150.000etik behera jaitsi da langabe erregistratuen kopurua

2009ko urtarrileko mailara itzuli da langabezia Hego Euskal Herrian. Aste Santuaren eraginez, ia 5.600 langile gehiago zeuden apirilean. Kontratu mugagabeak gutxitu egin dira

Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Langabeziaren jaitsierak mugarri bat gainditu du. Apirilean, 150.000 langabe baino gutxiago egon dira izena emanda Lanbiden eta Nafar Lansaren. 2009ko urtarrilean izan zen azken aldiz maila horretan; hau da, 123 hilabetez izan da gainetik.

«Azken hamarkadako daturik onena da», nabarmendu du Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak. «Positiboa», Nafarroako Gobernuarentzat, nahiz eta onartu egin duen jaitsieran eragina dutela sasoikako arrazoiek; Aste Santuko kontratazioak, kasu honetan. Sindikatuek, aho batez, nabarmendu dute langabezia behin-behineko lanpostuen bidez ari dela jaisten, emakumeei askoz gehiago eragiten diela, eta langabeen erdiek baino gehiagok ez dutela langabezia saririk.

LANGABEZIA
Ohiturari jarraituz, behera

SEPEk 148.225 langabe zenbatu ditu Hego Euskal Herrian, martxoan baino 3.420 gutxiago. Jaitsiera azken urteetako apirilaren mailan dago (-3.651 iaz, -3.127 2017an, -2.615 2016an ...), hilabete ona izan ohi delako enpleguarentzat. Berez, 1996tik hona behin bakarrik handitu da langabezia apirilean, 2011n, eta oso gutxi gainera (+89).

Apirileko datuaren beste alde positiboa da urte arteko txikitze tasa egonkortu dela. 2018 amaieran hamar mila langaberen aldea zegoen urte batetik bestera, baina aurtengo apirilean iazkoan baino 11.198 langabe gutxiago daude enplegu bulegoetan. Beste hitz batzuetan, hilabete batetik bestera dauden gorabeherak alde batera utzita, langabeziaren jaitsiera bizkortu egin dela.

Lurralde guztietan jaitsi da langabezia, baina Nafarroan (-1.112) eta Bizkaian (-1.006) beste inon baino gehiago. Edonola ere, Gipuzkoak du langabezia tasarik txikiena (%9), batez bestekoa baino bi puntu gutxiago (%11,02). Nafarroan, biztanle aktiboen %10,54 daude lanik gabe, Araban %11,84 dira, eta Bizkaian, berriz, %12,31.

Sektoreei dagokienez, Aste Santuaren eragina begi-bistakoa da. Zerbitzuetan jaitsi da gehien langabezia (-2.618), kontratazio asko ostalaritzarekin eta turismoarekin lotuta daudelako. Eraikuntzak ez du hilabete ona izan (+12), eta industriak azken urteetako beheranzko joera egonkorrari eusten dio (-498).

Apirileko langabeziaren jaitsiera zerbitzuen eskutik iritsi denez, eta horietan emakumeek pisu handia dutenez, sexu horretakoak dira langabezia utzi duten hiru lagunetik bi (-2.204). Hori bai, hilabete bakar batek ez du asko egin sexuen arteko desoreka handia txikitzeko: langabeen %57,5 dira emakumeak (iazko kopuru berdina), eta haien artean %13,15 daude lanik gabe; gizonen artean, berriz, %9 daude beharrik gabe.«Eta lana duten emakumeen artean, lanaldi partzialak askoz presentzia handiagoa du gizonen artean baino, horrek dakartzan ondorio guztiekin», LABek nabar- mendu duenez.

Langabeen adinari erreparatu dio sindikatu abertzaleak. Ohartarazi duenez, lanik ez dutenen erdiak 45 urtetik gorakoak dira. «Kolektibo bereziki zaurgarria da, eta enplegua aurkitzeko itzelezko zailtasuna du».

AFILIAZIOA
Kopururik handiena 2008ko azaroaz geroztik

Langabezia jaitsiera enpleguaren sorrerari zor zaio. Apirilean, batez beste, 1.249.408 ari ziren Gizarte Segurantzan afiliatuta; hots, lege barruan lanean. Martxoan baino 5.589 gehiago, eta iazko apirilean baino 26.609 gehiago. Kopururik handiena da 2008ko azaroaz geroztik, eta eskura jarri du maiatzean 1,25 milioi afiliatuen langa gainditzea.

Afiliazioak 2008ko ekainean jo zuen goia (1.268.928), eta, oraingo erritmoan jarraituz gero, urte amaieran gainditu dezake kopuru hori. Krisiaren une txarrenean, 2014ko urtarrilean, orain baino 140.000 landun gutxiago zeuden.

Erregimen arruntekoak dira afiliatu berri gehienak, ez baita alde esanguratsurik autonomoen, etxeko langileen eta itsasoko langileen artean.

KONTRATUAK
Aldi baterakoak, gora

Baina handi bat dute langabeziaren eta afiliazioen datuek: batez ere aldi baterako enplegua dutela atzetik. Apirila ez da ona izan, iraupen laburreko kontratuen batez bestekoa ia puntu bathanditu delako martxotik hona; %92,54 dira mota horretakoak. Gainera, sindikatuek salatu dutenez, kontratuen erdia hilabetetik beherako iraupena dute. Kontratu mugabeen kopurua ez da %7,5era iritsi, iaz hilabete askotan %9ren inguruan ibili ondoren.«Langileei hainbesteko ezengorkotasuna ekarri dioten» 2012ko eta 2013ko lan erreformak bertan behera uzteko eskatu du Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko politika sindikaleko idazkariak.

LANGABEZIA SARIAK
Laurden batek soilik du sari arrunta

Behin-behineko kontratazioaren helburu kaltegarrietako bat da langileek ez dutela nahikoa kotizatzen langabezia saria jaso ahal izateko. Langabeen %58,1ek ez dute langabeziari lotutako laguntza jasotzeko eskubiderik, eta %25,1ek soilik eskuratzen dute langabezia sari arrunta.

Nafarroako Gobernua bera kezkatuta azaldu da langabezia sarien estaldura eskasiarekin. «Berretsi egiten digu zein garrantzitsua den tresna propioak edukitzea, errenta bermatua esaterako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.