu gainerako politikariengandik. AEBetan Bernard Sandersek eta Ingalaterran Jeremy Corbynek bereizgarri bilakatu zituzten soiltasuna eta zintzotasuna, betiko klase politikoaren gastu izugarrien aldean.

Bereziki nabarmentzekoak dira herrialdeen integraziorako blokeak eraikitzeko saiakerak. Inflexio puntu bat egon zen 2005ean, FTAA Ameriketako Merkataritza Librerako Esparruak porrot egin zuenean; hain zuzen, akordio horren helburua zera zen: liberalizatzea hemisferioko herrialdeen arteko merkataritza fluxuak kontuan izan gabe herrialdeen garapen maila eta elkarren arteko desberdintasunak. FTAAri emandako ezetza Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasuna sortzeko ataria izan zen.

Nolanahi ere, erabateko integrazioaren ametsak zartakoa hartu zuen 2011n; urte hartan, Txilek, Mexikok, Peruk eta Kolonbiak, beti AEBen interesekin bat, Pazifikoko Aliantza sortu zuten, argi eta garbi neoliberala dena.

Bestalde, Unasur ordezkatzeko, Macrik Limako Taldea bultzatu zuen 2017ko abuztuan; gutxi gorabehera, eskuin erregionaleko lagunen klub bat da, AEBen eta Europaren interesen araberakoa. Mexiko talde horretan dago, Venezuelako maiatzeko hauteskundeak aintzat hartu ez dituzten beste hamalau herrialderekin batera; guztiek uste dute Venezuelan ez direla betetzen gutxieneko berme demokratikoak. Alde horretatik, honako hau adierazi zuen Marcelo Ebrardek, gobernu berriaren kantzilerra izango denak: «Mexikoren kanpo politikak errespetatu egingo du ez esku hartzeko jarrera».

Atzerakada Unasurren

Unasurrek kolpe latza hartu zuen iazko apirilean, Hego Amerikako sei presidentek —Argentinakoak, Brasilgoak, Txilekoak, Kolonbiakoak, Paraguaikoak eta Perukoak— erabaki baitzuten blokea «aldi baterako» uztea. Askok uste dute pauso hori dela herrialdeen integraziorako prozesuak azken hogei urteetan izan duen atzerakadarik larriena.

Oraingoz, hau baino ez dakigu: Lopez Obradorren garaipenak aukera ematen du bestelako jokaleku posible batzuk irudikatzeko. Ikusteko dago alderdiaren politiken eta programen modernizatze horrek ez ote duen alderdia bera hauspotuko, populismoaren mamuak uxatzearen eta bozak irabaztearen poderioz.

Askok aitortzen dute kapitalismoa bera izan zela aurrerakoi deituriko gobernu horien sabai politikoa. Hau da, eskema global neoliberaletan ezkerreko politiketan hasiz gero, edo estatuak indarrez esku hartuz gero aberastasuna banatzeko, gobernu progresistei berehala mugatzen diete maniobratzeko gaitasuna sistema kapitalistaren lema daramatenek, merkatuaren jabeek eta multinazionalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.